Gaurdaino iritsi dira kanpaien kode bitxiak

Juanma Gallego 2025eko urriaren 26a

Dei kopuruaren arabera, nolabaiteko mailakatze sozial bat egiten zen. Argazkia: JUANMA GALLEGO

Mendeetan zehar izan dituzten funtzio gehienak galdu dituzten arren, kanpaien soinuaren atzean zeuden kodeak gorde dituzte horren bueltako zaletasuna mantendu duten lagunak. Amurrion bereziki txertatuta dago kanpaien gaineko ezagutza, eta herrian oraindik entzuten dira soinu berezi horiek.

Hondamendi baten aurrean ahalik eta jende gehienarengana abisua garaiz irits dadin, telefono mugikorretara mezuak bidaltzeko hainbat proba egiten ari dira azken urteotan, eta argi dago bizitzak salbatuko dituen ezein neurri ongietorria izango dela. Halere, denbora luzez funtzio hori kanpaiek bete izan dute. Besteak beste, suhiltzaile zerbitzua gaur egungoaren parekoa ez zen garai batean, suteak gertatzen zirenean jotzen ziren ezkilak.

Baina horren ezagunak ez diren antzeko funtzioak bete izan dituzte. "Herrian eta inguruan laino asko zegoenean ere erabiltzen zen ordara deia. Oso azkar jotzen zen, hogei bat aldiz. Egoera horretan, laino hertsia zegoenean, landan edo mendian galtzen zirenek kanpainen soinua iristen zen norabidera jo behar zuten herrira bueltatu ahal izateko", azaldu du Jose Luis Albizua kanpai joleak.

Sute batez ohartarazten zuen deia oso deigarria zela dio; bi kanpairekin jotzen zen. "Aurrena, oso dei azkarra eta errepikakorra egiten zen, eta gero beste bat egiten zen". Amurrioko Kanpai Joleen Elkarteko kideak herritik gertu daukaten kasu arras adierazgarria aipatu du. Urduñako herritarrek kale nagusiak zenbakien arabera banatuta zituzten, eta sutearen deiaren ondoren egiten zen bigarren deiaren arabera, auzokideek bazekiten zein kaletara jo behar zuten laguntza ematera.

Ez da kanpaien inguruan dagoen kode bakarra. Izan ere, egoera eta toki bakoitzaren arabera deiak zertxobait ezberdindu daitezkeen arren, hil kanpaien inguruan ere bazegoen gaur egun gutxik interpretatu ahalko luketen erreferentzia bat. Hildako pertsonaren arabera, ezberdina baitzen dei nagusiaren ondoren egiten zen bigarren deia. Dei kopuruaren arabera, nolabaiteko mailakatze sozial bat egiten zuten. Ixonako kanpai jole Boni Jausorok azaldu duenez, hildakoa emakumezkoa baldin bazen, bi jotze egiten ziren. Gizonezkoek hiru izaten zituzten. Apaizek, lau. Hierarkia horretan gora, aita santu baten heriotza zen dei gehien izaten zituena. Hala, Lautadan Eliza katolikoaren mandatari nagusien heriotzaren kasuan zortzi dei egiten ziren.

Bost aita santu

Ez da iraganeko kontua: bi kanpai joleek aita santuak ehortzi dituzte. Albizuak hiru aita santuren omenezko hil kanpaiak jo ditu Amurrion, eta Jausorok bost aita santuri eman die azken agurra Ixonatik. Jausorori aitak irakatsi zion kanpaiak jotzen, Andoiun. "Baina ezin zen dorrera igo, eremu sakratua zelako, eta horregatik etxeko sukaldean irakatsi zidan dangada bizia ematen", gogora ekarri du. Oroimen horrekin batera, ezkilei lotutako beste bat azaldu zaio burura: haurtzaroko bihurrikeria horietan, kanpaietara harriak botatzen zituenekoa, horiek jo ahal izateko. "Ez zegoen telefonorik, eta kanpaia zen dena markatzen zuena".

Albizuari zaletasuna Durangoko Jesuitetan ikasi zuenetik datorkio; zehazki, Pedro Arrupe Aita Jesusen Lagundiko nagusi izendatu zutenean ordu erdiz kanpainak jotzen aritu zirela ekarri du gogora.

Elizari oso lotuta dagoen gaia izanik ere, erlijiotik harago doan kontua da, lehen itxura batean bereziki mezetara deitzeko balio duten elementu horiek funtzio zibila dutelako ere. Horren arabera sailkatu ohi dituzte adituek, hain justu, kanpai deiak: erlijiosoak eta zibilak. Suteen inguruko dei horiez gain, Batzar Administratiboak osatzeko hauteskundeak etortzear diren honetan, kontzejurako deia da izaera zibilari dagokionez Albizuak aipatzen duen lehen deia.

"Administrazio Batzarreko presidenteak auzokideak bildu nahi zituenean, dei berezia egiten zuen", aipatu du adituak. "Bi kanpairekin jotzen zen, bakoitza hiru aldiz joz, eta hori errepikatzen zuten hainbat aldiz. Behin auzokideek erabakitzen zutenean herrian zer nolako lanak egin behar zituzten, auzolanerako deia egiten zuten. Hori entzutean, herriko jendea behartuta zegoen etxebizitza bakoitzetik lagun bat bidaltzera, erabakitako zeregin horretan lan egitera: ibai bat edo areka bat garbitzea, kasurako".

Tentenubloa

Beste deialdi berezi bat zen artzain komuna zuten herri txikietan egiten zena. Lagun hori arduratzen zen ardiak edo beste abereak larreetara eraman eta ekartzeaz, eta sakelako telefonoek poltsikoan dardarka notifikazioa bidaltzen ez zuten garai horretan, bizilagunek bazekiten zer unetan eraman behar zituzten abereak herriko plazara. Kasu horretan, ezkila bakarrarekin hamabost aldiz jotzen zen.

Baina, zalantza barik, XXI. mendeko kalekumeen artean arreta gehien pizten duen dei ezagun eta bitxienetakoa tentenubloarena da. Arao baten gisan dei berezi horrekin batera abesten zen kanta dago izenaren atzean. Tente nublo, tente tú, que Dios puede más que tú… Dei eta hitz magiko horien helburua ekaitzak eta txingorrak uxatzea zen, eta badira zenbait eliza beren-beregi balkoi bereziak dituztenak horrelakoak botatzeko.

Suteen berri eman, abereak atera edota heriotzen berri emateko erabili izan dira ezkilak.

Gaur egungo mendebaldeko gizarte gehienetan erlijioa eta arlo zibila dezente bereizten diren arren, jakina da hau ez dela hala izan ia-ia bi milurtekoan, eta, hortaz, kanpaiek ere erabilera bikoitza izan dute. Hala, zenbait hiritan harresiak ireki eta ixten ziren orduetan otoitzerako deiak egiten ziren, eta horiek ere, noski, ezkil bidez egiten ziren. "Otoitzerako lehen deiarekin batera hiriko harresiak irekitzen ziren", zehaztu du Albizuak. Beste horrenbeste egiten zen gauean harresiak ixterakoan. Baina egunean zehar bazegoen otoitzari lotutako hirugarren deialdi bat, eta hori eguerdian egiten zen. Artelan askotan irudikatu izan den une horretan —gurean, Arabako Arte Ederren Museoan ikusgai den Ignacio Diaz Olanoren Angelusa errezatzen soroan da adibide bikaina—, nekazariek eta, oro har, fededun guztiek angelusa otoitz egiten zuten, txapela edo txanoa kenduz, hori erabiltzen zutenen kasuan.

Zaletasun bizia

Bete-betean erlijioari lotutako deien artean, eta hasieran aipatu ditugun hil kanpai horiez gain, hiltzear ziren lagunei ematen zieten oliadurari lotutako deia ere bazegoen. "Norbait oso larri zegoenean, apaiza etxean azaltzen zen, azken jaunartzea emateko", azaldu du aditu amurrioarrak. "Agonia deia jotzen zen orduan: oso dei lasaia zen. Pentsa zer alaitasun gutxi izan ahal zenuen ohean egonda eta hori entzutean, jakin bazenekielako laster hilko zinela!", dio, umoreari eutsita. Horrez gain, bazegoen ere konfesioaren inguruko dei berezi bat. Apaizik ez zuten herrien kasuan jotzen zen hau, apaiza konfesioak egitera azaltzen zenean, edota gotzaina bisitan etortzen zenean.

Ohiko ezkilez gain, Amurrioko elizan 25 kanpaiez osatutako karilloi bat daukate, horren bidez musika egin ahal izateko. Argazkia: JUANMA GALLEGO

Amurrion egunero angelusa jotzen da oraindik, baita hil kanpaia ere. Baina herri hori nahiko berezia dela aintzat hartu behar da, EAE mailan eratu zen kanpai joleen lehen elkarte ofiziala bertan jaio baitzen. Oraindik urtean behin, irailean, kanpaien inguruko topaketak egiten dituzte.

Bestetik, harro daude herrian daukaten karilloiarekin. Afinatutako 25 ezkilez osatuta dago musika instrumentu berezia. "Euskadiko handiena da, eta seigarrena Espainia mailan", dio Albizuak. Berez, edozein musika egiteko nahikoa da bi zortzidun izatearekin, eta hala egiten dute, adibidez, Bilboko Begoñako elizan. "Baina guk Bilbokoak baino gehiago nahi izan genuen, eta horregatik, gure karilloia egitean, hogeita bosgarren kanpai hori gehitu genuen", aldarrikatu du, irribarrez.

Herrian harro egon arren, arazoak izan dituzte auzokide bakar batekin, soinuaren bolumena dela eta. "Gure erlojuaren kanpaia 1614koa da, eta Gerra Zibilean ere ez zen gelditu. Bada, etxebizitzaz aldatu zenean, herriko emakume batek esan zuen zaratak molestatzen ziola", azaldu du. Dioenez, udalean hamar bat kexa jarri ditu, baita Arartekoan ere. Harekin hitz egin zuten, eta gaueko programazioa aldatu zuten, baina, karilloiari dagokionez, ezetz esan zioten. "Eguerdian eta arratsaldeko zazpietan jotzen du, ez da horrenbesterako", babestu du Albizuak. Foru teknikariek soinuaren bolumena neurtu dute, eta, kanpai jolearen arabera, legeak ezarritakoaren barruan omen dago. "Baina andre hau kexu mintzo izan da ere etxe atariko txirrinaren bolumenagatik, baita gozodenda baten aurrean zegoen umeentzako zalditxo mugikor horietako batengatik ere; hortaz, zeharo berezia da".

Gaur egun askoz gutxiago erabiltzen diren arren, ezagutzaren transmisioa bermatuta ikusten du adituak. "Elkartean berrogei bat izango gara, eta gazteak ere badaude. Horiek dira gure etorkizuna", aurreratu du. "Gainera, elkarte andana sortu da azken urteetan, eta posible izango da ezagutza mantendu ahal izatea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago