Batera, eta aparteko koordinaziorik gabe etorri dira Heraclio Fournier enpresa ezagunaren inguruko liburu eta karta sorta bana. Lehena Paz Larrunbide irakaslearen esku etorri da. Los Fournier, la aventura de los naipes (Sans Soleil Ediciones) liburua idatzi aurretik, Larrunbidek ikusi zuen informazio andana zegoela gaiaren bueltan, baina oso barreiatuta zegoela. "Informazio horietako batzuk karta sortaren ingurukoak ziren; beste batzuk, berriz, Fournierren heriotzaren mendeurrenean egin ziren omenaldien inguruan". Hau ikusita, erretiroan den arkitektoari otu zitzaion hori guztia biltzea beharrezkoa zela. Beste motibazio bat Gasteizera etorritako lagunen bisitak izan direla dio. "Sarritan joaten naiz BIBAT museora; batez ere hemengoa ez den lagun bat erortzen denean, harekin hara joaten naiz, iruditzen zaidalako parekorik ez duen museoa dela. Eta, lagunek zenbait gauzaren inguruan galdetzen zidatenean, ez nekien zer erantzun". Gaiaren bueltan dokumentatzeari ekin zion eta "oso gauza interesgarriak" aurkitu zituen. "Eta pentsatu nuen hori ere kontatu beharra zegoela".
"Banan-banan protokolo guztiak ikusi nituen historia berreraikitzeko". Paz Larrunbide
Dokumentazioa izan zen, hain zuzen ere, Nuria Perez Carcamo Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakasleak izan zuen akuilua karta sorta baten ideia gauzatzen hasteko. Fourniertarrei estuki lotuta egon den erakunde artistikoaren 250. urteurrena ospatu ahal izateko formulen bila ari zirenean etorri zitzaion karta sorta berezi bat egiteko ideia. "Ezaguna denez, Fournierrek bere karta jokoari eman zion diseinua eskolatik abiatu zen; horregatik, oso argi geneukan Fournier enpresarekin egin behar genuela", gogora ekarri du irakasleak. Hala, Uxua Garcia Antoñana eskolako zuzendariak Fournier enpresari proposamen formala bota zion, eta haiek ere pentsatu zuten ideia bikaina zela bai enpresaren zein eskolaren beraren urteurrenak batera ospatzeko. Hasiera batean, onartu du Perez Carcamok, ez zekien oso ondo zer kontatu behar zuen, eta, horregatik, irakurtzeari ekin zion, bai eskolan zein Fournierren historian gertatutakoa ezagutu ahal izateko.
Monografia berria
Datak aintzat hartuta, dokumentazio lan hori egiteko, seguenera gaiaren bueltan aurki oinarrizko erreferentzia bilakatuko den monografia ezin izan du irakurri Perez Carcamok, artean argitaratu gabe zegoelako. Liburua ontzerakoan, Larrunbide beste hainbat egilek izan duten sentsazio beretik abiatu da. Informazio asko zegoen fourniertarren inguruan, baina horietako zati handi bat ahotik ahora pasatutakoa da, edota egunkari eta hitzaldietan jasotakoa. "Kasu horietan, oso oinarrituta ez dauden gauzak jasota geratzen dira. Batzuetan, informazio horren atzean familiarekiko maitasuna egon daiteke; batetik bestera transmititu egiten den kondaira gailendu daiteke historiaren aurrean", ohartarazi du arkitektoak.
Bada, halakoetan, jakina, hoberena agirietara jotzea da. Beraz, artxibora joan da, eta batez ere notaritza protokoloak arakatu ditu. "Banan-banan garaiko protokolo guztiak ikusi nituen eta modu horretan gai izan nintzen historia berreraikitzeko".

Beste informazio puska bat ezusteko moduan azaleratu da. Izan ere, enpresaren arte grafikoen eraikinean lapurtu zutenean, bertan zegoen dokumentazio guztiak lurretik botata bukatu zuen, eta Arabako Artxiboaren zuzendariak erabaki zuen horiek berreskuratu behar zirela. "Horri esker enteratu ahal izan nintzen bi enpresa sortu zirela: arte grafikoena eta karta jokoena. Bada, arte grafikoena pixkanaka desagertzen joan zen, eta karta jokoenak gero eta indar gehiago hartu zuen". Azken unean lortutako informazio horrekin liburuan epilogo bat gehitu zuen. Larrunbideren arabera, Fournier familiak berak ere ez zituen ezagutzen bertan jasotako hainbat xehetasun.
Oro har, Larrunbidek dio Heraclio Fourninerren nortasuna izan dela arakatze lan honetan gehien erakarri duen faktorea. Gogora ekarri du nola Burgostik Gasteizera etorri zen, hemeretzi urte baino ez zituela, eta hogei urterekin denda txiki bat hartu zuela. Aitak emandako diruaz baliatu zen horretarako, baina, ondoren, lagatako diru hori pixkanaka aitari itzuli zion Fournierrek. "Berak argi zeukan karta jokoak seriean inprimatu nahi zituela". Izan ere, Burgosen bere anaiek karta sortak inprimatzen zituzten, baina berak uste zuen bereak are hobeak izan ahal zirela.
Harekin hasieratik egon zen Nieves Partearroyo emaztea, eta bera izan zen, hain zuzen, lepoan erretilu bat eskegita zuela, kalez kale lehen karta sortak saltzen ibili zena Gasteizen, negozioaren hasierako urteetan.
Larrunbidek dio Fournier "gizon bitxia" izan zela, eta negozioa abiatu aurretik gauza asko gertatu zitzaizkiola. "Baina berak ez zuen inoiz atzera egin, eta beti aurrera egin zuen, gogoz eta indar askorekin".
Karten munduan ez ezik, Gasteizen presentzia eta eragin handia izan zuen Fournierrek. Besteak beste, Industria eta Merkataritza Ganbararen presidentea izan zen, bai eta Jabetza Erregistroarena ere. Modu berean, Katedralaren lanak hasi zirenean, bertako batzarreko presidentea ere izan zen. "Saltsa guztietan sartuta zegoen". Politikagintzan denbora gutxiago aritu bazen ere, foruen defentsan aritu zela nabarmendu du adituak, Ladislao de Velascoren hautagaitzarekin batera joan zelako, eta garai batean Gasteizko Udalean zinegotzi ere izan zelako.
Horrez gain, ikerketa prozesuan zehar, Larrunbide jabetu da fourniertarrek lan handia egin zutela hiriaren hazkundearen alde, bai "hobekuntza urbanistiko zein sozialaren" alde eginez. Are, berak idatzi duen liburuan familia, hiria eta lantegia tartean daudela dio. "Informazio asko ematen da adibidez, trenbidearekiko paraleloan doan Hegoalde [oraingo Manuel Iradier] kalearen sorreraren inguruan. Konpainiaren lurrak ziren, baina desjabetu zituzten trenbidea egiteko. Gero orube gisa geratu ziren, eta Fournierrek bertan egin zuen etxea". Geroago, Alfaro ilobak San Kristobalen lantegia eraiki zuenean, argi zegoen bertan ere langileei tokia egin behar zitzaiela. Aintzat izanda bi lantegien artean ia mila langile zituztela, langileentzako etxebizitzak eraiki ziren inguru horretan, eta, pixkanaka, dirua zuen jendeak Zabalgunera alde egin zuen. "Esan daiteke, beraz, enpresaren eragina Gasteizen hazkundean nabarmena izan dela". Langile horiekiko atxikimendua handia zen; beti ere, garaian horren zabalduta zegoen "langileekiko paternalismo" gisa ulertuta.
"Hezkuntzari esker, bizitzan hobera egin duten emakumeen istorio asko daude". Nuria Perez Carcamo
Arlo kulturalean ere mezenasgoa egin zuten, baina, kasu honetan, gehien nabarmendu zena Felix Alfaro iloba izan zen. "Fourniertarrek arte bildumak egin zituzten eta dohaintza asko egin zizkioten ere Arte eta Lanbide Eskolari". Alfaro, garaikideagoa izanik, ezagunagoa da, eta bera ere ahalegindu zen museoei laguntzen: diputazioaren zein udalaren kultura batzordeetan egon zen, Unibertsitate Eskolan… Arte eta Lanbide Eskolaren patronatuan ere egon zen, demokrazia iritsi zen arte, handik aurrera patronatuak beste modu batean aukeratzen zirelako.
Alfaro izan zen, hain justu, enpresaren zuzendaritza bere gain hartu zuena Heraclio Fournierren heriotzaren ostean. Bikoteak alabak baino ez zituen izan; adituak gogora ekarri du garai horietan emakumeak ezin zirela lantegi baten arduradun gisa agertu. "Fournierren anaiak tartean egon ziren arren, funtsean Alfaro izan zen ardura izan zuena".
Eskolari estuki loturik
Fournier hil aurretik bikoteak gora egin zuen eskala sozialean, eta, modu honetan, bezero eta langileekin egon beharrean, gotzain eta markesekin harremanak estutu zituen. Gainera, Partearroyo ez zen etxean gelditu. Besteak beste, igandetako eskolen presidentea izan zen. Bertan, emakume langileei irakurtzen irakasten zieten.
Baina kulturari egindako ekarpenik handiena, zalantza barik, Arte eta Lanbide Eskolaren bitartez iritsi zen. Izan ere, erakunde horrekin oso harreman estua izan zuten, eta Fournier hil zenean, Partearroyok, senarraren omenez, eskolaren liburutegia sortu zuen 1923an. "Bere izena liburutegiaren portadan agertzen da, eta erakundeari urteko aurrekontu bat eman zion, liburuak eros zitzan". Baldintzak ere jarri zituen, noski: besteak beste, erabaki zuen liburutegia nola gobernatu behar zen, eta bertan hartutako liburu guztiek apaizaren zentsuraren baimenaz hornituta joan behar ziren.

Duela hainbat aste liburutegi eder horretan bertan egin zuten, hain justu, emakumeei eskainitako karta sortaren aurkezpena, eta familiaren ekarpenari erreferentzia egin zion, hain zuzen, Ana del Val Kultura diputatuak. "Oso agertoki berezia da hau: gure hiriaren altxor preziatuenetako bat", goraipatu zuen, duela gutxi bertan dauden 8.000 ale ingururen katalogazio lana bukatu dutela azpimarratuz. "Gogora ekarri nahi dut liburutegi hau Nieves Partearroyok eman zuela dohaintzan. Honek are gehiago indartzen du emakumeek gure historian izan duten garrantzia", erantsi zuen.
Bada, historia horretan funtsezkoak izan ziren emakume langileei omenaldia egin nahi izan diete karta sorta horrekin. "Kulturaren alorretik, iraganera errespetuz begiratu behar dugu, baina baita justiziarekin ere, isilduak izan diren ahotsei merezi duten tokia emateko", nabarmendu zuen Del Valek. Bi erakundeen arteko elkarlana 1877an hasi zen, Heraclio Founierrek Arte eta Lanbide Eskolarekin kolaborazioan karta sorta espainiar berria diseinatu zuenean. Emilio Soubrierrek eta Diaz de Olanok egindako diseinua ez zen edonolakoa izan, gaurdaino heldu den karta sortaren diseinuaren abiapuntua baizik. Eta, hein batean, hasierako diseinu horri keinu bat egin dio Perez Carcamo irakasleak emakumeei eskainitako karta sorta diseinatzerakoan. "Berez, karta sorta klasikoarekin apurtzen du, baina, modu berean, oinarri komun bat dauka. Adibidez, urrezkoekin lotutako paloan zirkulu horia dago, triangelu gorri bat kopekin, marra urdin bat ezpatekin...". Karta sorta espainiarraren koloreen aurrean, askoz hitsagoak diren koloreen alde egin du irakasleak.
Palo bereziak
Familiaka antolatu dute sorta. Paloetako batean eskolako irakasleak agertzen dira. Palo horretan errepikatzen den elementua eskaiolazko moldura bat da. Halakoak erabiltzen ziren eskolan marrazten irakasteko. Daria Imbert —1866an lehen irakaslea izan zen, haren aita ordezkatuz—, Laura Martinez de Marigorta —jantzigintza ikastaroan lehen irakasle izandakoa— eta Angela Etxebarria —arte diziplina baten lehen irakaslea—.
Bigarren paloa artilezko haril bat da. Bertan agertzen diren pertsonak anonimoak dira. Hiru lantegi adierazten dute: arrakasta handia izan zuen jantzigintza ikastaroa, merkataritza —takigrafia, edo eta idazteko makina…—, eta marrazkigintza. Hezkuntzari esker "bizitzan hobera egin duten emakumeen istorio asko" daudela gogora ekarri du Perez Carcamok.
Hirugarren paloan emakume kartagileak daude, eta metalezko arrabol bat daukate bereizgarritzat. Moldurek industriaren ezaugarriekin lotura dute: litografia inprimaketetan laguntzaile bat, administrari bat eta kalitate kontrola egiten duen beste bat. Azkenik, mezenasei eskainita dago laugarren paloa: eskolako liburutegiko eskudel zati bat agertzen da horietan. Nieves Partearroyorekin batera, Alameda eta Montehermosoko markesak agertzen dira, horiek emakumeen tertuliak antolatzen zituztelako. Azkenik, modu anonimoan, hiriko emakume artisau bat agertzen da, baita ere.
Blanca Garaluze Fournierreko diseinatzailearen esku egon dira inprentara eramateko beharrezkoak diren azken prestakizunak. "Lehen bileretan adostu genuen Nuriak formatu fisikoan lan egingo zuela, eta guk horiek eskaneatu ditugu, eta gero irudi horiek egokitu ditugu. Estutxe berezia ere prestatu dugu, premium itxura ematen dioten akaberak baititu", azaldu du.
Duela 155 urte hasitako enpresak globalizazioarekin egin du orain topo, eta hori eguneko lanetan igartzen da. Dioenez, duela hiru urtetik Fournier Cartamundi Belgikako multinazionalaren parte da. "Konpainiaren barruan, hainbat marka daudenez, gure lana Founierretik harago doa. Nire kasuan, eta hilabete batzuk proiektu honetan eman baditut ere, maila globalean lan egiten dut". Garaluzek dio Fournierren joko klasikoen aldeko apustuarekin jarraitzen dutela, negozioan funtsezkoak zaizkien kasinoak ahaztu gabe. "Fabrikaren ekoizpenaren zati handi bat hara bideratuta doa". Baina, mundu global batean, noski, elkarrekintzak nahitaezkoak dira. "Beste hainbat herrialdetan bestelako paloak daude. Frantzian, adibidez, kartak beste tamaina batekoak dira, eta desberdinak dira. Hemen ditugun zenbait joko egiteko –Hiltzailea edo Gerra, kasurako—, beste herrialde batzuetan pokerreko karta sortak erabiltzen dituzte. Horregatik, orain gure hemengo merkatuan ere saiatzen ari gara sartzen Bicycle markak ekoitzitako zenbait karta joko berezi, Disney edo Guns N'Rosesen karta sortak, adibidez. Bildumarako ez ezik, guk karta sorta espainiarrarekin jokatzen ditugun joko batzuetan ere erabili daitezkeelako", argitu du Fournierreko diseinatzaileak.