Badira belaunaldiz belaunaldi lekukoa eramaten duten elkarteak, eta horietako bat da Gasteizko Goiena mendi taldea, ia 80 urtez mendizaletasuna ehunka lagunen artean zabaldu duena. Gaur egun, 400 bat bazkiderekin, mendian ikasi eta gozatzen jarraitzen dute, modalitate eta aukera desberdinetan, Susana Martinez de Lagran eta Raul Gutierrez kideek ALEAri kontatu dioten moduan.
1940ko hamarkadara egin behar da atzera Goiena mendi taldearen lehen pausoen bila, baina hainbat gorabeheraren ostean, 1978an hasi zuen taldeak benetako susperraldia San Frantzisko elizaren inguruan bildutako gazteekin, Martinez de Lagranek gogoratu duenez. "Garai hartan Juan Luis Arriola zen begiralea, eta Zaramagan elkartzen ziren gazteei mendi taldean parte hartzea proposatu zien; hainbat batu ziren, eta horiek guztiek aktibo jarraitzen dute gaur egun taldean". Orduan, mendizale gazteei zuzendutako zenbait ibilbide programa jarri zituzten abian, eta lagun ugarik eman zuten izena. Gasteizko Udaleko kirol sailarekin batera urteetan antolatutako mendi hastapen ikastaroek ere gazte asko eraman zituzten taldera; hirian ezagutzera emateko gakoa izan zen garai batean. Urteekin eskaintza programa sendotuz joan dira, mendiarekin lotura izan dezaketen hamaika jarduerarekin: bizikleta, eskalada, eskia, arroila-jaitsiera...
Mendiko eskiak erakarrita elkartu zen taldera Martinez de Lagran, elkarteko egungo lehendakariordea eta aurretik lehendakaria izan dena. "Lagun batek esan zidan Goiena taldean eskiatzeko irteera politak antolatzen zituztela, probatu nuen, gustatu zitzaidan, eta hemen geratu naiz". Neguan eskiatzeko jardueretan parte hartzen du, eta eskalatzeko irteeretan uda partean.
"Kide guztien proposamenak jaso, eta urte osorako plana egiten dugu"
Susana Martinez de Lagran
Gutierrez, aldiz, mendi txangoetara batu ohi da. Txikitatik duen zaletasunari bide emateko aukera polita zela pentsatu zuen duela hiru bat urte: "Kantabriakoa naiz, Picos de Europa mendietatik gertu dagoen herri batekoa, eta txikitatik egin ditut irteerak mendira familiarekin". Goiena taldearekin Toloñora egin zuen lehenengoa, gustatu zitzaion topatu zuen giroa, eta dagoeneko lagun kuadrilla ere egin du bertan. "Ohiko programaz gainera, beste zenbait plan ere egiten ditugu elkarrekin orain, eta ez mendia bakarrik". Goiena taldean parte hartzea "ikasketa bat" izan dela esan du, beti lotu izan duelako mendia udarekin, familiarekin egiten zituen txangoekin, eta, aldiz, neguaz disfrutatzen du orain gehiago. "Desberdina da, zailagoa, baina jende gutxiago dago... mundu berri bat". Kirola eta mendia egiteaz gainera, zenbaitekin euskara praktikatzeko ere baliagarri izan zaiola aitortu du.
Kideen proposamenak
Goiena mendi taldean "kuadrilla handi bat" osatu dutela gogoratu dute kideek, planen arabera bat edo bestearekin elkartzeko aukera. Izan ere, urtean zehar askotariko irteerak antolatzen dituzte, kideek eurek prestatu eta gidatutakoak. Azaro aldera, taldeko kide guztiekin bilera egiten dute, eta hurrengo hilabeteetara begira dituzten proposamenak aurkeztu. Tena ibarrean bi eguneko txangoa izan daiteke edo eskalatzeko egun bakarreko plana Eginon, adibideak jartzearren. "Kideen proposamen guztiak jaso, eta urteko egitaraua prestatzen dugu batzordean, hilabetez hilabeteko plana; jarduera desberdinak antolatzen saiatzen gara, mendiarekin zerikusia duten aukera guztiak aprobetxatu eta oreka bat bilatzen", azaldu du lehendakariordeak. Proposamena egin duenak lagun edo taldeko kideren batekin prestatzeko aukera izango du, eta klubak ordainduko dio prestakuntza hori. "Batzuk ez dago prestatu beharrik, baina beste batzuetan jakin behar dugu noraino heldu daitekeen autobusa, taldean joanez gero ibilaldiak zenbateko iraupena izango duen, aterperik izango den...". Normalean 30 bat lagun elkartzen dira irteera bakoitzean, eta autobusez joaten saiatzen dira; jende gutxi egonez gero, taldekideen kotxeetan egiten dute, eta klubaren kontura egindako kilometroak.
Mendiko planek normalean bi aukera izaten dituztela esan du Gutierrezek, errazagoa bata, eta zailagoa bestea. "Sasoiaren arabera, bat edo beste egin daiteke, eta aukera interesgarria iruditzen zait guztiontzat, ohituta ez dagoen jendea ere animatzeko bereziki". Era honetan, bidai berean jende desberdina elkartzeko aukera ere badela gogoratu dute; oinez egingo dute batzuek mendi irteera eta bizikletaz beste batzuek. Aurten, esaterako, bizikletaz egindako ibilaldi bat antolatzen parte hartu du Gutierrezek; Gasteiztik Urbasara, Vasco-Navarro trenaren bidea jarraituta, Urbasako kanpinean lo, eta Done Jakue bidetik etxerako buelta. "Ez nuen bide hori ezagutzen, eta oso polita izan zen, bisita kulturala tartekatuta". Martinez de Lagran, berriz, abenduko zubian egin ohi duten eski irteeraz arduratzen da, lau bat egun Formigal edota Luz Ardiden inguruan.
"Mendian erabaki zailena bueltatzea da, eta, aldi berean, inportanteena"
David Gutierrez
Urtean behin, irteera berezi bat ere egiten dute kanpin dendarekin, garai batean egiten zuten moduan. "Gogorra da, pisu asko eraman behar duzulako, eta jendea ez dagoelako ohituta, askoz motxila arinagoak eramaten dira egun, eta lotarako aterpeak izaten dira, baina ez dugu tradizioa galdu nahi". Eta hilabeteko hitzorduekin batera, gainera, asteartero txango bat antolatzen dute, berdin euria, elurra ala 40 gradu egin. Urte osoan elkartzen dira entresemaniles deitutako bidai motz hauetan, baita abuztuan ere, beti izaten da taldetxo bat horretarako prest; Oriora egin zuten azkenetako bat, inguruko mendietan paseoa, hondartzan bainua eta afaria amaitzeko.
Gutierrez mendian ibiltzera ohituta badago ere, Goienan "mundu berri bat" aurkitu duela nabarmendu du, mendian aritzeko modu desberdinak. "Agian beti egin duzu eskalada, eta bat-batean ikusten duzu posible dela kobazuloetan sartu edo txangoak bizikletaz egitea; aukerak ireki zaizkit mendian". Horietan hasteko, gainera, hainbat ikastaro eta hitzaldi antolatzen ditu taldeak, askotan Goienako kideen beraien eskutik. Besteak beste, izotz eskaladan adituak diren lagunak dituzte, edota zenbait zortzimilako egin dituzten mendizaleak.
Urteotan egin dituzten ibilaldi guztien artean, momentu berezi ugari bizi izan dituzte. Gutierrezek, esate baterako, ez du berehala ahaztuko duela bi urte AÒiscloko arroilara egin zuten bidaia. Goizeko txangoa amaituta, bazkalostean, inork espero ez zuenean, Monte Perdidora joatea erabaki zuen gidariak. "Eta sekulakoa izan zen. Goizean dena estaltzen zuen lainoak, eta arratsaldean izugarrizko paisaia genuen begien aurrean, bost taldekide, besarkada eta negarrak... momentu oso polita izan zen, ahaztuko ez dudana".
Martinez de Lagranek gogoan dituen momentuen artean, Gasteizko Eraztun Berdean egindako bizikleta ibilaldiak taldearentzako oso bereziak izan direla nabarmendu du. 25 urtez antolatu dituzte buelta hauek, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, eta taldeko kideak batzeko hitzordu garrantzitsua izan dira. Bizikletak gidatzen, irteerako lanetan, anoa guneetan edo bestelako lanetan lagun ugari elkartu izan dira. "Laguntzaile berezi bat ere izaten genuen, Alberto Zerain, eta guretzat hunkigarria da gogoratzea. Momentu bereziak ziren, adin desberdinetako jende asko elkartzen zen jarduera honetan, dena ez baita gailurrak eta mendia egitea bakarrik". 2020an, covidaren pandemiarekin, bertan behera utzi zuten Eraztun Berdearen buelta, eta geroztik ez dute egin, baina berreskuratzeko asmotan dabiltza.
Arriskua saihesten
Oroitzapen ederrekin batera, halabeharrez, momentu arriskutsurik ere bizi izan dute, eta istripuren bat edo beste ere izan da. Goienaren historia beltzaren orrietan taldeko sustatzaile eta lehendakari izan zen Julio Garciaren ezbeharra gogoratu dute; 1991n hil zen, taldean zihoala, Midin izandako istripuan. Joan den urtean ere, berri latza jaso zuten Ziordiatik; Ekhi Arroyo taldekideak bizia galdu zuen Aranbeltz bidea eskalatzen ari zela.
Aurreikusi daitezkeen arriskuak saihesteko lan zorrotza egiten dute Goienan, ondo prestatuta joaten dira, Martinez de Lagranek azpimarratu duenez. Helmuga, bidea eta eguraldia ondo aztertuta, eta motxila eta botikina ondo prestatuta. "Istripu arin bat izan genuen, eta geroztik erabaki genuen satelite bidezko telefono bat eramatea, estaldurarik gabe gaudenerako; oraindik ez dugu erabili behar izan, baina inbertsio hau egitea erabaki genuen". Mendian erabaki zailena "buelta ematea" dela esan du Gutierrezek, baina, aldi berean, inportanteena. Noraino heldu zaitezkeen jakitea. "Beti dugu buruan tontorra, eta gaur ezin bada, ezin da. Mendia beti egongo da hor".
Ikasturtea ofizialki amaitzeko, Sanabria aldera egingo dute asteburu-pasa uztail amaieran. Horiek eta egiten dituzten bestelako irteerak goiena.org webgunean eta sare sozialetan kuxkuxeatzera animatu dituzte mendi irrikaz daudenak. Talde irekia dela gogoratu dute, eta edonor gerturatu daitekeela informazio eske Estrasburgo ibilbidean duten bulegora. Izan ere, eta oraindik kide ugari diren arren, errelebo falta sumatzen hasi dira, gazte gutxi baitute taldean. "Saiatzen ari gara, baina ez dago erreleborik", aitortu du lehendakariordeak. Orain arte oso gazte gutxi gerturatu dira, eta gerturatu direnak bazkideen seme-alabak izan dira. Esfortzu berezia egin nahi dute horretan, eta, besteak beste, auzoko gizarte etxearekin jarduerak antolatu dituzte, eta mendiarekin lotutako hainbat ikastaro ere eskaini dituzte. "Prezio guztietako irteerak izaten ditugu, eta jarduerak mundu guztiarentzako modukoak dira. Beraz, ez da aitzakiarik".