Abereei erasaten dien mihi urdinaren gaixotasun birikoaren kontrako txerto berriak erosiko ditu Arabako Foru Aldundiak, gaitz horretako 3. serotipoaren kontra txertatzeko eskaerak handituko direla aurreikusita. Erosketa hori gauzatu ahal izateko kontratua izapidetzen ari da Abeltzaintza Zerbitzua.
Hala zehaztu du gaiaren bueltan Batzar Nagusietan PPk aurkeztutako galdera bati emandako idatzizko erantzun batean Noemi Agirre Nekazaritza diputatuak. Diputatuak dio "ezinezkoa" dela gaixotasun horren ondorioz orain arte izandako kasu klinikoak zehatz-mehatz kuantifikatzea. Halere, Araban gaitzaren eragina "arina" delakoan dago Agirre, "nahiz eta ustiategi gutxi batzuetan eragina larriagoa izan daitekeen animalia batzuetan".
Diputatuak ezagutarazi du uztailetik 83 lagin jaso dituztela Eskalmendiko analisi instalazioetan, eta horietatik 48k positibo eman dutela. "Horietatik 8 Algeteko erreferentziako estatu laborategira bidali dira, 3. serotipoa ager daitekeen zalantzaren aurrean serotipatzeko, eta guztiek eman diote ezezko erantzuna serotipo horri", dio Agirrek. Gaitzak eskualde guztietan modo homogeneoan eragin du, Arabako Errioxan izan ezik, bertan abeltzaintza nabarmen txikiagoa baita.
Iaz Abeltzaintza Zerbitzuak 4. eta 8. serotipoen aurkako txertoak erosi zituen, eta aurten, aldaera hori "hedatzeko arriskua" zegoela ikusita, 3. serotipoaren aurkakoak. Oraingoan ere txertaketaren kostuak bere gain hartuko ditu foru erakundeak. Agirrek aldarrikatu du Araba eta EAE "Estatuan 3., 4. eta 8. serotipoen aurkako txertaketaren buruan" daudela.