Joan den udan Arkautiko akademian homologatutako formakuntzarik ez zuten bi suhiltzaile kontratatzerakoan, zeuden aukeren artean "hain txarra" ez zen irtenbidea hartu behar izan zuela babestu du Iñaki Gurtubai Gobernantza diputatuak.
EH Bilduk aurkeztutako galdera bati emandako erantzunean, foru suhiltzaileen ardura duen diputatuak azaldu du joan den abuztuan ez zutela inor aurkitu kontratazio poltsetan bi suhiltzaile funtzionario ordezkatzeko. Dioenez, bat baja medikuan zegoen, eta bestea aitatasun baimenean.
Gurtubaik dio ordukoa "salbuespeneko" erabakia izan zela, eta "ezohiko une batean" hartu zuela. Diputatuaren arabera, langileen batzordean ordezkaritza duten bi erakunde sindikalekin harremanetan jarri ziren informazioa emateko.
"Testuingurua kontuan hartuta, uste dut irtenbide ez hain txarra hartu nuela, eta, nire ustez, hala ulertu zuten gai hori aztertzeko bildu nintzen sindikatuetako ordezkariek", azaldu du.
Ordezkapena egin zutenen gaineko xehetasunak eman ditu diputatuak. Hala, Agurainen kontratatutako pertsonak 20 urte baino gehiagoko eskarmentua zuen hiri suhiltzaile gisa, eta Aranda de Dueron, Castro Urdialesen, Puertollanon, Donostian, Behe Cinca eskualdean eta Eivissan lan egin du.
Espejon aitatasun baimen bat ordezkatzeko abuztuaren 22tik irailaren 29ra hamar guardiatarako kontratatutako beste pertsonak baso suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaro bat du —21 ordukoa, Su Eskolak emana—, eta aurretik, 2023ko ekainaren 28tik abuztuaren 31ra bitartean Arabako suhiltzaileekin lan egin zuen.