Harriei esanahiak erauzteko unea

Juanma Gallego 2025eko irailaren 8a

Eskulturek gidatutako ibilbide batetik abiatzen da proposamen artistikoa. Argazkia: PANTA RHEI

Egileorreko Isinohana lorategi-museoak Paco San Miguel eskultorea omenduko du, dramaturgia, dantza, musika eta arte performatiboen bitartez. Irailaren 11, 12 eta 13an eskainiko dituzte esperientziak.

Paco San Miguel eskultore arabarraren lana oinarri hartuta, hilaren 11, 12 eta 13an, 19:30ean, Isinohana lorategi-museoak ateak irekiko ditu Harriaren Arima izeneko esperientzia artistikoa eskaintzeko.Proposamena ez da "ohiko ikuskizuna", antolatzaileek berek azaldu dutenez. Aitzitik, "adierazpen eszeniko eta omenaldi" gisa definitu dute Egileorren (Agurain) kokatuta dagoen lorategi-museoan sentitu ahalko dena. Izan ere, dramaturgia, dantza, musika eta arte performatiboak bere gain hartzen ditu proposamenak.

Ibilbide artistikoa

Eskulturek gidatutako ibilbide batetik abiatzen da proposamen artistikoa. Geldialdi bakoitzean begirada desberdin bat eskainiko duela aurreratu du Panta Rhei konpainiak. Mundu ikuskera "matriarkal eta naturalistatik hasi eta harriaren arimari oroimen eta bizi-gai gisa egindako omenaldira arte".

Behin hasierako ibilbide hori eginda, argitu dute bertaratzen den publikoak espazioa libreki esperimentatu ahalko duela, eta parada izango duela ere artistaren lantegira hurbiltzeko.

Espazio horretan bertan ere azalpenek segida izango dute, formatu txikiko bisita gidatuak egingo dituztelako. Besteak beste, horien bitartez bertatik bertara ezagutu ahalko da artistaren sorkuntza prozesua; horrez gain, artistaren obrara eta argazki artxibora gerturatzeko parada egongo da.

Panta Rhei antzerki konpainiak artista arabarrari egindako "omenaldi" gisa aurkeztu du ekimena, "harria hizkuntza propio gisa modelatzen jardun duen sortzaile baten kultura eta ondare garrantzia" aitortzeko".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago