Ortzi Akosta

"Arazoak alde batera utzi eta gozatzeko ikuskizuna da gurea"

Anakoz Amenabar 2025eko urriaren 6a

Ortzi Akosta, Gure Zirkuko lantaldearekin batera. Argazkia: GURE ZIRKUA

Gasteizen, Amurrion eta Etxabarri Ibiñan geldialdia egin ostean, laugarren aldiz izango da Gure Zirkua Arabako lurretan; Agurainen izango da urriaren 24tik aurrera, eta tartean Ortzi Akosta akrobata.

Pailazoak, akrobatak, magoak, malabaristak, musikariak, trapezistak. Lautadara bidean dira denak, Gure Zirkuaren karpa altxatzear baita. Urriaren 24tik azaroaren 8ra bitartean, Agurainen izango da, hamaika emanaldirekin, euskara hutsezko zirku bakarra. Besteak beste, Ortzi Akostaren (Gasteiz, 1976) akrobaziekin gozatzeko ikuskizuna.

Gure Zirkuaren bigarren urtean hasi zinen taldean, ezta? Nolakoa izan zen hasiera?

Gogorra [barrez]. Asier Kidam magoak esan zidan agian lekua izango zela niretzat zirkuan, eta beharbada deituko nindutela. Eta hala izan zen, Iker Galartzak deitu zidan, eta harekin elkartu nintzen. Hasi baino astebete lehenago bikietako zuntz haustura handi bat izan nuen, eta ez nion Ikerri esan nahi izan hasi baino lehenago lesionatu nintzela, min pixkat bat nuela esan nion... Hala, aurrera egin nuen emanaldiekin, baina gogorra izan zen, egia esan. Pixkanaka hobetuz joan zen, hurrengo udan beste emanaldi batzuk egin nituen, eta hurrengo biretan osorik...  Laster konturatu nintzen nolakoa zen zirku hura. Ikuskizuna gustatuko zaizu ala ez, baina badu berezia egiten duen zerbait, arima dauka. Beste zirku eta musikal batzuetan egin dut lan aurretik, eta ez da horrela izan; honek badu zerbait, eta ez bakarrik lantaldeagatik, baizik eta datorren jendeagatik. Berezia da sortzen den giroagatik eta elkarrekin bizi dugun esperientziagatik. Oso polita izaten ari da.

Zirkuko ikuskizunen artean, nolakoa da zure saioa?

Ikuskizuna bakarrik egiten dut. Soka eta farolaren saioarekin nabil aurten, baina beste batzuk ere egin ditut aurretik: indar eta oreka saioa, makilarena... Gero, elkarri ere laguntzen diogu, eta beste saio batzuetan parte hartzen dut, koltxonetak sartzen, pailazoen kolpeak jasotzen, trapezioa jaisten edo bestelakoetan.

Akrobazioetan aritu aurretik, gimnasian ibilbide oparoa egin du Akostak. Argazkia: O. AKOSTA

Lehen aldiz Gure Zirkura gerturatzen denak zer aurkituko du Agurainen?

Ikuskizun ederra ikusiko du, energia politarekin aterako da handik. Zirkuaren familia batean sartuko da ikusle hori, eta esperientzia interesgarria izango du, musikarekin, saio desberdinekin, umorearekin... Emanaldia bukatzerakoan, kanpoan ikusten dugu nolako harrera izan duen, eta jendea oso pozik ateratzen da. Arazoak alde batera utzi eta burua aske uzteko momentua da. Eta dagoeneko ikuskizuna ikusi duenarentzat ere nobedadeak izango dira, eszenografia, musika eta aldaketa ugarirekin.

"Gure Zirkua dagoeneko ikusi duenarentzat ere, nobedadeak izango dira Agurainen"

Kirolean aritu zinen aspaldi, baina beste proiektu batzuetan ere ibili zara. Baita zineman ere...

Gimnasia bukatu ondoren [lau aldiz Espainiako txapelduna uztaietan], konturatu nintzen zinema eta zuzeneko ikuskizunak ere gustatzen zitzaizkidala, eta Cirque du Soleil-en sartzeko aukera izan nuen. Garai berean, kamara txiki batekin film labur zoro batzuk egin nituen. Beñat Fontaneda ezagutu nuen, eta berarekin lanen bat egin nuen, eta ostean, Paul Urkijorekin; besteak beste, Errementari pelikula aurrera atera genuen, Luis de Oza ekoizlearekin batera; ekoizle moduan eta beste edozein lanetan laguntzen. Baita munstro lanak egiten ere... eromena izan zen. Pelikula horren ostean, Irati prestatzen hasi zen Paul, eta nik alde batera geratzea erabaki nuen. Presio handiko lana da zinemarena, ez da erraza, eta ez dut ondo eramaten. Gure Zirkuan, berriz, asko disfrutatzen dut, eta ez dut sentitzen lanera noala, disfrutatzera baizik.

Cirque du Soleil-en egindako lanarekin alderatuta, oso ezberdina da?

Tamaina aldetik oso ezberdina. Pentsa, hamar emanaldi izaten ziren astero, eta Gure Zirkuan lau izaten dira normalean. Hori nabaritzen da. Cirque du Soleil basatia zen, zentzu guztietan. 40 bat artista ari ginen aldi berean, 2.000 lagunen aurrean egiten genuen egunero, zirkua beteta eta Las Vegasen Michael Jackson edo Demi Moore ikusle bezala... Oso ondo tratatu gintuzten, eta niretzako ere oso polita izan zen. Baina denboraldi bat Las Vegasen igaro eta gero, sentitzen nuen aita izan nahi nuela eta etxera bueltatu nahi nuen....

Gaur egun, zirku eskola txiki bat ere baduzu Gasteizen...

Txiribuelta izeneko eskolan ari naiz. Eta astelehenetik ostegunera bitartean hantxe ibiltzen naiz, laguntzaile moduan. Zirkuko lehenengo pausoak irakasten ditugu honetan: akrobaziak, orekak, malabareak, ohe elastikoak... Momentuz horretan gaude, umeekin, baina batzuk hainbat urte daramate eta nabari dugu pauso konplexuagoak eman behar ditugula. Proiektuak eskatzen du agian beste leku bat edo ordutegi zabalago bat, umeek ere hobetzen jarraitu nahi dutelako, baina poliki ikusiko dugu zer egin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago