Hamalau abortu gertatu dira behietan, txertaketa baten ondoren

Erredakzioa 2025eko ekainaren 3a

Mihi Urdinaren aurka 25.000 behi baino gehiago txertatu dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Agirre diputatuak dio ez dutela txertoekin "kausa-efektu" erlaziorik aurkitu, baina ezin dutela hori "baztertu". Bi ustiategitan ikerketa egin dute.  

Iazko abuztuaz geroztik, Mihi Urdinaren gaitzaren aurkako txertaketa kanpainaren ondoren Arabako lau behi ustiategitan hamalau abortu gertatu direla ezagutzera eman du aldundiak, Batzar Nagusietan egindako galdera sorta bati emandako erantzunean.

Zehazki, Mendialdeko ustiategi batean, hiru aborturen berri eman dute, 81 abere txertatu eta gero. Zuian, lau abortu gertatu dira, 87 abere txertatu dituen ustiategi batean. Kuartangon, abortu bat, sei animalia txertatuz. Azkenik, Aiaran, sei aborturen berri eman du beste ustiategi batek, 296 abere txertatu eta gero.

Aldundiak azaldu du lau ustiategi horietatik bitan abortuen jatorria argitzeko ikerketak egin dituela, baina ezin izan dutela ondorioztatu abortu horien jatorria. Aldundiak dio ez dela "kausa-efektu erlaziorik aurkitu" beste prozesu patologiko batzuekin edo txertoaren aplikatzearekin, baina erlazio hori "ezin dela baztertu".

PPk Batzar Nagusietan aurkeztutako galdera bati emandako erantzunean, Noemi Agirre Kintana Nekazaritza foru diputatuak azaldu du iazko abuztuan aldundiak 200.000 dosi —400.000 ml.— txerto bibalente —2 ml. dosi bakoitzeko— erosi zituela, 110.000 euroko kostuarekin. Ardientzako txertoak ziren ardi eta behiei emandakoak.

Data horretatik aurrera, txertoa borondatez aplikatzen hasi zen Arabako behi eta ardi ustiategietan, baina urriaren 31tik aurrera, nahitaezko txertaketa ezarri zuten. Aldundiak jakinarazi duenez, orotara, 170.000 ml. txerto erabili dira, 30.000 ardi eta 25.000 behi baino gehiago txertatuz, 400 ustiategi baino gehiagotan.

Nekazaritza Sailak babestu du txertoen kalitatea eta mantentze baldintzak "uneoro" kontrolatzen dituela, Eskalmendiko laborategiaren bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago