Klaudio Landa

"Egokitzapen fase batean dago telebista, bere burua kokatzen"

Anakoz Amenabar 2025eko irailaren 5a

Hiru hamarkada bete ditu Klaudio Landak telebistan, askotariko programen gidari. Argazkia: ETB

Gasteizko Festval jaialdiko Joan Ramon Mainat saria jasoko du Landak, entretenimenduko eta aktualitateko programen aurkezle gisa egindako ibilbide luzeari aitortza. Irratian hasi zuen ibilbidea, Euskadi Gaztea zenean, eta 'Arralde' izan zuen lehendabiziko saioa ETB1n, 1996an.

Hiru hamarkada bete dituen bide profesional oparoagatik, Joan Ramon Mainat saria jasoko du Klaudio Landa (Ea, Bizkaia, 1967) aurkezleak larunbatean. Festval telebista jaialdiko arduradunen hitzetan, bere ibilbidea "gidoi perfektua" da, "sormena, gertutasuna eta talentua batzen dituena". Horren erakusle dira, besteak beste, ezagun egin zuen Sorginen laratza saioa, edo ondotik etorri diren zerrenda luzea ETB1 eta ETB2n: Egunak egin du, Ni más ni menos, Debatea, Esta es mi gente, Jateko modukoa...  Elkarrizketa eta mahai ingurua batzen dituen 11 entzuteko du egun esku artean.

Nola jaso duzu Mainat saria?

Joseba Fiestras jaialdiaren zuzendariaren deia jaso nuen sariaren berri emateko, eta harrituta geratu nintzen benetan, ez nuelako halakorik espero. Pozik eta eskertuta. Eskerrak eman nizkion. Fiestras eta Festval bera aspalditik ezagutzen ditut, eta etxean bezala sentitzen naiz, lagunen arteko harremana da, eta horregatik ere pozik. Sari hau irailaren 6an ondo ospatuko genuela zin egin nion! Uztailean, oporretan nengoela, irakurri nituen antolakuntzakoek niri buruz esandakoak, eta hunkitu egin ninduen, oso hitz potoloak eta oso politak esan zituzten.

Besteak beste, "berrasmatzen" jakin izan duzula urte hauetan guztietan.

Bai. Egia esan, imajinatu zuri buruz profesionalki halako gauzak esaten dituztela. Sentimendu asko nahasten dira. Hunkituta eta pozik, batez ere aitortza zure lagunek eta sektoreko lankideek egiten dutelako.

Atzera begira jartzeko momentua izaten dira sariak. 30 urteotatik, zein irudi datorkizu bat-batean? Askori 'Sorginen laratza' datorkigu...

Ba ez naiz originala izango [barrez]. Zintzoa baldin banaiz, Sorginen laratza esango dizut. Hori da bat-batean datorkidan irudia. Gero beste batzuetaz gogoratzen zara, ETB2n urte luzez egindako arratsaldeko programa horiek, Jateko modukoa gero adibidez, eta orain egiten ari naizena, 11 entzuteko. Baina Sorginen laratza datorkit burura lehendabizi, eta badakit zergatik. Uste dut nolabaiteko mugarria izan zela nire bizitza profesionalean, eta kontuak atera noiz egin nuen! Gauza on asko eman dizkit. Alde batetik, uste dut askok ezagutu zutela han Klaudio Landa komunikatzailea, eta hori posible izan zen, argi dago, programak berak izan zuen arrakastagatik. Beste alde batetik, hasierako urte haietan bertan lan egitea, gainera, eskola oso ona izan zen. Gauza asko egiten genituen, horretarako askatasuna genuen, eta lantalde zoragarri baten parte izan nintzen. Besteak beste, argi dago, Xabier Euzkitze ezagutzeko aukera izan nuen, bizitzak elkartu gintuen, eta ez profesionalki bakarrik, baita pertsonalki ere. Profesional lantalde bikaina izan zen, jendeak ezagutzen ez dituen aurpegiak batzuk, baina gaur egun gailurrean lanean ari direnak. Eta talde profesionala izateaz aparte, hori beharrezkoa baita komunikazioan ere, beste arrazoi bat dago, eta hori ere azpimarratu behar da: oso ondo pasatzen genuen, baina benetan ondo. Energia guztiak bildu zirelako, gazteagoak ginelako, gauez egiten genuelako, eta ganberro puntu bat ere bazuelako saioak; intereseko askotariko gaiak eta horiek jorratzeko aske. Entretenimenduaren paradisu hartan, aukera asko genituen. Ondo pasarazteko saio bat zen, baina baita egiten ondo pasatzekoa ere.

"Entretenimendua aldarrikatu nahi dut; oraindik bigarren mailakotzat jotzen da"

Arrakasta izan zuen, besteak beste, denak telebista tradizionalari begira zeuden garaian, telebista etxe askotan epizentroa zen garaian... Hori ere aldatu da.

Egoera erabat aldatu da, eta ikus-entzunezkoen arloan eredu orokorraren aldaketa bat dago. Joko zelaia aldatu da, arauak aldatuz doaz, eta egokitzen joan behar dugu telebista egiten dugunok. Egia da garai hartan telebistan egiten zen guztia guztiok ikusten genuela, telebista epizentroa zela, baina beste Òabardura bat ere gakoa izan zela uste dut: euskaraz egitea. Lehen aldiz egin zen halako saio bat euskaraz, euskal munduarentzat, eta hori ere interesgarria izan zela uste dut. Halako programak baziren erderaz, gaztelaniaz, eta euskaraz egitea nobedadea izan zen, eta Sorginen laratzaren arrakastaren arrazoietako bat ere izan zela uste dut.

Euskara aipatu duzula, "larrialdi linguistikoa" azpimarratzen ari da azkenaldian Euskalgintzaren Kontseilua, eta esparru desberdinetan "premiaz" esku hartze batzuk egin beharra aipatu du Idurre Eskisabel idazkari nagusiak. ETBri dagokionez, gehiago egin beharko litzateke?

Arlo guztietan. Uste dut guztiok eduki behar dugula argi zein den egoera eta zer egin beharko genukeen hori aldarazteko, euskararen presentzia bermatzeko, eguneroko erabilera bermatzeko, euskaldunak garenok euskaraz bizi ahal izateko egin dezakegun ekarpena zein den. Arlo guztietan, eta arlo guztietan diodanean oraintxe bertan biok egiten ari garen elkarrizketa hau bera da bat, gure ekarpena, baina bestelako erakunde eta eragileei ere dagokie. Alde horretatik, euskal komunikabideek ere badute euren eginkizuna, eta badago egitekoa.

Neurri zehatzik proposatuko zenuke ETBn?

Uste dut horren ardura dutenek planteatu, ikertu, antolatu eta prestatu beharko lituzketen neurriak direla. Ekarpenak guztiok egin ditzakegu, baina uste dut euren esku dagoela.

Bien bitartean, norantza doa ohiko telebista? Zer joera sumatzen duzu hurrengo urteetarako?

Uste dut gure burua egokitu behar dugula bertan lan egiten dugunok eta hedabideak berak. Egokitzapen fase batean gaudela uste dut. Hedabideak zenbait urte daramatza horrela, bere burua kokatu nahian. Ikus-entzunezkoetan sekulako eragina izan dute sare sozialek, eta batzuek esaten dute hau telebista tradizionalaren bukaeraren lehen kapitulua dela; tira, ni ez nago horren ados horrekin, ikusten ari garelako. Nolabait sare sozialek markatutako bide edo irizpideetara egokitzen jakin izan dute irrati eta telebista tradizionalak; zenbait kasutan jakin izan dute hortaz baliatzen. Irratia, esate baterako, dagoeneko ez da soilik entzuten den zerbait, ikusi eta entzun egiten da. Eta egokitzapen prozesu horrek jarraituko duela uste dut. Eta kontsumo aldetik asko kontsumitzen da oraindik; datuak ikusita, kontsumoak ez du asko behera egin, eta indartsua izaten jarraitzen du. Interesgarria da, baina, zer nolako profilak aurki ditzakezun kontsumitzaileen artean. Agian telebista tradizionala familiara bideratzen hasi da, eta saiakerak daude publiko gaztea erakartzeko, baina hor ikusten ari gara gazteek hautu bat egin dutela dagoeneko beste euskarri batzuetan kontsumitzeko, telebista tradizionala ez den beste batzuetan. Aurrerantzean ere, telebistak barne egokitzapen horrekin jarraituko duela uste dut. Bere lekua kokatzen.

"Mugarria izan zen 'Sorginen laratza' nire ibilbide profesionalean"

Ideia berriak falta dira telebistan? Sentsazioa da formatuak errepikatzen ari direla etengabe...

Egon daiteke ideia falta, agian, baina ez nuke esango oraingo egoera hau berria denik. Duela gutxi Donostian egin zen mahai inguru batean aipatzen zuten telebistak zikloak dituela, eta horregatik tarteka agertzen direla revivalak, 1990. hamarkadan egiten ziren formatu bertsuak, eta agian nostalgiari ere lotuta. Horrek esan nahi du ideia falta dagoenik? Ez dakit... Uste dut formatu batzuk berriz arrakastatsuak izan daitezkeela berez formatu onak direlako, kontsumitu egiten ditugulako. Eta ideia berriak eta saiakerak egon badaude, eta EITBren Primeran plataforma aipatu nahiko nuke, gazteak horretan ari direlako; formatu oso interesgarriak ikusi ditut, berriak izan daitezkeenak.

Iraila amaieran bueltatuko da ETB1era '11 entzuteko' saioa. Argazkia: ETB

Zer osagai behar ditu programa arrakastatsu batek, zure ustez?

Hori jakingo banu, enpresa bat sortuko nuke ekoizleei gako horiek saltzeko [barrez]. Jendearekin konektatzen duen saioa izan behar da, baina arrakasta ere jartzen dugun irizpidearen araberakoa izango da. Eta nik telebista publikoa eta pribatua desberdinduko nituzke. Euskara bera suspertzen laguntzeko programa bat arrakastatsua izan daiteke, eta ez agian kuantitatiboki, ez diru etekin handiak lortzen dituelako, zerbitzu publiko bat betetzen duelako baizik. Gaur egun gizarteak dituen beharrak asetuko dituen programa bat arrakastatsua da, nire ustez. Eta burura datozkit, esate baterako, genero ikuspegi desberdinak aztertzen dituzten saioak, zenbait egin dira. Ez dakit zer audientzia daukaten, baina ez zaie beti audientziei begiratu behar.

Zerk erakartzen zaitu telebistatik, ikusle modura?

Telebista ikusten dudanean ezin dut ukatu begirada profesionala ere jarrita daukadala, hori ezin dut nigandik bereiztu, beraz, ez dakit nire profila egokia izan daitekeen... Halere, niri jakin-mina sortzen didaten saioak gustatzen zaizkit, eta horretan gizarte mailako egoerei erreparatzen dieten programak interesatzen zaizkit, Euskal Herriko zein munduko gaiak jorratzen dituzten saioak.

Aurkezle modura, askotariko lanetan ikusi zaitugu. Lehiaketak, debatea, elkarrizketa, show-a... Zertan zaude erosoen gaur egun?

Oraindik entretenimendua bigarren mailakotzat hartzen du gizarte honek. Informatiboak egiten badituzu, beste maila bat izango duzu. Eta horregatik aldarrikapen bat egin nahiko nuke entretenimenduaren alde; beharrezkoa delako, eta denok kontsumitzen dugulako. Eta begira zer nolako arlo zabala den entretenimendua! Hori da niri gehien gustatzen zaidana, profesional bezala entrenimendua oso anitza delako eta programa ezberdinak egin ditzakezulako. Eroso sentitzen naiz horretan, eta oraindik, gainera, jorratu gabe ditudan gauza batzuk probatzea gustatuko litzaidake.

"Historia, soziologia eta sukaldaritza batzen dituen saio bat egitea gustatuko litzaidake"

Zeintzuk izan daitezke buruan dituzun erronka berri horiek?

Esate baterako, asko gustatzen zait antropologia. Oso frikia naiz, eta horrekin nabil azken boladan. Sukaldaritzari lotuta, balio etno-historikoek erakartzen naute erabat. Herri batek zer nolako bilakaera izan duen, eta hor, esate baterako, sukaldaritzak eta horren inguruan dauden sektoreek nola sortu duten komunitate bat, Euskal Herria gure kasuan. Tira, agian historia, etnologia, soziologia, psikologia eta sukaldaritzarekin zerikusia duen programa bat egitea gustatuko litzaidake. Ideia horiekin bueltaka nabil azkenaldi honetan.

Beste sukaldaritza programa bat, esango du norbaitek...

Eta nik "ezetz" esango diot pertsona horri [barrez]. Esan dizkizudan elementuekin, beste sukaldaritza programa soil bat baino gehiago izango litzateke. Sukaldari ez izan arren, sukaldaritza betidanik gustatu izan zait, familiatik datorkit hori, baina bereziki interesgarria iruditzen zait soziologikoki gizartean duen presentzia eta haren inguruko sektoreetan duen eragina. Ideia horiekin bueltaka nabil azken bolada honetan.

Irratia faltan botatzen duzu? Euskadi Irratian hasi zenuen ibilbidea, gero Euskadi Gaztean...

Lagunekin gertatzen zaidan moduan, aspalditik ikusi ez ditudanekin tarteka harremana izaten dut, eta irratiarekin ere badut tarteka. Nire ibilbidearen hasiera izan zen, komunikabidea ezagutu nuen, eta liluratuta geratu nintzen. Irratia asko gustatzen zait, eta kontsumitzaile modura ere asko entzuten dut, saio informatiboak batez ere. Gainera, oso interesgarria iruditzen zait irratiak bizi duen garapena, lehen aipatutako sare sozialak sartzearekin. Medio zoragarria da. Azken boladan ez dut saio bat egiteko aukerarik izan, baina tarteka solasaldi edo mahai-ingururen batean parte hartzen dut, gonbidatzen nautenean, eta nolabait hor egiten dut nire ekarpena. Ez dut faltan botatzen. Alegia, telebistarekin gose profesionala asetuta daukat momentu honetan.

Esku artean, '11 entzuteko' duzu. Nobedarik izango al da denboraldi berrian?

Iraila amaieran bueltatuko da, eta Miramomeko erredakzioan dagoeneko lapikoak bor-bor daude dena prestatzen. Nobedaderik izango ote den? Hortxe ere telebistaren beste arau bat: ondo funtzionatu badu, ez egin berrikuntza gehiegirik [barrez]. Astero elkarrizketa potente bat izango dugu, orain arteko mailari eutsita, eta ostean mahai-ingurua izango dugu: aurpegi berri batzuk izango dira honetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago