Naziek martxan jarri zituzten kontzentrazio esparruak askatu eta 80 urtera, Gogora institutuak Deportazioaren Memoria 1945-2025 izeneko erakusketa inauguratu du Gasteizko Amarika aretoan. Europa eta mundu osoa astindu zuen erregimen baten gaineko testuingurua emateaz gain, zehazki euskal biktimetan jarri dute fokua. Kontzentrazio esparruetara bidalitako 253 euskal hiritarren memoria berreskuratu asmo duen erakusketa azaroaren 23ra arte bisitatu ahalko da.
Familiarrekin eta biktimen alde lan egiten duten elkarteekin kolaborazioan osatu dute erakusketa. Testu, objektu eta argitalpen historikoen bitartez egiten da garai latz horren kontakizuna. Bitarteko horien bitartez, euskal deportazioaren drama "modu zorrotz eta bisualean" birsortu nahi du erakusketak.
Zorra kitatzeko
Gogora institutuaren arabera, "euskal gizarteak deportatutako pertsonekin eta haien familiekin duen zorra kitatu" nahi du Amarikan ikusi daitekeen erakusketak.
Erabilitako zifra Gogorak 2020an egindako ikerketa batean oinarritu dute. Horren arabera, esparru horietan sartutako 253 hiritarretatik 113 bertan hil ziren, eta beste 125 bizirik atera ziren. Gainerako 15 lagunen gaineko informaziorik ez dago. Bereziki Mauthausen izan zen heriotza gehien ekarri zuen esparrua, bertan egon zirelako hil zituzten euskal herritarren %65.
Antolatzaileek esan dutenez, aurreko urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bigarren Errepublikak ordezkatzen zuten demokrazia defendatu zutelako pairatu zuten "deportazioaren izugarrikeria". Gauzak hala izanik ere, "haien bizi esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat".