Iritzia

Ahatetxo itsusia Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2025eko azaroaren 2a

Argazkia: IBAIZABAL

"Hiru paragrafo eskaini zizkion Arabako hiriburuari; Zumalakarregi, eguzki eklipsea, trena..."

Hans Christian Andersenek 1862ko udazkenean idatzitako Viaje por España irakurri berri dut, Marisa Rey-Henningsen-en itzulpenean. Espainia ametsaren herrialdea zen daniarraren irudiko: kolore biziko paisaia, jende sutsua, artearen eta eguzkiaren aberria. Bidaia egin ondoren, baina, goitik behera aldatu zuen iritzia… Batzuek diote Anderseni oso mingarri suertatu zitzaiola bidaian jasotako harrera hotza. Izan ere, ordurako idazle ospetsua zen Europan, eta bidaian, berriz, ia inork ez zuen ezagutu.

Liburuaren azken kapituluak Pasando los Pirineos hasta Biarritz izena du. Horren hasieran, Díaz Ayusoren desioen kontrara, hala diosku Andersenek: "Habíamos llegado al paÌs de los vascos. El tren paró en Vitoria". Hiru paragrafo eskaini zizkion Arabako hiriburuari. Zumalakarregik bertan egindako "balentriak" oroitarazi zituen; 1860ko eguzki eklipsea ikusteko bildu ziren astronomoak aipatu zituen; eta emakume zaharrek, trenera igotzean, aitaren egiten zutela jaso zuen. Hori dena, bide batez, haizea zakar eta elurra mardul ari zuen abenduko egun batean.

Andersen zapatari baten eta garbitzaile baten semea zen, eta haurtzaro gogorra izan zuen: umiliazio asko (bere itxuragatik), aitaren heriotza eta amaren alkoholismoa. Hamalau urterekin Kopenhagera joan zen aktore eta abeslari bihurtzeko ametsarekin, baina ate guztiak itxita aurkitu zituen. Ahatetxo itsusiaren ipuinean bezalatsu, ingurukoek mespretxatu eta baztertu zuten hainbat urtez. Geroago, literaturaren bidez, haren ahotsa lau haizetara zabaltzea lortu zuen.

Egun oso ezagunak diren hainbat ipuin idatzi zituen: Enperadorearen jantzi berria, Berunezko soldadutxoa, Elurretako erregina, Sirenatxoa edota Ahatetxo itsusia, kasurako –Disneyk horietako batzuekin zer egin duen beste egun baterako–. Daniarraren lana aztertu dutenen arabera, Andersen bera zegoen istorio horien atzean, bere biografia gorabeheratsu eta, maiz, saminarekin. Nonbait, bizitza errealean ere, zisnerik ederrenek badakite ahatetxo itsusien berri.

Edu Zelaieta Anta.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago