Iker Larrazabal

"Pilotariak elkarrekin ibiltzen gara, harreman ona dugu"

Ruben Sanchez 2025eko abuztuaren 2a

Abuztuaren 8an Ogetan izango da Larrazabal, Andre Maria Zuriaren txapelketan. Argazkia: RUBEN SANCHEZ /ALEA

Amurrioko frontoian egin dugu hitzordua Iker Larrazabalek, Koldo Iriarte botileroak eta hirurok. Txikitan, pilotan jolasean eta ondoren entrenatzen hasi zen lekua da, bertan ezagutu zuten elkar biek.

Gauzak argitze aldera: Iker Larrazabal, sortzez, Olabezarrekoa da, Amurrio ondo-ondoan dagoen Aiaraldeko herrixkakoa; kalean, ordea, beti ibili izan da Amurrion, eta pilota eskolan ere bai. Koldo Iriartek nabarmendu du txikitatik gaitasuna ikusten ziola, kolpe berezi hori zeukala. Gaur egun, eta bere esanean ikasteko asko duen arren, onenen artean kokatu da. Erresistentzian eta abiaduran ari da zailtzen, batez ere. Uztailan 23 urte bete ditu.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa, noiz hasi zinen pilotan?

Sei urterekin-edo, aitarekin etortzen nintzen frontoira, gero lagunekin ere bai. Hona etortzen ginen, Amurrioko frontoira, eta egunero egoten zen jendea jolasteko; entrenamendua bi egunetan egoten zen, eta gainerakoetan pilotan jolasean ibiltzen ginen. Orain ere hala da.

Eta beste kirolen batean aritzen zinen?

Ez, txikitatik pilotan hasi eta ez dut kirol gehiago egin. Jolastu bai tenisean, frontenisean, futbolean, korrika, baina entrenatu-eta bakarrik pilotan.

Ume txikiekin ere ibiltzen zara, ezta?

Bai, bi talderekin, bat hemen Amurrion, eta bestea, berriz, Urduñan.

"Fisikoa gehiago landu dut, eta hori partidetan ere nabaritu da"

Zu txikia zinenean zein pilotari zenuen gustuko?

Niri asko gustatzen zait Mikel Urrutikoetxea. Txapel guztiak irabazi ditu, baina horrez gain bere jarrera eta bere jokatzeko modua asko gustatzen zaizkit. Asko entrenatu dut berarekin eta horregatik ere bai.

Gizonezkoetan, Ogetaz gero, zu izan zara lehen pilotari arabarra lau onenen artean, pisua al da?

Askotan esan didate, bai. Ez da erraza hori eramatea. Araban oso pilotari onak egon dira eta daude, baina ez da atera maila horretan inor gehiago harrezkero. Orain bi gaude, Laudioko Eskuza eta biok, eta ea gehiago ere badatozen.

Zein modalitate maite duzu gehien?

Binaka jokatzea da gehien gustatzen zaidana. Buruz buru jokatzen ondo moldatzen naiz, baina bikoteka egitea oso polita da, elkarrekin aritu eta hitz egitea... Gainera, pilotan oso ohikoa da bikoteak aldatzea, egun batean atzelari batekin, hurrengoan bestearekin. Polita da, ez da beti berdinarekin, eta guztiekin moldatu behar duzu.

Beste kirolen aldean, pilota horretan ezberdina da.

Bai, guk denok elkarrekin entrenatzen dugu, jokatu ere denok elkarrekin eta elkarren kontra, eta harreman ona dugu. Asteburuan, agian, elkarren kontra partida bat izan dugu, eta asteartean elkarrekin entrenatzen dugu barrezka. Pentsa, futbolean-eta talde bakoitza bere aldagelan; gu guztiok batera egoten gara.

Zu zer lantzen ari zara, koxka bat gehiago igotzeko?

Gauza guztietan hobetu behar dut oraindik, baina, nik txikitatik eduki dut indar handia, eta fisikoki defentsan kostatzen zitzaidan gehiago. Orain, duela bi hiru urte fisikoa gehiago landu dut, hobetu dut, eta hori partidetan ere nabaritu da. Hobekuntzaren gakoa hortik etorri zait, eta hortik segitu behar dut, landuz gero, uste dut lehen mailan egon ahal naizela. Erresistentzia eta abiadura prestatzaile fisiko batekin lantzen ditut, ez dut hainbeste gimnasiorik behar. Gero, prestakuntza teknikoa dago, gantxoak, defentsa, partidak.

Eta orain uda zer moduz?

Bueno, badakizu, orain festa eta txapelketa guztiak datoz, ostiral, larunbat eta igande partidak...

Gustatzen zaizu?

Bai, giro ona dago frontoietan, jendez beteta, kuadrillak... Frontoian ezberdin jokatzen da beteta dagoenean.

Nolako pilotaria zara?

Denok nahi izaten dugu irabazi; ni lasaia naiz, hobetzen jarraitu nahi dut, hor egoten, lehen mailan, eta ea aukerak datozen. 

Euskararekin zer harreman izan duzu?

Gurasoek ez dakite euskaraz, ikastolan ikasi nuen eta lagunekin gehienetan erdaraz hitz egiten dugu, baina arrebarekin gero eta gehiago egiten dut euskaraz, gainera EGA azterketarako ari da ikasten orain.

Iker Larrazabal, Amurrioko frontoian. Argazkia. R. SANCHEZ/ ALEA

Eta Koldo Iriarte botileroarekin ere bai. Niri arabar euskaltzale moduan ilusioa egin dit zuek telebistan euskaraz entzuteak.

Bai, txikitatik ezagutzen dut, nire entrenatzailea izan da, eta beti hitz egin dugu euskaraz, batera ere jolastu izan dugu inoiz. Gero, denbora dauka niri laguntzeko eta asko eskertzen diot. Nik eskatu nion etortzeko. Bestalde, nire kuadrillarekin normalean ez dugu euskaraz egiten, baina ahal dudanean, Koldorekin, beste pilotariekin eta jendearekin saiatzen naiz euskaraz hitz egiten.

Eta ume txikiekin pilota eskolan.

Guk entrenatzaile moduan euskaraz egiten dugu, saiatzen gara. Ume batzuei gehiago kostatzen zaie euskaraz hitz egitea, baina haientzat eredu bat gara, eta gu ikusten bagaituzte euskaraz hitz egiten...

Zer moduz dator harrobia?

Bueno, ba neska eta mutil asko datoz modalitate ezberdinetan. Beharbada, orain ni profesional moduan ari naizenez, horrek ere laguntzen du, polita da.

Zerbait ikasten ari zara pilotak tarteren bat uzten dizunean?

Goi mailako ikasketak bukatu nituen mekanizazioan, eta agian beste halako bat egingo dut, lasaitasunez. Ahal dudanean ikasiko dut berriz.

Eta pilotaz aparte zer zaletasun dituzu?

Gustatzen zait menditik paseatzea, Amurrion lagunekin ibiltzea, hondartzara joatea...

Eta partida handi baten atarian, zer ohitura duzu?

Ez hitz egitea, eta ahal bada lasai egotea bi-hiru egun aurretik. Partida larunbatean baldin bada, aurreko ostegunean entrenatu, eta gero lasai egoten naiz, paseoak eman, ni bakarrik, txakurrarekin, etxean egon. Lagunekin ibiltzea ere gustatzen zait, baina lasai.

 

Larrazabal eta Iriarterekin, hondar solasa

Elkarrizketa bukatzean, Koldo, Iker eta hirurok hitz aspertuan hainbat gauzari buruz aritu gara. Adibidez, noraino den futbola lehen baino "erregeago" edo nagusiago. Lehen, kirol gehiago jarraitzen ote genuen telebista eta hedabideetan. Iker, Koldo eta nire artean adin alde handia dago, eta aipatu dugu ea lehen kirol gehiago jarraitzen ote genuen hedabideetan. Orain kirol batzuk ikusteko ordaindu egin behar da. EITB-n ahalegina egiten da hemengo kirolekin eta hori ondo dago, baina kirol batzuek jarraipen handia galdu dute.

Bestalde, gizonezkoen pilota profesionaleko sarreren prezioa ere komentatu dugu. Gasteizen eta Bilbon frontoi handiak dira. Dauden prezioekin, batzuetan tribuna nagusia erdi hutsik geratzen da, eta pena da. Adibidez, zenbat diru da Larrazabalen kuadrilla (eta besteenak) partida ikustera joatea txapelketa denean?

Iriartek erantsi du: "Begira, aurrekoan Euzkitzek esan zuen telebistan 'Amurriotik jende asko etorri da eta asko animatzen dute, baina sakea egin behar dutenean isiltzen dira'. Hori da pilota giro ona, batzuetan Labriten orain modan dagoena, despedidak eta... berdin die nork jokatzen duen ere". (Baina, bestalde, pilota modan egotea ere ona da...). "Tenisean, adibidez, isildu arte ez dute sakea egiten", errematatu dute amurrioarrek.

Azkenik, komentatu diet jokoaren aldetik Ogeta zenak iraultza bat ekarri zuela pilotan, "zikloi" bat sartu omen zen frontoian, bere indar eta airezko jokoarekin, eta aldeak alde, Ikerren jokoa ere badela apurtzailea, bere indar eta bere bolea eta botibolea horiekin. Koldok erantsi du Oiongo Arroyo Panaderito-k ere ematen ziola botiboleaz, eta enpresa bat ere izan zuela Botibolea izenekoa.

Eta, ezinbestean, atxikietara eraman gaitu boleen gaiak; noiz den, noiz ez, nola bai, nola ez. Bide batez, Iriartek atxikiei harrika esaten die.

Tira, Araban ez zaigu sarri tokatzen txapeldun izaterik. Larrazabal lasaia eta apala den arren, goza dezagun Aiaraldeko haizeaz orain harrotu dela.

Post-data

Galdetu dut Aiaraldean fenomeno meteorologiko berezirik dagoen. Bakarra jakin dut: Gorobel gaineko lainopila edo bolloa. Arabako pilotari batentzat Bollo Panaderitoren hurrengo bezala hartu liteke, edo mutil katxarro moduan (Ogeta ere hala omen zen). "Lainopila" buruz ez dagoela oso argi iradoki lezake, ez da egokia. Aurrekoan, Barriolari entzun nion: "Larrazabal zezena bezalakoa da". Zezen gaztea denez gero, Zezenko izan liteke?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago