Maparen izkina batean egonda, arreta gutxi piztu ohi du Lapuebla de Labarcak eskualdea bisitatzen dutenen artean, seguruenera turismoaren alorrean benetako harribitxiak diren Eltziego eta Guardia parez pare dituelako. Baina bere kaleek eta, bereziki, bere Andre Mariaren Jasokundearen elizak, edertasun eta istorio asko gordetzen dituzte. "Funtsean, eliza hau Eltziegoko eliza ospetsuaren ahizpa txikia da", esan die Erdi Aroko Araba elkarteko Ander Gondrak joan den larunbatean Arabako Errioxako Kuadrillak antolatutako bisitaldira bertaratutakoei.
Ahaidetasun horren abiapuntua da, logikoa denez, arkitekto edo —garai horretako hizkeran— maisuak berak diseinatu zituela bi elizak: Juan de Asteasuk zuzen zuen elizaren eraikuntza XVI. mendeko 30eko hamarkadan. Izen bereko bere seme batek horren jarraipena egin zuen, eta hirugarren esku bat egon zen ere: Martin de Lizola. Baina, gauzak hala izanik ere, Gondrak nabarmendu du eraikinak "koherentzia" handia duela, eta hori zor zaio zio garrantzitsu bati: De Asteasuk traza bat aurkeztu zuen eliza eraikitzeko —orain, obra plangintza baten planoak direla esango genuke—, eta hasierako planteamendu hori jarraitu zuten ondorengoek.
Ekaitzen kontrako araoak
Kanpotik arreta ematen duen ezaugarritako bat elizak duen balkoi korritua da. Landa inguru batean funtzio garrantzitsu bat betetzen zuen: araoak botatzeko tokia zen. "Harria ekar lezakeen ekaitz bat etortzen zela konturatzean, elizaren kide batek liburuxka bat eskuetan exorzismo baten antzekoa egiten zuen, ekaitza atzera bota nahian. Tentenubloaren kanpaia deiarekin batera egiten omen zen. Baina denborarekin praktika hori alboratuz joan zen Elizan, ia-ia magikotzat jotzen baitzen". Portada ederra du elizak, eta bertan ikusten da garai hori gotikoaren eta errenazimenduaren arteko trantsizioan zegoela.
Kanpotik ederra izan arren, barruan dago arte deigarriena, duela urte gutxi zaharberritu duten erretaula garrantzitsuarekin. "Hau jada Errenazimentu betean egin zuten, eta Barrokoaren zenbait ezaugarri ditu", azaldu du adituak. Gehiena Juan de Bascardo eta Diego Jimenez eskultoreen lana da, 1650 urtearen bueltan.
Istorio apokrifoak
Halako bisitetan ohi den bezala, erretaularen irakurketa osoa egin du Gondrak. Azalpenei esker, fedean edo artean ezjakitun direnentzat irudien anabasa batek kontakizun borobil baten itxura hartzen du. Pasarte batzuek "oso erritmo garatua" dutela dio Gondrak. Jesusen atxilotzea, lau ebanjelariak, azken afaria, kalbarioan zehar izandako erorketa, berpiztutako Kristoa… kristautasunaren ohiko pasarteak erliebe eta eskulturetan jasota geratu dira. Baina, horrez gain, badira horren ohikoak ez diren kontakizunak. Izan ere, erretaulan badira ebanjelio apokrifoetatik ateratako zenbait pasarte, bereziki Ama Birjinaren haurtzaroaren gainekoak. Horietako bat da Haurtzaroaren Ebanjelio Armeniarrean jasota dagoena. Tenpluan zegoela, helduarora iritsita, apaizek erabaki zuten Maria ezkondu beharra zegoela. Senarrik egokiena erabakitzeko, hainbat almendrondo ziri landatu zituzten, eta... pentsa zein loratu zen. San Joserena, noski, Jaungoikoak hala erabakita.

Elizan zizelkatuta omen dagoen beste pertsonaia bitxi bat San Bernardino Sienakoa da, eta horren bueltan badago kondaira bat. "San Bernardino dela esaten da badagoelako kondaira bat dioena inguruan ibili zela, historikoki konprobatuta ez dagoen arren", azaldu die Gondrak bisitariei. Europatik ibili zen Bernardino, eta kondairak dio 1441. urtearen bueltan iberiar penintsulan egon zela. Lapueblarrek ere aldarrikatzen dute herritik pasa zela, eta Ebro parean masustondo baten adaxka jaso zuela.
Elizaren barruan dagoen beste elementu bitxi bat Asako Andre Mariaren irudia da. Lantziegoko auzo horretan eliza galdu zutenean, Lapueblara eraman zuten irudia, eta 1824an, irudia jaso bezain laster, kofradia bat eraiki zuten haren omenez. Kofradia horretako agirietan zehazki jasotzen da zein zen ospakizunetan egin behar zen edariaren errezeta: ardoa, limoia, kanela eta azukrea. Hitz batean, zurrakapotea.
Elizaz gain, herriak baditu beste hainbat toki xume bezain zirraragarri, behin beren atzean dagoen historia ezagutuz gero. Kasurako, Salvador Velilla ikertzailearen ekimenez herrian berreskuratu duten pikota, edota orain upategi baten biltegi bilakatu den baseliza bat.
Ebrori begira jarrita, herriarentzat horren garrantzitsua den pasabidea ere izan du Gondrak hizpide: herriari izena eman zion txalupa zerbitzua desagertu ostean, orotara hiru zubi egon dira, baina horietako bi uholdeek eraman zituzten. Oraingoa ez da horren polita, baina bere funtzioa betetzen du bederen. Hori baino ederragorik al dago?