Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala egin dute aste honetan Gasteizen, mundu osoko gobernuetako eta gizarte zibileko 2.000 ordezkari ingururekin. Gobernantza, parte hartzea eta gardentasunari buruzko esperientziak partekatu dituzte kongresuan bildutako adituek. Horietako bi dira Ustelkeriaren aurkako Kolonbiako Institutuko ordezkari Adriana Romero eta Txileko Gardentasun Kontseiluko kide Maria Jaraquemada Hederra.
Romerok argi du politikan hautatzen dituzten pertsonen gaineko erabaki informatuak hartzeko gaitasuna izan behar dutela herritarrek. "Hori da, funtsean, gobernantza praktika onak dituen eta gardena den gobernu baten aukeraketan dagoen oinarria", babestu du. Horregatik sinetsita dago kudeaketa publikoan parte hartu beharra dagoela. "Hiritar bezala, ez gara bozkatzera mugatu behar. Boterea delegatzen duen demokraziaren agente gisa hiritarrok ardura handia dugu, eta boterean dauden ordezkarien gaineko zaintza egin behar dugu".
Konbentzimendu horrek eraman zuen Romero ustelkeriaren aurkako erakundera. Kolonbiako gizarte zibileko elkarte bat dela azaldu du ekonomialariak. 2018an sortu zutenetik, gaiaren bueltan hainbat kanpaina egin dituzte. Kasurako, herrialdean Covid-19aren aurkako txertoak kontratatzerakoan gardentasuna bultzatu zuen erakunde nagusienetakoa izan zen. Oro har, kontratazio irekia ziurtatzea da beren zereginetako bat.

Kolonbiako komunitate lokaletan esperientzia parte hartzaile asko egiten ari dira, eta horiek Estatu Irekiko Planen arabera antolatzen dituzte, gizarte zibilaren ekarpenekin. "50-70 lagun izan ditzaketen taldeek komunean sortzen dituzte ekintza planak". Romeroren arabera, "kosorkuntza plan horiek oso lagungarriak dira parte hartzea sustatzeko", eta interes asko pizten dute. "Garrantzitsua da herritarrek ikustea beren parte hartzeak emaitzak dituela". Uneotan bosgarren ekintza plana bukatzen ari dira, eta horrek hamar urteko lana eskatu du, bai maila lokalean zein nazionalean.
Gardentasuna, abiapuntu
Txileren kasuan, Gardentasun Kontseilua estatuaren organismo autonomo bat da, eta Jaraquemadak azpimarratu du erakundeak ez daukala dependentziarik estatuaren botereekiko. "Informazio publikorako sarbidea bermatzea dugu helburu; bide beretik, gardentasun legearen ezarpena fiskalizatzen dugu, eta horren gaineko dibulgazioa ere egiten dugu".
Errepublikaren presidenteak proposatutako lau kontseilari daude batzordean, senatuak berretsitakoak. Jaraquemadaren kasuan, iazko urtarrilean Gabriel Boric Txileko presidenteak proposatu zuen kontseilari gisa, eta, sei urteko agintaldia dutenez, 2030ra arte egongo da karguan. Ez zen, inondik inora, gaira etorri berria, hamabost urte baino gehiago daramatzalako gardentasunaren inguruan lan egiten.
Izaera independente hori goraipatu du, hain zuzen, kontseilariak, eta Txiletik ekar ditzakeen ekarpenez galdetuta, hau izan da mahai gainean jarri dituenetako bat: "Organo bermatzailearen autonomia oso garrantzitsua da; pentsa herrialde guztiek ez dutela horrelakorik", azaldu du. Organismoaren beste gaitasun garrantzitsu bat zigorrak ezartzeko duen ahalmena da, entitate publiko batek bere egin beharrak bete ezean, zigortzeko gaitasuna dutelako. "Espainian adibidez organismo guztiek ez daukate horrelako ahalmenik, eta, kasu honetan, Txileren kasua eredugarritzat dute".
Goi mailako bileraren espirituari jarraiki, Europaren aldetik ere asko ikasteko dutela dio. "Suedia izan zen gardentasun lege bat izan zuen lehen herrialdea, artean Frantziako Iraultza abian ez zela: 1766. urtean martxan jarri zuten". Jaraquemadaren esanetan, "herrialde askoren DNAn" dago gardentasuna zein kontuak errendatzea. Europatik gehien miresten duena adimen artifizialaren aurrean ezarri duen araudia da. "Baina, modu berean, erronka itzela du Europak datu araudi hori datu pertsonalen babeserako legeekin bateratzeko. Aitortu du kontua interes handiz jarraitzen dutela, datorren urtean Txilen datuen babeserako lege bat abiatu nahi dutelako.
Txilen gaiaren bueltan duten legeak dagoeneko hamasei urte ditu, eta "nahiko indartsua" da zenbait arlotan. Baina urte hauetan aldaketa nabarmena egon da teknologiarekin batera etorri diren berrikuntzekin, eta, horregatik, egokitzeko beharra dutela uste du adituak. "Badago lege proiektu bat horretarako, baina tamalez oraindik ez da aurrera eraman". Txileko berezitasunak ere aintzat hartu behar dira atzerapen horiek ulertzeko: sistema presidentzialista da, baina gaur egun Boricek ez dauka gehiengoa kameretan, eta lege asko ezin daitezke aurrera eraman adostasunak lortu ezean.

Adimen artifizialaren rola da, hain zuzen, sektoreak duen erronka nabarmenetako bat. Beste ezein teknologia bezala, abantailak eta arriskuak dituen tresna da. "Sektore publikoan adimen artifizialak eragina du dagoeneko", azaldu du Jaraquemadak. " Besteak beste, ohikotik aldentzen diren zenbait faktore antzemateko gai da, eta, beraz, erabilgarria izan daiteke ustelkeria kasuak aurkitzeko edo parte hartzea sustatzeko". Arriskuen aldean, AAk gizakiok daukagun isuri kognitibo bera daukala gogora ekarri du, eta akatsak izan ditzakeela. "Batzuetan zaila da ere jakitea nola iristen den zenbait erabakitara". Norabide horretan, kontseilutik hainbat aholku eman dituzte horren bueltan. "Batez ere kontuz ibili beharra dago gizakiaren oinarrizko eskubideetan eragina izaten duenean".
Teknologia berriak txertatzea
Romero bat dator teknologiak izan ditzakeen abantailak nabarmentzerakoan. Kolonbian ere argi dute kontratazioan ustelkeria kasuak antzemateko bideak ireki dituela, baina ohartarazi du oraindik garapen bat falta dela herritarrek horrelako tresnak erabili ahal izateko. "Ez du ezertan laguntzen algoritmorik txukunena eta tresnarik egokienak izateak herritarrek horren gainean apatia erakusten baldin badute", esan du. Parte hartzeari dagokionez ere abantailak ikusten ditu, baina ñabardurekin. "Aukera asko irekitzen dira, estatuaren zerbitzuak sarri oso kongestionatuta daudelako, eta teknologia berriek hau arintzen laguntzen dute". Gauzak hala izanik ere, garrantzitsu ikusten du teknologia horiek gehitzen diren heinean, horien erabilpenari buruz irakastea: batez ere, gailu eta prozesu teknologikoekin oso ohituta ez dauden adineko pertsonekiko kezka azaldu du.
Oztopoak oztopo, bi adituek uste dute gardentasunaren gaineko kultura eta ezagutza indartu beharra dagoela herritarren artean. "Txilen tamalez instituzio publikoekiko konfiantza mailak oso baxuak dira, eta, beraz, horrek eragiten dio, noski, herritarren parte hartzeari", argitu du. "Baina, bestetik, ikusi dugu gardentasun atariaren erabilera asko handitu dela. 2013tik bi milioi eskaera egin dira hogei milioi lagun dituen herrialde batean".
Informazioa, gako
Romero sinetsita dago Kolonbian gehiago indartu daitekeela parte hartzearen kultura; baina egon badagoela dio. "Badago interesa jakiteko agintariek zer egiten duten. Egia da ere interes hori manipulatu daitekeela desinformazioaren bitartez, baina herritarrek bederen parte hartzen dute". Bestetik, Kolonbiako gobernuak ere datuetarako sarbidea ematen duen ataria dauka. "Legez, ministerio guztiek datu irekiak eman behar dituzte. Eta 2014tik kontratazio guztia horren bitartez egiten da ere, denbora errealean. Datu base hau funtsezkoa da gizarteak kontrola egin ahal izateko".
Desinformazioaren gaineko kezka azaldu du Jaraquemadak. "Irakurleei gonbidapena luzatu nahi diet espiritu kritikoa izan dezaten", azpimarratu du. Adituak dio jarrera hau hartuta jendeak jakin behar duela nor ari diren kriminalizatzen eta zer zio egon daitezkeen horren atzean. "Izan ere ustelkeriaren aurkako borrokarekin ere politika egiten da, eta gero eta zailagoa da egia aurkitzea", ohartarazi du. "Beraz, oinarritu gaitezen datuetan: horretarako ditugu, besteak beste, atari publikoak. Datuak kontakizuna baino garrantzitsuagoak dira, noski".