Antifaxistek hartu dute Gasteiz

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 16a

Falange Españolako kideak agur nazia egiten Arabako Aldundiaren eraikinaren aurrean. ALEA

Hispanitatearen eguna baliatu zuen Falangeak Gasteizen Espainiaren batasuna aldarrikatzeko. Kanpotik etorritako dozenaka faxistek hartu zuten Probintzia plaza, eta ehunka pertsonak egin zieten aurre kalean

Cara al sol entzun zen berriz ere igandean Gasteizen. Espainiako banderaz eta falangearen ikurrez inguratuta, eskubiko besoa altxatuta, eta poliziaz inguratuta, goraipatu zuten dozenaka faxistak Espainiaren batasun zatiezina.

Non eta Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitza aurrean. Sinbolismo handiko kokalekua, Falangeak berak torturatu eta hil zuelako 1936an Teodoro Olarte, garaian aldundiko lehendakaria zena, beste zortzi batzarkiderekin batera. Paradoxikoki, faxisten bilkura lekutik metro gutxira monumentu bat dago, aldundiaren eraikinaren alboan, diktadura frankistak errepresaliatutako pertsonen omenez eraikia. Monumentu huraxe zeharkatu zuten falangistek Probintzia plazara sartzean.

Legala baita Falange Española y de las JONS. Beste hainbat herrialdetako diktadura faxistekin ez bezala, Espainiako Estatuan legezko estatusa dauka frankismoko alderdi bakarra izan zenak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ondorioz edo, baimena eman izan die urteetan zehar ekitaldi publikoak egiteko, eta aukera izan dute falangistek beren gorazarre faxistak publikoan egiteko.

Hala izan zen igandean ere, baina Falangearen bisita ez zen lasai gauzatu. Erakundeek baimendutako ekitaldiari aurre egin zioten herritar ugarik. Palestinaren alde txirrindularitzako Espainiako Vuelta geldiarazi zenean bezala, berriro ere sortu da eztabaida publikoa, ea zein den protesta egiteko modu zilegia eta zein ez.

Faxistak eta antifaxistak

Igandeko gertakariei, beti bezala, bere interpretazioa eman die bakoitzak. Hauts asko altxa dute Ricardo Ituarte Azpiazu Segurtasun sailburuordearen hitzek; idatzitako adierazpen bat irakurri baitzuen "faxista euskaldun" deituaz gazte antifaxistei. Hainbat eragilek gogor gaitzetsi dituzte sailburuordearen hitzak, maila berean jarri zituelakoan Falangeko kideak eta haiei aurka egiteko antolatu zirenak.

Falangearen bisita bitartean Maider Etxebarria alkatea Santsomendin egon zen, Guardia Zibilarekin ospatzen haien patroiaren eguna, eta eskerrak ematen "gure segurtasuna zaintzeagatik". Sare sozialetan adierazi zuen hiriaren erdiguneko gertakariek erakusten dutela zer sortzen duten diskurtso erradikalek: "gorrotoa eta indarkeria".

Ramiro Gonzalezek, EH Bilduk eta gehiagok Falangea legez kanpo uzteko eskatu dute

Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat plazaratu du istiluak salatuz, baina PSE, EAJ eta PPk soilik babestu dute. Falangearen presentziari aipamen berezirik egin gabe gaitzetsi dituzte istiluak, eta adierazi indarkeria ez dela bide zilegia politikan eragiteko. Poliziari babesa eskaintzearekin batera, hiru alderdiek konpromisoa azaldu dute Gasteizek "jarraitu dezan izaten elkarbizitza, errespetu eta pluraltasun eredu".

Pluraltasunaren ulerkerak

Zer sartzen da, baina, pluraltasun horretan? Elkarrekin Podemos taldeak uko egin dio udalaren adierazpena sinatzeari, ez duelako espreski jaso Falange EspaÒolaren presentziaren aurkako gaitzespenik, eta ohartarazi dute, gainera, ekitaldi horrek Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea urratzen duela. "Bi bandoren arteko borroka gisa aurkeztea faltsua eta koldarra da. Istiluak deitoratzen baditugu ere, faxismoaren aurrean ez dago ekidistantziarik".

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak idatzi bat plazaratu du, igandeko istiluak eta indarkeria salatuz, baina alderdiaren barruan izan dira ñabardura ezberdinak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hitz gogorrak izan ditu Falangearen aurka, eta alderdia debekatzeko eskatu du. Istiluak eta indarkeria gaitzetsi baditu ere, adierazi du ez dagoela arrazoirik Falangea legezkoa izateko, eta haien bisita "mingarria eta lotsagarria" izan zela adierazi du.

Beatriz Artolazabalek, berriz, Falangeari aipamenik egin gabe gaitzetsi ditu istiluen ondorioak sare sozialetan, esanez "Poliziari edo espazio publikoari eraso egiten dietenek" ez dutela "batere kausarik defendatzen". Era berean, EH Bilduren aurka ere egin du, esanez beste alde batera begiratu duela eta ez dituela istiluak gaitzetsi.

Baina EH Bilduk gaitzetsi ditu istiluak. Beno, egiari zor, bi irakurketa plazaratu ditu koalizio abertzaleak, Gasteiztik bata eta nazionaletik bestea. Igande arratsaldean bertan zabaldu zuten Gasteizko irakurketa, eta bertan "Falangearen kontzentrazio faxista" salatu zuten eta adierazi inoiz ez zuela baimenik jaso behar. Hala ere, horren ondorioz sortutako istiluak gaitzetsi zituen, eta aipatu zuen eragotzi behar dela "faxisten probokazioa elikatzea, ondorioak ordaindu ez ditzaten herritarrek, hiriko saltokiek eta ostalaritzak".

Hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, denak antifaxistak. ALEA

Hurrengo egunean EH Bildu nazionalak zabaldutako mezuan ez da istiluen gaitzespenik aipatzen, eta Segurtasun arloko arduradunen gain jarri dute ardura gertakari horiek saihestu eta prebenitzeko. Ituarte sailburuordearen adierazpenak onartezintzat jo dituzte, eta adierazi dute haiek inoiz ez dutela faxisten presentzia normalizatuko, ezta "eman daitezkeen erantzunak parekatuko" ere.

Ertzaintzari gainezka egin zioten igandeko mobilizazioek; Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ere onartu du hori. "Begi bistakoa da ez ginela gai izan Gasteizen segurtasuna bermatzeko" adierazi du Zupiriak, eta arduradun bakar gisa seinalatu ditu "beren jokabide biolento eta totalitarioarekin herritarrak arriskuan jarri zituztenak, eta ondare urbanoa kaltetu zutenak, publikoa zein pribatua". Udalaren arabera, 18.685 euroko kalteak eragin dituzte.

Errepresioa antifaxistei

Zupiriak onartu du antifaxisten artean soilik atxilotu zutela jendea; hemeretzi pertsona, jada aske utzi dituztenak desordena publikoen kargupean. Falangistak armatuta zihoazen, makilekin eta borra luzagarriekin adibidez, baina ertzainek, haien ondoan egonda ere, ez zieten materialik kendu ezta inor atxilotu ere, nahiz eta faxistak jendea kolpatzen aritu.

Azken finean, poliziak falangistak babestu zituen, legezko elkarretaratzea egin zezaten. Baina herritarren aurka ere oldartu zen Ertzaintza. Bideo batean argi ikusten da nola irteten diren falangistak aparkalekutik, makilak eta banderak eskuan, eta nola oldartzen diren inguruan dauden herritar soilen aurka, irainak eta kolpeak banatuz. Ertzainak heldu eta, falangisten aurka egin gabe, herritarrak kolpatzen hasi ziren, liskarra baretzeko edo.

Eztabaida publikoa sortu da faxismoari aurre egiteko bide zilegien inguruan, istiluen harira

Hainbat zauritu eragin dituzte istiluek. Hogei ertzainek jaso behar izan zuten osasun arreta, Jaurlaritzako iturriek zabaldu dutenez. Beste aldean, manifestari ugari zauritu zituen Ertzaintzak. Gazte batek begia galtzeko arriskua duela salatu dute, eta beste bati matrailezurra hautsi ziotela pilotakada batekin; hainbat ebakuntza beharko ditu "osatzeko".

Administrazioaren eskumena dago ezbaian. Legezko diren bitartean falangearen ekitaldiak babestu beharko omen ditu Poliziak. Beste askoren artean, Ramiro Gonzalezek zein EH Bilduk ere adierazi dute alderdia debekatzeko beharra, eta horretarako pausoak emango dituztela adierazi. PSEk gidatutako Gogora institutuak, bere aldetik, adierazi du "aztertzen ari direla" ea falangistak salatu daitezkeen “frankismoari gorazarre” egiteagatik. Memoria demokratikoaren garaietan, legeak zein zigortu eta zein babesten duen ebatzi bitartean, Falangeak Gasteiza egindako bisita urrun egon da elkarbizitza eta normaltasunetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago