Geroa diseinatzeko topaketak

Jon Hidalgo 2025eko irailaren 29a

2024ko edizioko hitzaldi bat. Argazkia: BASQUERVILLE

Arabako diseinuaren munduan hitzordu garrantzitsuenetakoa bilakatzen ari da Basquerville Design & Tech festibala, eta hirugarren edizioa heltzear da Gasteiza. Urriaren 9, 10 eta 11n ospatuko dute, IAKn.

Basquerville ez da ekitaldi arrunta. Esperientzia inspirazionala izan nahi du, eragiteko sortua, bai diseinu arloko profesionalengan, eta baita euskal enpresa munduan ere. Jaurlaritzak sortutako Spri Enpresa Digitala ekimenak antolatzen du Basquerville, Diseinuaren eta teknologiaren euskal festibala. Enpresak eta profesionalak saretzea du helburu; networkinga egitea, sektoreko hizkeran. Hitzaldiak eta workshop espezializatuak izango dira hiru egunez IAKn.

Aurten, baina, sorkuntza prozesuari garrantzia berezia eman nahi izan diote. Ohikoa izaten da halako topaketetan artisten portfolioa ikustea, eta azken emaitzek hartzen dute pisu guztia. Aurten "sormenaren atzeko eszenatokira sartzea" izan da helburua, eta hainbat artistek erakutsiko dituzte beren baztertutako probak eta metodologia, haien artxiboak irekita. "Ibilbidea erakusten" saiatuko dira, zerotik, antolatzaileen esanetan. "Nola sortzen den ideia, zure bezeroarekiko harremana hastetik emaitza lortzera arte". Alde onak erakusteaz gain, argitaratu gabe gelditutako lanak ikusi ahal izango dira.

Lehen mailako artistak Gasteizen

Zirriborro prozesuarekin lotuta, diseinuaren alde emozionala ere jorratzeko asmoa dute aurtengo edizioan, prozesuan sentitu dutena azalduz. Johana Jaskowska artista poloniarrak hala azaltzen du bere asmoa: "Nortasun aldaketei buruz hitz egingo dut, eboluzionatu eta zerbait berrirantz hazten garenean izaten ditugun beldur eta erronkei buruz. (...) Aldaketa horietan nola nabigatu dudan, nire buruarekin konektatuta nola jarraitu dudan".

"Emaitzari baino, artisten prozesuari begiratuko diote, zirriborroei"

Nazioartean lehen mailakoak diren profesionalak hurbilduko dira Gasteiza, baina bertako talentua ikusarazteko uneak ere izango dira, bereziki Harroby atalean. Garrantzia berezia ematen diote bertako diseinatzaileei oholtza eskaintzeari, eta aurten ostegunean, urriaren 9an, beren lana eta prozesua erakusten arituko dira Arrate Garcia-Ardanaz, Josu Larrea, Ainara Urkijo, Julen Beloki eta Nerea Beunza. EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearekin batera antolatu dute diseinatzaile gazteentzako espazioa.

Itziar Garaluze Gasteizko artista bisualak ere parte hartuko du Basquervillen. Bere lanen inguruko hitzaldia eskainiko du larunbatean, eta Jaia Lab amaierako festan bere lanen proiekzioez gozatu ahal izango dute hurbiltzen direnek. Larunbata izango da nazioarteko izen gehien dituen eguna, eta bertan izango dira Ferdinand Doblhammer, Lea Karnutsch, Vera Van de Seyp edota Johanna Jaskowska bera. Emakumeek presentzia nabarmena dute aurtengo edizioan, parte hartzaileen %80tik gorakoa.

Diseinuaren munduan iraultza

Beste hainbat arlotan bezala, adimen artifizialak diseinuaren sektorea irauli du, aukera edo mehatxua izan daitekeena, norbere ikuspegiaren arabera. Hala ere, diseinuaren munduan AAz hitz egitea batzuetan "tabua" izan dela diote antolatzaileek, eta hori haustera datoz, "eztabaida saihetsezina" izatera, hain zuzen. Gai honi lehen ediziotik heldu badiote ere, aurten leku gehiago izango du hitzaldietan, nahiz eta jaialdia ez den adimen artifizialaren ingurukoa izango, "inondik inora".

Diseinatzaileen ideiak elkarbanatu eta haien esperientzia eta kezkak ezagutzeko aukera izango da Basquerville. Ikusteko dago datozen urteetan orekarik lortuko ote den, adimen artifizialaren erabileran erdibiderik aurkitu, baina gaur gaurkoz oso polarizatua dago eztabaida. "Badago jendea ez duena ezer jakin nahi adimen artifizialari buruz, edo zalantzati dagoena, eta beste batzuk AA txertatu dutenak euren prozesuetara". Estudio garrantzitsu ugari daude adimen artifiziala erabiltzen ari direnak, eta haien prozesuak ezagutzeko aukera izango da topaketetan.

Hiru hizkuntza entzungo dira Basquervillen: euskara, gaztelania eta ingelesa. Ostegunean, Harroby atalean, euskaraz egingo dute gehienbat bertako sortzaile gazteek, antolakuntzatik ere horretara gonbidatu baitituzte artista euskaldunak.

"Enpresen eta diseinatzaileen elkargune izan nahi du jaialdiak"

Ostiralean hiru hizkuntzak nahastuta egongo dira, eta larunbateko hitzartze gehienak ingelesez izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Urteak daramatzate esfortzuak egiten euskararen presentzia handitzeko, baina nazioarteko ekarpenei aterik itxi gabe.

150 bat lagun igaro izan dira egunero Basquerville jaialditik aurreko edizioetan, eta bisitari kopurua gorantz ari dela jakinarazi dute antolatzaileek, hazten jarraitzeko beldurrik ez dutela esatearekin batera. Aitortza ere jaso dute bidean, aurten hiru sari lortu baitituzte Bartzelonan ospatzen den Laus sariketan, eta bi sari jaso zituzten iaz. Diseinu munduko Goya sariak bezala deskribatu dituzte antolatzaileek. EIDE eta DIGA diseinatzaile elkarteek, Hego Euskal Herriko eta Arabakoek, hurrenez hurren, parte hartuko dute edizio honetan ere.

Talentua mapan jartzea zeregin gisa dutenez, ezin ahaztu Basquerville jaialdiaren irudia eta identitate grafikoa sortu duten diseinatzaileak. Xabi Mendibe gasteiztarrarekin aritu dira orain arte, eta aurten Xabier Isasti getariarrak egin du iruditeria. Ezin aipatu gabe utzi, "sekulako lana" egin duela eta, merezitako aitortza egin diete antolatzaileek.

Arabako enpresa ehunari eta diseinatzaileei bultzada ematera dator Basquerville. "Diseinu sektoretik kanpoko enpresa batek salmentak handitu nahi baditu, edo bere produktuak beste moduren batean saldu", inspirazioa bilatu lezake IAKn.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago