Gasteizera etorri zen Euskal Ikasketak egitera, eta Arabako hiriburua du bizileku orain Maddi Sarasuak (Itsasu, Lapurdi, 1995). Biharraren Hegietan lehen poema liburua argitaratu zuen iaz, eta azken urteko esperientzia nolakoa izan den kontatu dio ALEAri.
Bertsolariek poesia idatzira salto egiteko beharra sentitzen dute maiz. Nola suertatu zen zure kasuan?
Betidanik idatzi izan dut, nola edo hala. Ez egunero eta ez asko-asko ere, baina betidanik gustatu izan zait. Klaseko jardueretan gehien gozatzen nuena idaztea zen. Egia da, bertsoa askoz modu naturalagoan tokatu zaidala nire inguruan, aisialdi bezala bertso ingurune batean izan naizelako. Nahi gabe nire burua eremu horretan topatu dut, bertso eskolan eta gero horrek eramaten zaituen zirkuituetan. Aldiz, ez dut izan idazteko bultzada hori, edo ingurunerik. Baina hainbat testu idatzita neuzkan, momentu desberdinetakoak. Eta, momentu batean, neuzkan horiek lagun bati bidali nizkion, eta hark beste bati, eta haiek hasi zitzaizkidan esaten zeozer egin behar nuela testuekin, eta horrela animatu nintzen horiek biltzera. "Hor baduzu zerbait, mereziko luke publikatzea", izan zen ingurukoek esandakoa...
Poeta ala bertsolari zara gehiago? Biak agian?
Oso zaila da zure buruari etiketa hori aitortzea. Bertsolari etiketa ere asko kosta izan zait. Egia da hainbeste deitzen dizutela horrela, bertsolaria, ezen normalizatzen duzun. Eta horrela da, bertsotan zabiltza. Beraz, hori normalizatua daukat. Poetaren etiketa, berriz, ez dut oraindik batere barneratua. Berez, dabilenari deitu beharko genioke horrela, baina batzuetan ez da erraza.
Emakumeon sindromea dugu hau?
Bai. Adibidez, oholtzara igotzearen legitimitate hori gure buruari egokitzea asko kostatzen da. Nik topatu izan dut nire burua askotan, inkontzienteki, oholtzan egotearen legitimitatea kentzen bezala. Eta oraindik topatzen dut batzuetan.
Zer ekarpen egin dizu bertsolaritzan eskarmentu hori izateak? Zer hartzen duzu bertsolaritzatik poesia idazteko orduan?
Antzeko jolasa da, hitzekin jolastea da, eta nik hori disfrutatu egiten dut. Nahiz eta modalitate desberdinak izan, badaude partekatzen dituzten elementuak: sonoritatea, neurria, erritmoa... Eta ez dakit beti onera, agian batzuetan ateratzen zaizkit eginegi dauden forma bertsolaristikoak. Orduan bai, uste dut eragiten didala.
"Aberatsagoa da salerosketen menpe ez dagoen kultura"
Argitaratzea edo ez argitaratzearen inguruko hausnarketa egiten duzu poema liburuan. Nolatan erabaki zenuen zure testuak argitara jartzea?
Faktore desberdinengatik. Lehenengo eta behin, prozesu honetan lagunek bultzatu ninduten. Eta gero militantzia ingurunekoek bereziki, esanez inportantea litzatekeela argitara ematea, poema askok militantzia eta gogoeta politikoa irudikatzen dutelako. Gauzak ulertzeko asmo eta gogo bat ere transmititzen dutelako. Eta orduan, plazaratzearen garrantziak ere motibatu ninduen bereziki. Gero, egia da harremana neukala Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretarekin, eta bera ere izan da horretan laguntzaile. Esaten zidan idatzita neuzkanak atera behar zirela, eta berari entzunda, beti sortzen zaizkizun beldurrak burutik kendu eta, bestalde, konfiantza nahiko sentitu nuen. Esan zidan nire poesia ona zela eta momentu honetan beharrezkoa zela. Luzien figura oso inportantea izan da niretzat.
Pozik gelditu zara horrekin edo lotsa sentitu duzu hain modu agerikoan zure burua erakusteagatik?
Hasieran, argi eta garbi, lotsa [barreak]. Izugarria. Ez nuen nahi inork jakiterik liburu bat argitaratu nuela. Ez nuen nahi izaterik pertsona hori, liburu bat argitaratzen duen pertsona hori. Gaizki pasatu nuen. Gainera, ezizen batekin publikatzen saiatu nintzen hasieran [barreak]. Berez, pereza asko ematen zidan horrek zekarrenak: jendeak hitz egitea liburuaz, kazetariak... Euskal mundu txiki honetan lotsa handia ematen zidan. Baina gero normalizatu dut, eta lortu dut hori ere pozetik bizitzea. Kristoren plazera da jendea etortzen zaidanean esatera hunkitu dituela liburuak. Gainera, hain jende desberdina. Pentsatzea adin, belaunaldi, ideologia edo ingurune desberdinetako pertsonei ekarpenen bat egin diela liburuak, ufa! Liburua idatzi izanak eman dizkit sozializazio desberdin batzuetarako aukerak, hala nola, liburu aurkezpenak edo errezitaldiak. Errezitaldi formatuarekin asko gozatu dut.
Garaiz gabiltza oraindik horrelako errezitaldi batez disfrutatzeko?
Uste baino askoz errezitaldi gehiago egin ditut, eta uste dut ja bukatu egin dela. Gainera, testu horiekin denbora asko egin dut jada, eta aspertuta bezala sentitzen naiz. Baina berriak etorriko dira.

Zure testuetan antzematen da ardura berezia jarria dagoela hizkuntzan, hitzetan eta beren joskeran. 'Ez ginen joan ginenak itzuli, baina itzuli ginen, izanen ginenak izateko'. Zer da zuretzat poeta izatea?
Idatziz hitzekin jolastea eta, nonbait, funtzio desberdinak izan ditzake. Izan daiteke plazererako, besterik gabe, idaztearen plazera. Edo plazera eragin nahi izatea irakurtzen duenari. Baina niretzako, ideia, gogoeta eta aldarte batzuk transmititzeko funtzio horretan hartzen du zentzua. Nik horrela bizi dut. Nire bizitzaren zentzua topatzen dut mundua hobetzeko nahi horretan, gizarte honi ekarri bat egiten. Argi dago oso ekarpen txikia dela poesiak egin dezakeena, baina nik uste dut posible dela hor ere topatzea funtzio hori. Eta eragiten du, baita ere. Posible da salatzea modu intelektualago edo analitikoagoan azalpen testu baten bidez, edo iritzi testu baten bidez. Baina poesiak emozioak eragiteko gaitasuna du, goraldi halako bat sortuz. Hori da sortu dezakeen efektua.
"Topatu izan dut nire burua askotan, inkontzienteki, oholtzan egotearen legitimitatea kentzen"
Nolakoa da zure sorkuntza prozesua? Lehenengo ideia edo irudia datorkizu burura, edo hizkuntzatik abiatuta hasten zara sortzen?
Oso modu askean bizi dut. Bertsotan normalean bukaera pentsatu eta horrekiko osatu behar duzu bertsoa; baina nik askotan paper bat hartu, boligrafoa, eta hasten naiz idazten edozer. Askotan kaka bat da (barreak), baina momentu batean ateratzen bazait zerbait polita eta hortik tiraka jarraitu badezaket, ekiten diot. Gutxi egiten dut, eta egiten dudanean erabat espektatibarik gabe izaten da. Izan daiteke edozer, gertakari batek eragindakoa edo momentuan etortzen zaidana. Ez dut nire burua behartzen ideia bat transmititzera eta gerora hizkuntza pilo bat lantzera. Ateratzen zaidan bezala idazten dut, eta gero, berrirakurtzerakoan zerbait alda dezaket, baina oso modu librean.
Ipuin liburuan banakakoarekin jolasten duzu baina kolektibora joz. Zein da poesiak, edo literaturak, gizartean duen pisua?
Poesia gaur oso gutxi irakurtzen da. Baina gauza poetikoak badaude. Iruditzen zait, orokorrean, jendearentzako poesia liburu bat irakurtzea ez dela erakargarria. Ikasleei esaten diedanean poesia liburua irakurriko dugula, ez dute gustuko. Harrigarria, kontuan izanda askoz laburragoa dela, eta dibertigarriagoa ere izan daitekeela. Zoritxarrez, gaur egungo gizartea ez dut horren aldekoa ikusten.
Beldurra diogu poesiari?
Bai, zaila den ustea hedatuta dago. Berez, poema bat irakurtzen duzunean, momentuan zerbait sortzen badizu bikain, bestela ez da ezer gertatzen. Ez dago beste ariketa konplexurik horren atzean. Esango nuke, gaur egungo gizartean, poesia, edo behintzat poesia liburu formatua, ez dagoela oso presente. Agian bai kanten bidez. Adibidez, pisu asko hartu dute irudia eta soinua bezalako arloek, eta, agian, hortik asmatu behar dira beste formatu batzuk publikoarengana heltzeko.
Zeintzuk dira sortzeko garaian mugiarazten zaituzten gaiak?
Gauza askotaz konturatu naiz testuak biltzerakoan. Alde batetik, asko agertzen dela asaldura nire testuetan. Zerbaitek eragiten didanean ezinegonen bat, edo amorrua, edo salatu behar den zeozer, orrira bideratzen dut. Bigarrenik, konturatu naiz nire poema asko heriotzaren inguruan direla, horrek asko hunkitzen nauelako. Baditut ere gauza pertsonalagoak idatzirik, baina ez zait iruditzen konpartitzeak ekarpen handirik egin dezakeenik, eta, hortaz, liburuan ez ditut halakoak erantsi.
Bestalde, enpatiak ere presentzia handia du. Askotan, konturatu naiz ez zaidala ateratzen idaztea nik bizitako zerbaitetaz edo nire sentimendu batez, baizik eta irudikatu dezakedan egoera bat edo liburu batean irakurri dudan pertsonaiaren jazoeraren bat. Enpatiatik sortutako emozioak eta egoerak sortzea gustatzen zait. Noizbait pentsatu dut jendeak sinistu dezakeela niri gertatutakoak direla. Berez ez, baina, eleberrietan pertsonaiak sortzen diren bezala, poesian ere berdin-berdin jolas hori gertatzen da. Argi geratu behar da fikzio bat dela.
Idazle gazte bezala, nola ikusten duzu euskal literaturaren osasuna?
Sistema kapitalista batean bizi gara, eta horrek ere literaturan erabat eragiten du. Diruarekiko neurtzen dugu guztia. Baina kontsumitzen ez dena, kontsumitzen den beste zerbait baino txarragoa izan behar da halabeharrez? Ez litzateke askoz ederragoa eta aberatsagoa izango salerosketen menpe ez legokeen literatura bat? Hau da, jendea idatzi-konpartitu-errezitatu-eragin bezalako zirkuituan mugituko beharko litzateke. Bertsotan ere, berdin. Askoz aberatsagoa litzateke ez neurtzea zenbat bertso saio egiten diren, baizik eta zenbat abesten den etxeetan, edo zenbat inprobisatzen den tabernetan. Hori da osasuna neurtzeko modurik aberatsena. Ez zenbatzea zenbat antzezlan burutu diren, edo zenbat ikusle joan diren. Asko jotzen da kulturaren alde profesionalera, baina kultura jende guztiarena da. Ezarrita dagoen ereduarekin egiten dena da kontsumitzaile eta emaile rolak elikatzea behin eta berriro. Baina hori ez da kultura, ez hori soilik.
Euskal kultura feminista al da? Nola bizi duzu zuk barrutik, emakume eta gaztea izanda?
Nik bizipenengatik hitz egingo banu, noski, ibilbidean egon dira oso gauza ezberdinak, gehienbat bertso munduan. Oso ondo islatu zituen Uxue Alberdik Kontrako eztarritik bere lanean, eta nik horiek bizi izan ditut neska, gazte eta Iparraldekoa bezala. Lehen aipatu dudan legitimitatea, adibidez. Hori guztia presente dago. Ezin dut esan guztiz parekidea denik, baina gizartearen isla da aldi berean, eta erabat normala. Badago oraindik bidea egiteko. Baina, badaude korronte sendo batzuk bai bertso munduan, bai literatur munduan, beste ildo batetik ari direnak eraldatzen: beste plaza batzuk, beste gai batzuk, beste egiteko modu batzuk.
Zein duzu erreferente nagusi? Modu zabalean, bai liburu, bai pertsona...
Pentsatu dut ez izatea batere originala: Gabriel Aresti. Ekarpen izugarria egin zigun, bere ideiak islatzen garai hartan, hain modu berezian. Gainera, aitortu behar zaio euskararekiko egin zuen lan eta apustua. Ahaztu barik zerabiltzan gai sozialak, aldarrikatzaileak eta klase ikuspegitik. Horregatik, oso presente dut.