Suhiltzaileen lanbidea emakumeengana hurbiltzeko asmoarekin, azaroaren 21etik 23ra Emakume, zu ere suhiltzaile campusa antolatu dute Espejoko parkean, 18 eta 25 urte bitarteko emakume gazteei zuzenduta. Andrea Aja Maruri (Santander, 1977) Langraiz Okako parkeko suhiltzailea da campuseko koordinatzailea. Entrenamendu fisikoak, dinamikak eta talde jolasak, eta genero estereotipoei eta ahalduntzeari buruzko gogoetak egingo dituzte. "Suhiltzaileen mundu hau anitza dela, aukera asko daudela eta, nahi izanez gero, leku askotara jo dezaketela erakutsi nahi diegu".
Campusa antolatzen duzuen bigarren urtea da. Nola sortu zen egitasmoa?
Nazioartean emakume suhiltzaileen elkarte bat dago, aldian-aldian bilerak antolatzen dituena. Kasualitatez, bilera batera joateko gonbita egin zidaten, eta neskak parte hartzera edo suhiltzaile izatera animatzeko moduaz hitz egin zen. Eta hor hainbat herrialdetako adibideak izan ziren, Kanadakoak, Finlandiakoak eta Suediakoak, mota horretako jarduerak egiten zituztenak, egun batekoak, egun batzuetakoak, aste batekoak. Ni hezkuntzaren mundutik nator, irakaslea eta gizarte hezitzailea naiz, eta hor nire bi munduak elkartu ziren. Oso ideia polita eta beharrezkoa iruditu zitzaidan.
"Suhiltzailearen ereduan oso errotuta dago heroi maskulinoaren estereotipoa"
Laguntza izan duzu campusaren ideia hori Arabara ekartzeko?
Arabako emakumezko suhiltzaileen elkartea osatu genuen, elkartearen motorea izateko eta jardunaldiak antolatzeko, eta suhiltzaileen foru zerbitzuak guztia finantzatu zuen. Aurten ere bere bitartez antolatu dugu campusa eta aldundiko Berdintasunerako zerbitzuak finantzatuko du.
Zergatik ez dira suhiltzaile izatera animatzen emakumezkoak?
Arazoa da suhiltzaile izatea ez dagoela emakumeen lan aukeren horizontean. Ez da aukera gisa agertzen. Pixkanaka aldaketa txiki bat ematen ari da. Nik orain ikusten dut 18 urte dituzten neska batzuek esaten dutela: nik suhiltzaile izan nahi dut. Baina oso kopuru txikia da, prozesua azkartu egin behar da.
Zerk geldiarazten ditu emakumeak?
Beno, nire ustez, batez ere lanbidearen estereotipoa maskulinoa dela, erabat. Eta gizarteari helarazten zaion suhiltzailearen eredua oso heroikoa da, heroitasunaren, indarraren, ausardiaren, heroiaren beraren estereotipo maskulinoan oso errotuta dago. Suhiltzailea bakarrik dagoela ematen du. Eta gezurra da, taldean goaz beti, eta taldea, hain zuzen ere, talde bat izateagatik, diziplina anitzekoa da. Hau da, mundu guztiak ematen ditu bere dohainak eta bere trebetasun pertsonalak, eta hori da talde bat aberasten duena. Hau da, talde batek profil bakarra badu, pobrea da. Baina, benetan, askotariko pertsonak garenez, zenbat eta aniztasun handiagoa izan talde batek, orduan eta eraginkorragoa da. Izan ere, gure lan errealitatea askotarikoa da, ezin da aurreikusi. Orduan, zenbat eta aniztasun handiagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izango dugu egoerara egokitzeko.
Lan arriskutsua izateak emakume gehiago sartzea eragotz dezake?
Gure lana oso arriskutsua delako ideia hori ere badago. Hau da, arriskua dago. Eta, izan ere, lankideak hiltzen dira batzuetan istripuetan. Batez ere baso suteetan, horiek baitira arriskutsuenak. Baina nik uste dut arriskuaren ideia gehiegizkoa dela. Eta horrek ere jende asko atzera botatzen du.
Zenbat emakumezko suhiltzaile daude gaur Araban?
Araban 180tik hiru emakume gaude. Ni Langraiz Okako parkean nago, beste lankide bat Laudion eta beste bat Kanpezun. Gasteizen 150 suhiltzaile dira eta zazpi emakume daude.
Ekintza positiboko neurriak zalantzan jartzen dira?
Ekintza positiboko neurriak, dagoen diskriminazioa konpentsatzeko direnak, gaizki ulertzen dira. Informazioa manipulatzen da egoerari buelta emateko. Orain, legez, Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzuak behartuta daude emakumeentzako kupoa eta emakumeentzako plazak gordetzera, eta erresistentzia handia dago. Oso handia. Neurriak gaizki ulertzen dira. Hau da, ez da diskriminaziorik ikusten. Emakumeenganako diskriminazioa hain da ikusezin, non ez baita ulertzen emakumeen aldeko neurririk egotea. "Dena konponduta badago, zer gertatzen zaizue? Zergatik kexatzen zarete?". Hor ez bagaude, nahi ez dugulako edo nahi izan ez dugulako dela ulertzen da.
"Iazko campusean 190 emakume gaztek eman zuten izena. aurten dagoeneko 60 daude"
Campusak badu dagoen hesi hori apurtzeko asmoa?
Nire ustez, mundu hau pixka bat esperimentatzea, bertara etortzea, tresnak maneiatzea, gure mundua hurbiltzea bezala da, eta nolabait esatea nahi izanez gero ahal dutela egin. Gero oposizio bat gainditu behar dute eta nahaspila hori guztia, baina posiblea da.
Zenbat emakumezkok parte hartzea espero duzue aurtengo campusean? Zenbat plaza aurreikusi dituzue?
190 lagunek eman zuten izena iaz, eta gustatzen zait datua esatea, oso arrakastatsua izan zelako. Aurten oraindik ez dugu izena emateko epea itxi, irailaren 30ean itxiko dugu, eta jada 60 lagunek eman dute izena. Iaz bezala 30 plaza daude, eta zozketa bidez aukeratu beharko ditugu parte hartzaileak. Interes handia dago.
Euskal Herrian izan ezik inguruko beste lekuren batean egiten da horrelako campusik?
Nik dakidala ez da beste inon egiten.
Zertan datza campusa?
Campusa hiru egunetan banatzen da. Iazkoa pixka bat luzeagoa izan zen eta ariketa guztiak egun bakar batean pilatu ziren Langraiz Okako parkean. Nekagarria izan zen egun osoa eman genuelako ariketak egiten, eta neskentzat oso gogorra izan zen. Ariketa asko dira, eta oso luzea egin zitzaien. Aurten, berriz, ostiral arratsaldetik igande arratsaldera izango da campusa, eta Espejoko suhiltzaileen parkean izango dira ariketa guztiak, bi egunetan banatu ahal izateko. Espejoko aterpetxean ostatu hartu ahalko dugu eta parkera oinez etortzeko aukera izango dugu.
Zer motatako ariketak landuko dituzue campusean? Zer entrenamendu eginen duzue?
Ostiralean, taldea sortzeko, taldea kohesionatzeko jarduerak izango dira, elkar ezagutzeko, bizikidetza kodea pixka bat markatzeko, espazio seguru bat sortzeko, elkar entzuteko eta errespetatzeko jarduerak izango dira. Halaber, entrenamendua egiten hasiko gara. Ez da oso gogorra izango, baina garrantzitsua iruditzen zitzaidan lehen egunean entrenamendua egitea; izan ere, lanaren zati garrantzitsua da sasoian egotea, indartsu egotea, gorputza erabiltzea; indarrarekin, arintasunarekin eta koordinazioarekin kontaktuan egotea. Larunbat goizean, suteak itzaltzearekin zerikusia duten jarduerak eta maniobra errazak egingo ditugu: mahuka instalazio bat egin, ura bota. Erreskate bat ere egingo dugu, kez betetako etxe batean gaudela simulatuz, begiak estalita. Sutarako jantziak jantziko ditugu, arnas ekipamenduarekin, maskara jantzi eta arnasa hartu…. Su-itzalgailuen erabilera ere erakutsiko zaie, zer den jakiteko. Eta iaz arrakasta handia izan zuen erakustaldi txiki bat ere egin nahi dugu, trafiko istripu baten itxura eginez, harrapatuta dagoen pertsona bat ateratzen. Igandean, berriz, hiru erizainekin lan egingo dugu, eta oinarrizko maniobrak irakatsiko dizkigute: BBB Bihotz-birika berpiztekoa, Heimlichen maniobra. Bestelako ariketa praktikoak ere egingo ditugu, autoa nola egonkortu jakiteko, adibidez, eta pertsona bat ateratzea autotik, tresnarik gabe.
Ariketa eta entrenamenduarekin batera, genero estereotipoak lantzeko eta ahalduntzeko jarduerak ere landuko dituzue?
Ariketen ostean, ostiral eta larunbat arratsaldean elkartuko gara eta bizitakoaren digestioa egingo dugu. Bizi izan duguna eta hemen egin ditugun ariketak erabiliko ditugu genero estereotipoak lantzeko, ahalduntzeko, mugak gainditzeko, bizi dugun egitura patriarkal sexistari buruzko hausnarketa egiteko. Gainera, aurten ere, gaualdi bat egingo dugu suhiltzaileentzako oposizioak prestatzen ari diren emakumeekin. Larrialdietako eta babes zibileko modulu batean lan egiten duen irakasle bat etorriko da bere esperientzia azaltzera. Emakume hori, gainera, suhiltzaile boluntarioa da. Nafarroan baso suhiltzailea den beste lankide bat ere etorriko da. Suhiltzaileen mundu hau anitza dela, aukera asko daudela eta, nahi izanez gero, leku askotara jo dezaketela erakutsi nahi diegu.
Nolako inpresioa hartzen dute, oro har, campusean parte hartzen duten neska gazteek? Harritu egin al zaitu esan dizueten zerbaitek?
Iaz gogoan dut, esate baterako, harritu egiten zituela gure adinak. Ez ginen oso gazteak, hau da, bazen gazteagoren bat, baina nik 47 urte daukat, beste batek 50, beste batek 40, eta horrekin harritu egiten ziren.
Izena emateko:
