Abel Azkona

Kontakizun bizigarri baten eraikuntza

Jon Hidalgo 2025eko irailaren 21a

Ehunka lagun hurbildu dira Azkonaren aurkezpenak ikustera. Argazkia: ALEA

Abel Azkonaren artelan askok bi data dituzte. Batetik, artelana egin zueneko data, eta bestetik sorkuntza prozesua bultzatu zuen gertakari traumatikoaren data. 'Monumentu bat familiari' erakusketan bere bizitzaren ibilbidea osatu du azkonak, Montehermoson ikusgai irailaren 28a arte.

Abel Azkonaren amak hiru abortu saiakera egin zituen, Iruñean, 80ko hamarkadan. "Hori izan da inoiz jaso dudan maitasun ekintzarik handiena" dio Azkonak. Abortatzea lortu izan balu salbatu egingo lukeelako, babestu, gerora gertatu zaizkion gauza guztietatik. Plaka batek omentzen du Azkonaren "ez jaiotzeko eskubidea". "Abortua izan daiteke haurren babeserako neurri handienetako bat, nire kasuan hala izango zen".

Ez baitu bizitza erraza izan artista iruñarrak. Erakusketa aretoan sartu eta denbora lerro handi bat dago paretan, Azkonaren bizitzako gertakari traumatikoenak jasotzen dituena, eta balio duena erakusketarako gidalerro gisa ere. Bere bizitzaren errelatoa osatzen eman ditu Abel Azkonak azken urteak, eta erakusketa hau da horren emaitza, bidean sortu diren erakusketa txikien batura. Etxera buelta ere izan da beretzat, dioenez, Euskal Herrira itzultzea, amaiera emateko bere bilaketa ibilbideari, nahiz eta kapitulu berriak ireki zaizkion azken asteotan, eta denbora gehixeago beharko duen guztiz ixteko. Amak abandonatu egin zuen Abel jaio berritan, Madrilen, sexu langileak eta kalean bizi ziren emakumeak artatzen zituen klinika batean. Abandonuari monumentua izeneko obra ikus daiteke erakusketaren hasieran, zumitzezko saski huts bat, Moisesen kondaira irudikatuz. Hala abiatzen da Azkonaren naufragioa.

"Psikiatrak brote bat zela zioen; irakasleak, berriz, performancea zela"

Amaren bikotea zenak hartu zuen etxean haurtxoa zenean, eta indarkeria eta abusu larriak jaso zituen umetatik. Mi mama no me mima idatzita dago paretako paper batean, norabide berean idatzitako milaka paperen erakusgarri.

Izen ugari izan ditu Abel Azkonak haurtzaroan, igarotako familia bakoitzaren arrastoak. Amaren bikotea Manuel izan zuen lehen aita, bikotekideak prostituitzera behartzen zituen gizona, Abel haurra sexurako truke txanpon gisa erabiltzen zuena. Gizarte zerbitzuek atera zuten etxe hartatik, eta familia katoliko bati eman, 7 urterekin. "Jainkoak bizitza salbatu zidala esaten zidaten, eta iragana ahazteko".

09872 espedientea

"Nik bi urtez Abel izateari utzi nion, eta 09872 umea izan nintzen Espainiako ongizate sisteman". Zenbaki hori daraman espedientea elementu garrantzitsua izan da Azkonaren bizitzan, errelatoa eraikitzen lagundu diolako, bizi osoko lana izan duena. "19 bat urte nituenean nire gorputzak memoria zuen. Lauzpabost urterekin behatzak sartzen nituen ipurtzulotik, pixa egiten nuen ohean; nire gorputzak bazekien gauza asko jasan zituela, baina ez zizkidaten kontatzen". Bilaketa horretan heldu zen 09872 espedientera. Adopzioan emandako umeek ama biologikoa ezagutzeko aukera izateko legea onartu berritan joan zen Azkona epaitegira, eta funtzionarioak, ideia askorik izan gabe, txosten osoa eman zion.

Ama biguna artelana, "besarkatu nezakeen ama bat". Argazkia: ALEA

Normalean dozena bat orrialde izaten zituzten txostenek; Azkonarenak ehundik gora zituen. "Hasi nintzen irakurtzen, uzkia urratuta zuela umeak, gurasoei zaintza kendu zietela, intentzio sexualak zituela amarekiko, astakeria pila bat". Pieza honek jarri zituen lehen oinarriak bere bizitza ulertzen joateko. "Gauzak gertatu zirela banekien, nire gorputzean zauriak zeudelako, baina ez nekien zein mailakoak ziren". Montehermoson dago ikusgai txostena, bizitzan zehar izan dituen izen guztien alboan.

Amaren aurkako amorrua izan du Azkonak urte askoan zehar, abandonatu zuen haren kontrakoa, eta bizitzan etorri zitzaizkion gaitz guztien erantzule egiten zuen ia. Gerora hausnartu omen du bera ez zela erruduna. Instituzioek, erlijioak, garaiko gizarteak behartu zuten ama haurra izatera, "baina berak ez zuen nahi, berak babestu nahi izan ninduen". Haur jaioberria uztea ekintza koherentea izan zela dio Azkonak. Hala ere, amaren hutsunea hamarkadetan zehar eraman izan du bizkarrean.

"Bi datu besterik ez nituen: ama prostituta, ama heroinomanoa"

Ehunka artelan ditu Azkonak amaren faltari eginak. "Hori da nire arazoetako bat, gehiegi sortzen dudala". Erakusketaren albo batean dago Azkonaren artxiboa, Getxon duen lantegitik bere sorkuntza prozesuen %20 ekarri dute Montehermosora, bisitariek ikusteko. Azkenerako, erakusketaren komisarioarekin adostuta, margolan bat aukeratu zuten amaren absentziari buruzko lan guztien tokia hartu zezan.

Ama aurkitzeko beharrak pisu handia izan baitu Azkonaren bizitzan. "2012tik 2022ra ez nion ama bilatzeari utzi, egunero". Bi datu besterik ez zituen, "ama prostituta, ama heroinomanoa". Amagana hurbildu nahian performance ugari egin zituen urte haietan, heroinara eta sexu lanera hurbilduz. Enpatia eta prostituzioa izeneko performancea egin zuen, adibidez, hiru aldiz. Performance parte hartzailea, artistak gorputza jartzen zuen, biluzik, eta ikusleek nahi zutena egiten zuten berarekin. Denetik, sarketak, gorputza erretzea, indarkeria ekintza gogorrak... Diru kopuru sinboliko baten truke obraren narrazioa eraikitzen zihoazen ikusleak. "Azkenean nik indarkeria egoera batean kokatzen dut nire burua, istorio bat kontatzeko, nik istorio bat ezagutzeko". Amarekin konektatzeko modua izan zen Azkonarentzat.

Amaren aurkikuntza

Ama bilatzen zebilela, jakin zuen, bere harridurarako, ama ere bere bila zebilela, bere aldetik. Amorru handia zuen oraindik barruan, "mi mama no me mima hori nuen eraikia", eta hurbilpen prozesu bat eskatu zion amari, pixkanaka pausoak ematen joateko. Bi urte eman zituzten hala, ekintza ugari eginez, amaren istorioa ezagutuz; 40 pauso baino gehiago eman zituzten, Azkona prest egon zen arte.

Aurten izan da elkargunea, apirilaren 1ean, Azkonak 37 urte bete zituen egunean. Madrileko Arte Ederren Zirkuluan ezagutu zuten elkar lehen aldiz. Ordubetez egon ziren elkarri eskua emanda, isilik. "Egun hartan ez nuen ezagutu abandonatu ninduen ama, nire bila etorri zen ama baizik". Bizitzako performance garrantzitsuenetakoa izan da hori Azkonarentzat, uste baitzuen ezin izango zuela inoiz bizi amaren eskutik helduta egotea.

"Nire ama nire bizitzan dago gaur egun". Malagan bizi da, eta hilabetero jaisten da Azkona hara, izozkiak jan, zinemara joan eta hitz egiteko, elkar besarkatu eta batera negar egiteko. Momentu onean omen dago orain Azkona, adikzioak uzten ere lagundu omen dio topatu berri duen egonkortasunak.

Amarekin elkartu aurretik, bidean izan ditu errelatoa eraikitzen lagundu dioten gertakari gehiago ere. Bere lehen aita izandakoarekin elkartu zen, Manuelekin, abusatzailearekin, eta baita familia hartako bere arrebarekin ere. Manuelen bikotea zen Arantxarekin topatu berri da asteotan, heldua denetik lehen aldiz, eta horren digestioa egiten dabil orain.

Performance askatzaileak

Artea bizitzari emana, edo bizitza arteari emana. Biek balio omen diote Azkonari. Kolonialismoa, feminismoa eta bestelako gaiak landu baditu ere, asko du autobiografikotik bere lanak. "Abandonua pairatzen dugunok, indarkeriak jasaten ditugunok, historia markatua dugu, minez", eta hortik omen datorkio historia berreraikitzeko beharra. Ez daki zortea deituko liokeen, baina bere historiako protagonistak prest egon dira, orain heldutan, gorputza jarri eta hitz egiteko. Errelatoa osatzea lortu izan ez balu, dioenez, gorputzean izango luke sartua herentzia, beldurra, nondik zetorren jakin gabe.

"Kaka guzti horrekin bizitzen ikasi behar da". Eta performance autobiografikoa hartu du Azkonak bizirauteko tresna gisa. Noski, bide horretan abiatuta oso bistan daude norberaren miseria guztiak. Onartzen du batzuetan oso agerian sentitu dela, damutu izan dela noizbait hain ikusgai jarri izanaz, baina hori izan da bere modua. "Nire familia katolikoak ukatu egin zidan nire istorioaz hitz egitea. Trapu zikinak etxean garbitzen zirela esaten zuten. Nik kontrako ideia nuen, kalera atera eta trapuak plazan zintzilikatzea, Iruñeko Gaztelu plazan. Literalki, hara joaten nintzen liatzera".

Hamasei urterekin, suizidio saiakera larri baten ostean, psikiatrikoan sartu zuten hilabetez, eta "guztiz drogatuta" izan zuten han. Irtetean kaleko ekintza bat egin zuen Azkonak. Guztiz biluztu eta Iruñeko etorbide nagusietako baten erdian jarri zen, oihuka. Bere psikiatrak esan zion brote bat izan zela hori. Arte eskolako irakasleak, berriz, performance bat zela esan zion.

Lehen aldiz entzun zuen han performance hitza. "Hortik aurrera ia astero atera nahi nuen ekintzak egitera". Montehermoson ikusi daiteke bere eskolako aulki bat, Iruñeko trafikoa mozteko erabili zuena, ekintza hauetako batean. Garaiko irakasle harekin kontaktuan jarri zen Azkona, eta gutun publiko bat idazteko eskatu zion, mundu guztiari barkamena eskatuz berari erakutsi izanagatik performance bat zer zen.

"Inork ez dauka bizitza gozoa. Batzuk sinestarazten saiatzen dira, baina bizitza ez da gozoa. Mingotsa da, zaila, konplexua, eta bakoitzaren traumak dira bizitzaren protagonista. Bizitzak ez dauka zentzurik, eta oraindik ere esaten dut, ojala ez banintz jaio izan, hau bizitzeko. Baina orain eraiki dut nire bizitzaren historia, eta horrek egonkortasuna ematen dit, orain arte ez neukan bizitzeko gogoa". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago