Eguneroko lainoak estalita, zirrara txikiei erreparatzeko gaitasuna galdu ote dugu? Harritzeko ahalmena, harrimena, higatu ote dute informazio eta irudi zaparradek? "Mundua azkarregi doa, eta ez gara gelditzen begiratzeko, entzuteko... horrek gure arreta lausotzen ahal du". Edu Zelaieta idazleak, hausnarketa horri tiraka, Harrimena lantzeko ariketak esperimentu literarioa abiatu zuen ALEAn duela bi urte, hau ere landu beharreko giharra dela iradokiz. Umore eta ironia zipriztinez, Fernando Pessoa idazle lisboarra XXI. mendeko Euskal Herrira ekarriz, 36 kapitulutako abentura idatzi zuen, orduan oholtzarako bidea hartuko zuen jakin gabe. Eta, orain, idazleak proposatzen duen "harriduraren fisioterapiak" aldizkaritik taularako jauzia egingo du. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian izango da estreinaldia, azaroaren 6an.
Pessoaren itzal luzearekin batera, Josune Velez de Mendizabal eta Kepa Errasti ari dira zuzendari, harrimena taularatzeko formula perfektuaren bila. "Oso zaila da eszenaratzea, harridurak oso gutxi irauten duelako, segundo bateko kontua delako. Nola mantendu sentsazio hori? Testuari helduta, harago doan lana egin behar dugu horretara ailegatzeko", azaldu du Errastik, Azala espazioan egin duten entseguaren osteko solasaldian. Jolas teatralaren bitartez, testu poetikoa lurrera ekartzea egokitu zaie. Eta horretarako hiru pertsonaia dituzte agertokian, unibertso ezberdinetako hiru lagun; dantzak elikatutakoa bata, xehetasunek liluratuta bizi dena bestea, eta lurrari itsatsiagoa hirugarrena. "Protagonista zehatz bat ez duen istorioa da hau, harrimena bera delako protagonista; dimentsio pertsonala, kulturala eta politikoa ere badituena", azaldu du Velez de Mendizabalek. "Zerk harritzen du nor? Hiru unibertso ezberdin horien artean, batak besteari euren harrikada kontatuko diote".
"Mundua azkarregi doa, eta ez gara gelditzen entzuteko, begiratzeko..."
Edu Zelaieta
Velez de Mendizabal bera dago taula gainean aktore, Eihara Irazusta eta Adur Ballarinekin batera. Gezurrak kontatu beharra izeneko piezan oinarritutako eszena prestatzen ari dira lehenengo aste honetan. "Ez al da harria bere gogorrean, bere mutuan, gezurra? Bizitzarik ez duela esaten dugu, baina gezurrak bezala ondo betea du bere barrena, gero!", bota du batek xalo, eskuekin harriak kolpatzen dituen bitartean. "Ni ez naiz filosofia arraroetan sartuko! Bizitzak aspaldi erakutsi zidan harriek egiak gordetzen dituztela", erantzun du beste batek irmo. Hiruren arteko jolasek eramango dute publikoa eszena batetik bestera, harridura-marka ezberdinetan murgiltzera. Baita heriotzaren korridorera ere beste batean, urkamendiko soka ez zikintzeko lepoa garbitzen ari den presoaren ingurura, sokaren inguruan dantzan dabilela. Denetariko pasarteak, beraz, atseginagoak eta gordinagoak. Harriduraz harridura.
Oholtzara bidaia
ALEAn sortutako piezek egin duten bidaia bera "harrigarria" dela dio Zelaietak, modu esperimentalean aldizkarian hasi baitzen, eta eszenatokian jarraitu. "Harritzeko ahalmenaz hitz egin nahi nuen, eta horren inguruan sor zitezkeen gauzez, baina ez nekien bidaia horrek nora eramango ninduen". ALEAren hamar urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldien artean, antzerkiak lekua izan zezakeela uste zuen idazleak, berripaperean idatziz jasotakoek bestelako bide bat egin zezaketela. Hala, Talka galeria eta Juan Celaya fundazioaren babesarekin, antzezlanerako lehendabiziko pausoak ematen hasi ziren duela urtebete. Aurretik Ogiak hizketan baleki antzezlanean batera aritu ziren Edu Zelaieta eta Josune Velez de Mendizabal elkartu ziren berriz ere, Azala artisten egoitzako kudeatzaile Idoia Zabaletarekin batera, abiapuntu zuten materiala aztertu eta aurretik zer lan zuten zehazteko. Lehen aukeraketa batean, zazpi artikulu hautatu zituen Zelaietak, antzerkirako idazlana josi zuen, eta gerora Errastirekin batera osatu. "Gustatzen zait esperimentatzea, eta hau beste ariketa exijente bat izan da, talde baten arrimuan", azaldu du Zelaietak.

Antzerki konpainia baten hausporik gabe, zerotik proiektua martxan jartzea erronka handia izan dela gogoratu du Velez de Mendizabalek: "Kristoren erronka izan da, talde berria garelako, eta orain arte egin dugunaren oso ezberdina delako, eduki eta tamaina aldetik". Haren eskutik jaso zuen zuzendaritzara batzeko proposamena Errastik ere: "Ohituta nengoen formatuetatik oso urrun zegoen, eta horrek erakarri ninduen; esperimentatu eta probatzeko bidea eman dit".
Eihara Irazusta eta Adur Ballarin aktore gazteentzat ere esperientzia berria izan da Lasierran topatu dutena. Hantxe egin dute astebeteko lehenengo egonaldia, Azala espazioan. Taldea eta espazioa berriak dira eurentzat ere, eta gogotsu heldu diote erronkari. "Dantza garaikidetik nator, inoiz ez dut halako proiektu batean lan egin, gidoi batekin, eta ikasteko gogoz hartu dut", azaldu du Ballarinek. Pertsonaia dantzaria da berea, noski, eta ameslaria, oraindik hurrengo asteetan zer bide jarraituko duen zehazteke: "Nire aldetik ere pertsonaiari gauza berriak eskaintzen ari naiz, geruzak jartzen, nola amaituko duen jakin gabe. Hiru pertsonaiak oso ezberdinak dira, eta bakoitzak dauka bere egia, bere gezurra, bere harrimena, eta bere burutazioa...". Hurrengo lau asteetan ikusiko du Irazustak ere bere pertsonaiak nolako bilakaera duen, dena baita harrigarri harentzat, dena nobedade, hasiera batean behintzat: "Ematen du ez dela ezertaz konturatzen, bere munduan dagoela... baina konturatzen da". Aktore moduan bigarren lana du –Miñan obran aurretik– Irazustak, baina oso proiektu ezberdinak dira, eta gogotsu heldu dio abentura honi: "Lan egiteko modua oso ezberdina da. Ia bi urte egon ginen sorkuntza prozesuan aurrekoan; hiru hilabetean behin bost egunez jarraian egiten genituen entseguak. Eta hau, berriz, lau astetan muntatuko dugu". Istorio dramatikoa zen Miñan, eta, aldiz, umoretik kontatzen dira pasadizoak honako honetan. "Oso gogotsu heldu diot erronkari, egia esan".
"Harrimena bera da protagonista hiru pertsonaia dituen istorio honetan"
Lasierrako egonaldiaren ostean etorriko dira Aguraingo Harresi, Ozetako Garaion, Laudioko Faktoria eta Gasteizko Dante aretoetako entseguak ere. Izan ere, lantalde ia osoa arabarra izatea eta antzezlana sortzeko lanak lurraldeko txoko desberdinetara eramatea ez da kasualitatea, Zelaietak azaldu duenez. "Hasieratik argi izan dugu euskal kulturari ekarpena egin nahi geniola Arabatik, ALEAtik abiatuta noski, eta lantalde ia osoki arabarrarekin". Hamaikako arabarra borobiltzeko, Beñat Gorroño arduratuko da argiztapen diseinuaz, eta Beatriz Morgado ekoizpen lanez.
Antzerki jaialdia
Hasierako esperimentuaren parte, Zelaietaren testuak adimen artifizialak sortutako argazkiek ilustratzen zituzten ALEAn. Horiek orain, hezur-haragi, taula gainean jarriko dituzte. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aurkeztuko dute Harrimena lantzeko ariketak obra, azaroaren 6an, Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko antzokian, 19:30ean, eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik hasiko du bidaia ostean.
Harrimenaz hausnartu eta harekin gozatzeko deia egin nahi dio publikoari lantaldeak. Baina, ezinbestekoa ote da harrimena? Horren garrantzitsua al da? Harrimen ahalmena jakin-minaren, ezagutzaren, zientziaren edota artearen lehen pausoa izan daitekeela uste du Zelaietak, eta lantzeko gonbita luzatu. "Harritzen garenean galderak egiten hasten gara, segur aski bizitzari zentzu bat eman nahian. Harrimena ezinbestekoa da, gizakia gizaki den bitarte".