Biasteriren Adiskideen Elkarteko museoan aurkitutako agiri batzuetan oinarrituta, Las consecuencias (Pepitas de Calabaza) liburua kaleratu berri du Susana Koska (Donostia, 1966) aktore, dokumentalista eta idazleak. Maria de Lera maisu guardiarraren eta Angel Maria de Lera idazlearen ibilbideetan arakatuz, Gerra Zibilaren ondorioez hausnartu nahi izan du idazleak. Guardian bertan aurkeztu du liburua.
Nolakoa izan da aurkezpena?
Oso ondo joan da. Tira, herrian denboraldi luzez bizi ohi naizenez, auzokideek soberan ezagutzen naute aspalditik. Besteak beste, Maria de Leraren ikasle izan ziren hainbat emakume egon dira aurkezpenean. Maria bere garaiko emakumea zen, Guardian pisu handia izan zuen familia batekoa. Moja izandakoa, eta maistra. Egia esanda, ezin zaio ere eskatu modernitate gehiago izatea.
Sarritan aise eskatzen zaizkie kontuak iraganekoei, gaur egungo parametroen arabera, ezta?
Bai. Garaia beti aintzat hartu beharra dago. Gainera, nik argi daukat kontu bat: ezkertiarrek, tartean ezkerreko emakumeek, gerra galdu zuten, baina eskumako emakumeek ere galdu zuten. Egongo ziren pribilegiatuagoak zirenak, baita ezkerrean ere, baina errepresioaren tapakia guztien gainean erori zen; bereziki, emakumeen gainean. Noski, emakume ezkertiarrek gehiago galdu zuten, baina eskubideez ari naiz. Berak ezin izan zuen bere patua aukeratu.
Ea, goazen hasierara. Nor da Maria de Lera, eta nola egin zenuen topo haren bizitzarekin?
Biasteriren Adiskideen Elkartearen museoa ordenatzen ari ginela, Eskola hitza jarrita zuen kutxa bat topatu nuen. Bertan gauza asko zeuden: nesken koadernoak, pedagogia koadernoak –bai Errepublikaren garaikoak zein garai frankistakoak–. Azken hau oso interesgarria da, ikusten duzulako hezkuntza eredu bakoitzaren interesak zeintzuk izan ziren. Mariak eskola katolikoa ireki zuen, garai hartan herrian zeuden indar katolikoen laguntzarekin, noski. Bizitzaren kasualitatez, bere ilobetako bat Angel Maria de Lera izan zen, 1967an Planeta saria irabazi zuena. Angel Maria bai izan zen guda galdu zutenetako bat. Are, heriotzara kondenatu zuten, eta hamar urte eman zituen kartzelan. Familia berean zeuden bi nortasun hain desberdin horien arteko lotura aztertzea oso interesgarria egin zait. Ideiengatik apurtu ziren familia asko egon zen, beste hainbat familiak batuta jarraitzea lortu bazuten ere. Oso liluragarria iruditu zait ikustea nola iturburu beretik bi nortasun hain indartsu agertu ziren. Izeba-iloba gisa harreman handia mantendu zuten urtetan, maitasun eta edertasun handikoa.
Nolakoa izan zen Mariaren ibilbide pertsonala?
Gaztetxoa zela, Gasteizko Ursulina seroretara eraman zuten, bere ahizpa nagusia Guardian geratu bazen ere. Hala egiten ziren gauzak garai hartan. Esango nuke Errepublikaren garaian familiak konturatu zirela etortzear zenaz. Errepublikak erlijioa eskoletatik kanpo atera zuen, baina ahalbidetu zituen eskola pribatu erlijiosoak. 1935ean eskola ireki zuen, baina 1936an eskarlatina izurrite bat izan zela eta, Guardiako eskola guztiak itxi zituzten. Gero berriro ireki zuten, baina ordurako Guardia jada ez zen errepublikanoa.
Emakume honek zer nolako garapena izan zuen? Politikoki nabarmendu al zen?
Ez. Ume txikiei klaseak eman zizkien, hori baino ez. Herriko maistra eta beata bat izan zen. Gainera, emakumeak garai hartan beldurtuta egon ziren: Maria ez zuten hezi ausardian, pairamenean baizik. Tira, Falangearen Emakume Ataleko ordezkaria izan zen, eta Auxilio Socialen ardura izan zuen. Bazegoen, bai, lerrokatuta, baina berak ez zeukan nortasun hori. Herriko andereñoa baino ez zen, hori baino gehiago egitera ez zen ausartu. Alde horretan egotea egokitu zitzaion, ideia horiek izan zituen, eta kito. Esan beharrik ez dago: norbera libre da, noski, bere ideiak izateko.
Ilobak, ordea, kontrako norabidea hartu zuen...
Bai. Gasteizko seminarioan sartu zuten, baina ondoren utzi zuen. Aita Lantziegoko medikua izan zen, baina izurrite batean hil zen. Une horretan Angel Mariak fede krisia izan zuen, eta erabateko eraldaketa izan zuen. Anarkismoa aurkitu zuen; bizitza berri bat. Angel Pestañaren Alderdi Sindikalistaren sortzaileetakoa izan zen, eta gerra piztu zenean Pestaña batailoian borrokatu zuen. Gerran bizirautea lortu zuen, baina Madrilen atxilotu lehenetakoa izan zen, eta berehala heriotzara kondenatu zuten. Indultu bat egon zen, baina gero kartzela zigorra ezarri zioten. 27 urterekin sartu eta 37 urterekin atera zen. Gainera, hainbat kartzelatan ibili zen. Lehen kartzela horien gaineko memoria bizia izan zen bera.
Konplexutasun horren adierazle, errepresaliatua izan zen, baina ondoren Planeta saria eskuratu zuen.
Bai. Kartzelatik atera zenean, ahal izan zuen moduan bizitza bilatzeari ekin zion, gerra galdu zuten guztiek egin behar izan zuten modu berean. Zerotik hasita, denetarik egin zuen. Ezkondu ostean, finkatu zenean, idazteari ekin zion. Los olvidados izeneko eleberri ederra idatzi zuen lehenik, eta bertan Madril inguruan eratu ziren txabolen asentamenduez hitz egin zuen. Orain ezagutzen ditugun aldiriak orduan sortzen hasi ziren. Eleberrian kontatu zuen jendeak nola egin behar izan zuen aurrera hain egoera ekonomiko txarrean. Argitaletxe on batek publikatu zuen arren, ez zuen arrakasta handirik izan. Ondoren, ABCn idazten hasi zen, eta zezenen inguruko Los clarines del miedo liburu ederra idatzi zuen —ondoren pelikula batera eraman zuten hau—. Eta 1967an idatzi zuen galtzaileen gaia jorratu zuen lehen liburuetako bat: Las últimas banderas. Gerra galdu izanaren zergatiaz hausnarketa egin zuen liburu horretan. Ez zen gerraren lazgarrikerien gaineko liburua izan, hori gertatzeko egindakoen inguruko galderak baizik. Oraindik ere kostatzen zaigun hausnarketa da hori. [Jose Manuel] Lara editorea oso abila izan zen, eta konturatu zen liburu horrek arrakasta izango zuela. Edizio asko izan zituen liburuak.
Garai hartan, erregimena malguagoa zen jada, ezta?
Hori da. Ordurako, galtzaileen inguruko literatura zegoen, gehienbat kanpoan argitaratutakoa. Baina hemen ere hasi zen argitaratzen, eta pertsona pila batek literatura hori irakurri nahi zuen. Horregatik diot Lara oso trebea izan zela, liburu horiek erosiko zituen publiko zabal bat zuela konturatu zelako. Esango nuke iragan gorria izan zuten familietako etxe guztietan liburu hori egon zela. Planeta saria izanda, nolabait justifikatuta zegoen liburua edukitzea.
Nola moldatu zara ba hau guztia fikziora eramateko? Ez dakit, egia esanda; errealitatearen eta fikzioaren artean jolasten.
Angel Mariaren kasuan ez da hala izan. Berrizendatzeko dagoen jende andanaren artean, badira oroitu gabe geratu diren asko, eta idazle hori horietako bat da. Bere bizitza bera benetako eleberria da. Pertsonaia kixoteskoa da, kimera eta nortasun handiarekin. Mariaren kasuan, berriz, fikzio gehiago dago, erreferentzia gutxiago ditudalako.
Nola azalduko zenuke liburua?
Beti aipatzen diren bi Espainia horien inguruko istorio bat da. Familia asko apurtu ziren, eta oso katoliko eta apostolikoa zen familia batean honen moduko pertsona bat nola sortzen den ikustea arras adierazgarria da. Izan garena kontatzeko modu bat izan da. Nobela bat bezala hasten da, baina ondoren biografia edo entsegu itxura hartzen du. Bestetik, nik ez nuen katedra egin nahi, oso gutxi ezagutu dudan emakume baten inguruan idatzi dudalako. Baina Angel Mariaren semeekin, aldiz, hitz egiteko aukera izan dut, eta asko kontatu didate haren inguruan.
Besteak beste Tópico de cáncer idatzi zenuen aurretik. Zer asmorekin idatzi zenuen?
Ez erotzeko, eta infernuan emandako garaia kontatzeko. Orain bat-batean gaitzaren tratamendu bat jaso dugun lagun asko bagara, baina idatzi nuen garaian gutxiago ginen. Une horretan joera bat zegoen esateko, 'tira, goazen aurrena honekin'. Bada, horren aurrean, aldarrikatu nahi nuen ere esateko zeinen gaizki sentitzen nintzen halako egoera batean. Ez naiz zertan izan heroina bat. Ea, gizakia zara, izorratuta zaude, eta ez duzu halabeharrez aurpegi ona jarri behar.
Mujeres en pie de guerra beste erreferentzia bat izan zen...
Hori lantzen nire bizitzaren urte asko eman nituen, eta emakume izugarri indartsuak ezagutzeko aukera izan nuen. Lehenik eta behin, dokumental gisa, eta gero liburu gisa. Kontatu nahi izan nuen emakumeak ez zirela gerran eta errepresioan soilik biktima izan; aldiz, parte hartze aktiboa izan zuten, eta politikoki nabarmendu. Fabriketan, umezurztegietan edo alderdietan lanean egon ziren. Biktimak izateaz gain, aurrerapausoak eman zituztela aldarrikatu nahi izan nuen. Horietako askok erbestera jo behar izan zuten, eta gizonezkoek bezain kartzelaldi luzeak izan zituzten. Batzuek, gainera, erresistentzian parte hartu zuten, eta kontzentrazio eremuetan sartu zituzten. Eta txikienen artean, batzuk ebakuatu zituzten, gainera.