30 gune kritiko uholdeen aurrean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 6a

Forondako aireportua arrisku oso larrian dago uholdeen aurrean. Argazkia: J.GALLEGO

"Instalazio kritikoak" zerrendatu ditu Observatorio de Sostenibilidad taldeak. Uholde larrien aurrean arriskuan egongo liratekeen oinarrizko azpiegiturak dira. Lau zahar etxe eta bi ikastetxe daude Araban baita Foronda bezalako oinarrizko azpiegiturak ere.

Observatorio de Sostenibilidad  (Jasangarritasunaren Behatokia) Espainiako ikerketa institutu independenteak uholde arriskuan dauden bostehun "instalazio kritiko" inguru identifikatu ditu Hego Euskal Herrian. Populazio ahulena biltzen dituzten instalazioak daude alde batetik, baita oinarrizko zerbitzuak jasotzen dituzten azpiegiturak ere, eta uholde batean arriskutsuak izan daitezkeenak. 

Uholde arriskuan garrantzi bereziko gune horietatik hogeita hamar inguru daude Araban, gehienak Gasteizen eta Laudion. Azpiegitura aipagarrienen artean daude Forondako aireportua, arrisku "oso larriarekin", eta Laudioko, Aguraingo eta Krispiñako hondakin uren araztegiak, saneamendurako funtsezko azpiegiturak direlako.

Jasangarritasunaren behatokiaren adituek argitu dute aurreikusitako uholde larrienei buruz hitz egiten ari direla, 500 urtean behin gerta daitezkeenei buruz, eta adibide gisa jarri dute iaz Valentziako hondamendia eragin zuen Dana bezalako muturreko egoera. Horretan kaltetuak izango ziren funtsezko azpiegiturak dira jasotakoak.

Eskolak, erresidentziak

Aireportuak, araztegiak, eskolak, ospitaleak, industria kimikoak, instalazio erradioaktiboak eta adinekoen egoitzak hartzen ditu barne azterketak, eta hiru kalte maila ezartzen ditu: arina, larria eta oso larria. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan baino "azpiegitura kritiko"  gutxiago aurkitu dituzte Araban, baina horietako batzuek garrantzi estrategikoa dute, Forondako aireportuak kasu.

Arriskua, batez ere, Zadorra eta Ebro ibaiertzetan kontzentratzen da, Gasteizko eta Erriberabeitiko industrialdeetan, eta Aiaraldean, Nerbioiko industria ardatzean. Uholde arrisku kritikoan hainbat industria identifikatu dituzte, hala nola Industrias Galycas, Lascaray edo Laminaciones Arregui Gasteizen, eta Guardian Llodio eta JEZ Sistemas ferroviarios Laudion.

Halaber, instalazio erradioaktiboak eta arrisku kimikoko instalazioak jaso dituzte. Erradioaktibitatearen edo hondakin toxiko eta arriskutsuen ondorioz kutsatzeko arrisku handia dutenak, besteak beste, CLH eta Celsa Atlantic dira. Horiek kontingentzia plan espezifikoak beharko lituzkete.

Uholde kasuan ere oso garrantzitsuak dira ur hornidura bermatzen dituzten azpiegiturak eta araztegiak babestea, eta gaur egun arrisku oso larrian leudeke Aguraingo, Gasteizko, Iruña Okako eta Erriberabeitiko instalazioak.

Biztanleria kaltebera duten instalazioen artean zaharren egoitzak eta ikastetxeak ere puntu kritiko bezala identifikatu ditu behatokiak. Astegietako Panticosa eta Arkautiko Zelaizabal erresidentziak, Zuiako Purisima Concepcion eta Gorbeia zahar etxeak, eta Laudioko Garaitia etxebizitza komunitarioa arriskuan daude. Ikastetxeen artean, berriz, Laudioko Institutua eta Martxintxu haurreskola.

Behatokiaren txostenak estatuaren segurtasunarekin lotutako azpiegiturak ere jaso ditu kritiko bezala: suhiltzaileen, polizien eta udalen instalazioak, hain zuzen. "Segurtasun kidegoak arrisku horren aurrean blindatu behar dira, uholdeei lehenbailehen erantzuten zaiela bermatzeko". Arrisku oso larrian leudeke Aiarako eta Forondako aireportuko suhiltzaileen parkeak eta Laudioko Ertzaintzaren komisaria zein Guardia Zibilaren kuartela.

Planifikazioaren beharra

Adituen arabera, aldaketa klimatikoaren gaurko testuinguruan uholde handien eta muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean planifikaziorik gabe jokatzea da arriskurik handiena. "Klima aldaketara egokitzeko lehenengo ekintzetako bat populazio ahulenak eta azpiegitura kritikoak babestea izan behar da", esan dute.

Gainera, gomendio batzuk eman ditu behatokiak: alerta goiztiarreko sistemak ezartzea protokolo argi eta zorrotzekin, eraikinak uholde arriskuarekiko esposizioaren arabera kalifikatuko dituen etiketa bat sortzea, azpiegitura eta eremu urbanizatu kritikoak eremu altuagoetara atzeratzea edo urruntzea, eta arrisku eremuetan eraikitzea saihesteko eraikin berriak geldiaraztea eta dagoeneko onartuta dauden hirigintza planak berrikustea gomendatu dute.

Era berean, azpiegitura jasangarriak sortzea proposatu dute egungoak ordezkatuz eta egokituz, bereziki hornidura instalazioak, araztegiak, telekomunikazioen estolderia, komunikazio bideak, azpiestazioak, energia sareak eta ospitaleak.

Halaber, gizarteko sektore ahulenak bizi diren eta zonalde arriskutsuetan dauden herriak, kaleak eta auzoak babesteko neurriak ere premiaz ezartzeko eskatu dute behatokiaren arduradunek. Gainera, administrazio publikoek uholde arriskua prebenitzeko bete beharreko planak onartzea ere eskatu dute, parte hartze publikoarekin, eta kontuak emateko betebeharra.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago