Prestakuntzarik ez duten suhiltzaileak kontratatzen ari direla salatu dute

Erredakzioa 2025eko irailaren 1a

Suhiltzaileen parke txikietan lau lagun izaten dira. Argazkia: AFA

Arabako Foru Suhiltzaileen batzordeak salatu du prestakuntzarik ez duten pertsonak hartuz gero, parke txikietan egoera larriak gerta daitezkeela.

Arabako Foru Suhiltzaileen batzordeak ohar batean salatu du Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoa prestakuntzarik ez duten langileak kontratatzen ari dela suhiltzaileen lanak egiteko, ez baitago prestakuntza hori duen langilerik zerrendetan. Azpimarratu dutenez, erabakiak egoera arriskutsuak eragin ditzake lau suhiltzaile soilik dituzten Arabako parke txikietan.

Ikastaro horretan suteetan, zirkulazio istripuetan, altuerako lanetan, espazio konfinatuetan eta abarretan lan egiteko oinarrizko ezagutzak ematen dira; eta suhiltzaileen batzordeak azaldu duenez, beste inon ez lituzkete kontratatuko suhiltzaile izateko oinarrizko prestakuntza hori ez duten pertsonak.

Halere, iragan astean Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak horrela egin zuen Espejoko parkean. "Joan den astelehenean Espejoko parkea minimoetan zegoen, hiru pertsonarekin, eta haietako batek ez zuen suhiltzaile prestakuntzarik. Zorionez egun eta parke horretan ez zen esku hartzerik izan".

Horrelako egoerak berriro ez errepikatzeko eskatu dute suhiltzaileek, eta azpimarratu dute arriskua guztiontzat dela, prestakuntza jasotzen ez duten lanak esleitzen zaizkion pertsonarentzat, lankideentzat, nagusientzat, herritarrentzat, baina baita egoera hori sortzen duen arduradunentzat ere. 

Suhiltzaileek azaldu dutenez, urte eta erdi baino gehiago igaro da Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak ez diela behar duten prestakuntza eskaintzen bere lan poltsetan dauden kideei. "Badira pertsona batzuk duela ia hiru urte Arabako azken oposizioa gainditu zutenak –bai, Arkautiko akademiak berak antolatutako oposizio negargarri hori–, eta lan poltsarik osatu ez dutenak eta dagokien prestakuntza eskaini ez zaienak".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago