Olatu artean bikain mugitzen da Naia Espinosa (Legutio, 1998). Surfean murgildu zen lehenago, eta zaletasunaren eskutik etorri zen ofizioa gero. Neopreno jantziak garbitu eta lehortzeko makina bat aurkeztu zuen Dryfing proiektuarekin, eta enpresa hedatzeko lanetan ari da orain Miñaoko parke teknologikotik. Egitasmo "iraultzailea" txalotu du Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (Ampea), eta aste honetan jaso du emakume ekintzaileen ataleko saria.
"Surfarekiko eta berrikuntzarekiko duzun grina mugak zeharkatzen" ari dela nabarmendu du Ampeak. Zer esanahi dauka zuretzat sari honek?
Ilusio handia egin dit, eta batez ere gazte ekintzaileen lana txalotu dutelako. Beste sarituek [Blanca Palacios, Kristina Apiñaniz eta Sara Maldonado] ibilbide oso oparoa dute, eta ongi dago hasiberrien lana nabarmentzea ere, ez baita ohikoena. Era berean, ikasten ari diren beste neska gazte batzuentzat adibide izan banaiteke, gertuko eredu izan banaiteke, ni poz-pozik.
Hasieratik izan zenuen argi zure negozio propioa sortu nahi zenuela?
Modu naturalean sortzen joan den beharra izan da. Nire bizitzarekin zer egin nahi nuen pentsatzean argi nuen, hori bai, uretako kirolekin zerikusia zuen zerbait izan behar zuela, surfarekin, ahal bazen; ikasi bitartean surf begirale titulua atera nuen, asko gustatzen zaidalako. Eta surfean lanean nenbilela Juanjo Torres nire bazkidea ezagutzeko zortea izan nuen, esperientzia handikoa bera, eta ikusi nuen posible zela, finantzabide txiki bat lortuta, buruan genuen ideia aurrera eramatea. Nire aita ere autonomoa da, eta beti arreta eman dit zerbait sortu eta zure lanbide propioa izateko aukerak. Gutxinaka forma hartzen joan da.
"Miñaoko parke teknologikoan babesa jaso dugu, batez ere hasieran, diru laguntza eta ekimen desberdinekin"
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egin zenuen.
Bai, eta ekintzaile gazteentzako programa batean ere izena eman nuen. Izan ere, hori ondo ikasi dut: ekintzailetzak ez du zerikusirik unibertsitatean ikasten duzunarekin. EAZ ikasketetan banketxe batean edo enpresaren batean lan egiteko prestatzen zaituzte, baina ekintzailetza desberdina da erabat. Programa horretan izena eman eta Arabako saria irabazi nuen; Estatuko beste irabazleekin batera, egun batzuetan Silicon Valleyra (AEB) joateko aukera izan nuen, Google edo Facebook moduko enpresak ezagutu nituen, eta horrek poliki-poliki nire proiektuarekin abiatzea ekarri zuen. Ekintzailetza egitasmoak dituzten erakunde eta eragileekin elkartu, finantzaketa bilerak egin, ingeniaritza bat kontratatu, eta, pixkanaka, produktua merkatuan saltzen hasi arte. Dagoeneko bi urte daramagu makinak saltzen.
Surfa abiapuntu duen proiektu bat. Nola heltzen da legutioar bat surfa egitera?
Nire bizitzan kirol ugari probatu ditut. Futbola, saskibaloia eta eskupilota tartean. Uda batean surfa probatu nuen Ribadesellan, eta izugarri gustatu zitzaidan. Poliki-poliki hasi nintzen, Zarautz, Deba edo Sopelan, eta begirale izateko ikastea erabaki nuen.
Eta behar batetik heldu zen Dryfing proiektua?
Neopreno bustia jantzi nahi ez izatetik sortu zen Dryfing-erako ideia. Surfa edo bestelako uretako kirolak praktikatzean oso desatsegina izaten da ondo lehortu ez den neopreno bat jantzi behar izatea, eta gure kostaldean izaten den hotzarekin zer esanik ez. Monitore izan nintzenean arazoa orokorra zela ikusi nuen surf eskoletan. Azken batean, gorputzean itsatsita eramaten duzun jantzia da, askotan pixa ere bertan egiten duzu uretan ordu asko ematen dituzulako, eta oraintxe bertan egiten diren garbiketak oso azalekoak izaten dira; urez betetako ontzi handi batean sartu, eta lehortzen utzi, denbora izanez gero. Hala, modu errazago batean garbitu, desinfektatu eta lehortzeko makina bat prestatzea bururatu zitzaigun, batez ere uretako kirolak egiten diren zentroentzat, prozesua arindu eta eraginkorragoa egiteko, eta, ohiko metodoaren aldean, ura aurreztuta gainera. Kirol zentroek makina monetizatzeko aukera ere badute, garbitegi baten moduko zerbitzua eskainiz beren neoprenoarekin doazen guztiei.

Nolako harrera izan dute makinek?
Ikusi dugu urpekaritza sektorean oso ondo sartu dela, surfean baino hobeto. Makinak, ziklo bakoitzeko hamar jantzi garbitu eta lehortu ditzake, eta urpekaritza taldeetarako oso egokia da, halako taldeak izaten direlako goiz eta arratsalde; goizeko jantziak garbi eta lehor egon daitezke arratsalderako. Jantziak ere bereziagoak dira urpekaritzan, garestiagoak, eta ondo zaindu behar dira. Momentu honetan, hamabost bat makina ditugu banatuta Estatuan, eta Portugalen ere aste honetan jarri dugu bat. Dryfing Ura izeneko makinak zabaldu eta egonkortzea da gure helburua aurrera begira, baina beste aukera batzuk ere baditugu; makinarik ez dutenentzat, eskuz garbitzeko produktu desinfektatzailea dugu, biodegradagarria eta jantziaren elastikotasuna mantentzen duena. Produktu guztiak gertutik ezagutu nahi dituenak aukera izango du Sopelan egingo den Surf Business Meeting azokan, urriaren 22, 23 eta 24an.
"Zailena produktua sortzea dela diote, baina niretzat are zailagoa da saltzea"
Merkatua zabaltzen joatea da zuen asmoa?
Bai. Oso txikiak gara, eta etxetik gertu nahi genuen saldu produktua, hasierako urteetan behintzat. Horrek ahalbidetu digu hobekuntzak egitea eta nola funtzionatzen ari den ikustea, prototipoa duzunean ez dituzulako gauza guztiak behar bezala ikusten. Beste enpresari batzuek ere gomendio hori eman ziguten; gertutik hasi, eta makina baliozkotu denean zabaltzen hasi beste merkatu batzuetara. Merkatu berri bat irekitzea beti da zaila, produktu berria da, eta txip aldaketa bat egon behar da, horretara egokitu behar delako bezeroa, eta horrek, noski, bere denbora behar du, askotan nahiko genukeena baino gehiago.
Ekintzailetzak badu arriskutik ere, ezta? Surfean aritzea bezala, agian...
Orekarekin parekatuko nuke beharbada. Alegia, ez dago egonkortasunik. Egonkortasuna nahi baduzu, agian bide hau ez da zuretzat. Nik beti hurrengo hiru hilabeteetako plana dut buruan, gutxi gorabehera, eta horrekin aurrera egiten dut. Sekula ez dut epe luzean pentsatu, gauzak berehala aldatzen direlako, bestalde. Eta bai, ikusten dut inguruko lagunen batek etxea erosi duela, soldata dezenteagoa duela... baina kasu honetan ez da horrela, eta agian beste motibazio batzuengatik egiten dut lan.
Zer izan da zailena prozesu osoan?
Zailena produktua sortzea dela diote, eta hala izan da, baina niretzat, eta uste dut enpresa askorentzat, are zailagoa da saltzea. Bezero batek zure produktuaren alde apustu egitea eta horregatik ordaintzea magia iruditzen zait. Gaur egun, dauden aukera guztiekin eta lehiakide guztien artean, zure produktua hautatua izatea, salerosketa egitea eta makina martxan ikustea izugarria da. Saltzea da erronka handienetako bat, nire ustez, hasi berri diren enpresentzat gakoa, horretan jarri behar da indarra, askotan geure produktuekin itsututa ibiltzen garelako. Eta produktua perfektua bada ere, saltzen ez baduzu, hilda zaude.
Babesa jaso duzue Miñaoko parke teknologikoan? Nolako aukerak dituzte ekintzaileek?
Bai, batez ere hasieran, diru laguntza eta ekimen desberdinekin. Enpresa proiektu berrientzako aukerak eskaintzen ditu BIC Arabak, esaterako, eta guk horri esker eman genituen lehenengo pausoak. Bazekiten ideia bat genuela, eta foro bat antolatu zuten askotariko egitasmoekin, inbertsioak egiten ikasten ari diren lagunekin. Oso berde joan ginen gure proiektua aurkeztera, egia esan, baina hiru zorok gurearen aldeko apustua egin zuten, eta horrek nolabait beste ate batzuk ireki zizkigun. Hasierako hiru zoro horiei esker, gure lehen prototipoa izan genuen, eta produktua zabaltzen hasi ginen.
Zer oztopo aurkitzen dituzte bidean ekintzaileek oraindik?
Ongi legoke autonomo kuota, zerga eta halakoak malgutzea, egia esan. Guk, oraintxe bertan, hasi berri, hilean kostu finko batzuk ditugu, eta, hilabetea zor batekin hasten dugu! Pentsa! Beste herrialde batzuetan hau pixka bat errazagoa dute. Azken batean, ekintzailetza guztiontzat aberastasuna sortzea da. Guk geuk, txikiak izan arren, langile bat kontratatu dugu, ingeniaritza talde batekin ari gara lanean, han eta hemen gauzak mugitzen ari gara... beraz, hori erraztuko balitz ideala litzateke.
Lantalde handi bat izatea duzue buruan?
Ez da hori gure filosofia. Produktuari buruzko gero eta ezagutza handiagoa izan nahiko genuke, barne hobekuntzak eta bestelakoak egoki egin ahal izateko, baina planifikatuta dugunaren barruan. Eraikitzeko atala kanpoan mantenduko dugu, Azkoienen (Nafarroa), eta ez gara bat-batean gu lantegi bilakatuko. Gure bezeroen beharrak ongi ezagutu nahi ditugu, marketin eta salerosketa atala indartzeko, eta beharrezkoak ikusten ditugun hobekuntzak eramango dizkiegu profesional eta ingeniariei. Oraintxe bertan, egunerokoan bost lagun ari gara lanean; horien artean bi inbertitzaile, proiektuarekin oso inplikatuta daudenak, eta gurekin lan egiten dutenak eragiketen zuzendari modura eta bestelako beharrekin. Laster bulego berria izango dugu Miñaoko parke teknologikoan, egoitza nagusi moduan, eta Valentzian ere ordezkaritza bat daukagu.
