Gasteizen harrapatu dugu Kauldi Iriondo (Gasteiz, 1992), zinema munduan lanean dabilela, Ekialde Hurbilera bidaiatzeko garaia hasi artean. Munduan zehar aurkitu izan duena azaldu digu.
Irak eta Kurdistanen zabiltza bisita gidatuekin.
Duela gutxi hasi naiz Banoa bidaia enpresarekin, Irak eta Irakeko Kurdistanera joaten. Hainbat bidaia ditugu urtean zehar, negu partean gehienbat, uda beroegia delako jendea joateko. Hamar edo hamabost eguneko bidaiak izaten dira. Hamar egunekoan hegoaldetik hasita iparraldera arte joaten gara, Basoratik Kurdistaneko Erbilera arte. Hamabost egunekoa denean, aurreko hamar egunak egin eta beste bost Kurdistanen, albo batetik bestera.
Nondik ibiltzen zarete bidaia hauetan?
Basorako marismak ikustera joaten gara lehenik, marismetako arabiar famatuak ezagutzera. Gero Najaf eta Karbalara joaten gara, musulman xiien leku garrantzitsuak direnak, eta Ur herri mesopotamiarra ere bisitatzen dugu. Bagdad aldean egun batzuk ematen ditugu ostean, eta Samarrako minarete famatua ikustera igotzen gara ondoren, Estatu Islamikoaren aurkako gerran muga garrantzitsua izan zena, beste gertakari askoren artean. Hortik iparraldera jarraitzen dugu, Jatrara, tristeki famatua dena Estatu Islamikoaren gotorleku izateagatik, eta ikusten dugu nola bertako eskultura eta ondare guztia suntsitu zuten. Hortik Mosul bisitatzera joaten gara, antzinako Ninive, eta handik Irakeko Kurdistanera pasatzen gara, Erbilera. Inguruko herriak ere ikusten ditugu, bertako kultura ezagutzeko.

Zer inpresio ematen dizu zuri halako lekuetan ibilita?
Gudak utzitako arrastoa, gehienbat. Irak eta Iranen artekoa, Golkoko guda, Estatu Batuen inbasioa, osteko gerra zibila, Estatu Islamikoa... Jende gutxik bisitatu ahal izan du Irak, eta informazio gutxi daukagu, beti ikusten dugu Irak leku arriskutsu bezala. Lehen inpresioa da ezagutzen ari zarela zibilizazioa hasi zen lekua, Egiptorekin batera. Historia sortu zen zonalde hartan, lehen idazkiak, lehen epaitegiak, eskolak, matematika, tenplu ezberdinak... hori dena batzen duen lekua ezagutzen dugu, harrigarria da. Eta bigarren gauza garrantzitsua jende guztiak ongi etorria egiten dizula bertan. Estatuko leku ezberdinetatik gatoz, eta Aznarrek, Bush eta Blairrekin batera, garaian egindako gauza guztiekin... baina hala ere oso abegikorrak dira gurekin.
"Objektibo txiki batekin joateak behartzen zaitu, argazkia atera nahi baduzu, metro batera egotera"
Zein joan ohi da zuekin bidaian?
Gehienbat jende heldua izaten da, bidai asko astean zehar izaten direlako. 50-80 urte arteko jendea izaten da normalean. Batzuek interesa dute mesopotamian, historia klasikoan, beste heren batek edo politikoki ezagutu nahi du herrialdea, eta beste batzuek probestu nahi izaten dute orain bidaiatzeko leku segurua dela Irak.

Zerk harritu zaitu zu bidaiotan?
Gehien, nik uste, ikusteak nola suntsitu den dena, eta gizartea bera. Nola amerikarren inbasioak dena suntsitu zuen, ez soilik bonbekin eraikinen suntsiketa fisikoa, arpilatzean ere bai. Bagdaden dagoen arkeologia museoa guztiz hustu zuten estatubatuarrek. Berez herrialde oso garrantzitsua behar luke arkeologikoki, munduko garrantzitsuena Egiptorekin batera. Milaka zibilizazio pasa dira hortik, duela 5.000 urtetik hona, mesopotamiarrak, asiriarrak, akadioak, partoak, gerora otomandarrak... Bertan egondako koloniek, alemaniarrek, britaniarrek, arpilatu zituzten bertako gauza baliotsu gehienak. Eta kolono horiek eraman ez zutena, gero estatubatuarrek hartu zuten. Sadam Hussein bota zutenean, 150.000 pieza baino gehiago eraman zituzten museotik, egun gutxian; eraman zezaketen guztia. Horrek harritu ninduen asko, eta baita soziologikoki ere nola txikitu zuten jendea eta gizartea; nola lortu zuten guda zibil antzeko bat sortzea, xiien eta sunien artean etsaitasuna hauspotzeko gezurrak zabalduz.
Orain bidaiatzeko lasaiagoa dela diozu. Segurtasun neurriak hartu behar dituzue handik ibiltzeko?
Orain lasaiagoa bai, Estatu Islamikoarekin gutxi gorabehera bukatu zutenetik, Mosul jausi zenetik. Herrialdea gutxinaka altxatzen joan da, eta turismoari irekitzen. Inguruko turismo asko dago, asko errezora datozenak, Iran eta Pakistango xiientzako Karbala eta Najaf direlako sunien Meka antzekoak. Eta urrunagotik ere badator jendea, ikusi ditugu nazioarteko talde batzuk gure ibilbidearen antzekoak egiten. Kurdistanen ere hasi dira zabaltzen. Eta segurtasun aldetik, ikusten da interes asko daudela beti prest gudan sartzeko. Pasatu behar ditugu 50 checkpoint inguru, batzuk Irakeko Gobernuko militarrenak, beste batzuk milizia xiienak, eta Kurdistanera pasata peshmerga indarrenak. Gure bidaia lasaia da, baina nabaritzen da egunean zehar tanke asko daudela, kontrolak, arma asko... baina guk ez daramagu ezer. Leku askotan lasai aritu gaitezke ibiltzen, egunean zein gauean.

Ezberdina da Kurdistango zatia?
Irakeko Kurdistanek autonomia handia du, Kurdistango beste zonaldeen aldean, Siria, Turkia edo Iranekoen aldean, eta asko nabaritzen da Kurdistanen zaudela. Hango hiriak asko ari dira hazten orain, hiri modernizatuen itxura hartu nahian, eta txoke handia da Iraketik Kurdistanera igarotzea. Baina gero herritxoak bisitatuz ikusten da oso suntsituta daudela, asko sufritu zuten Sadam Husseinen garaian, genozidio asko eman ziren bertan. Bertako historia ezagutzen dugu, lehengoa zein oraingoa. Yazidien konplexu erlijioso bat ere bisitatzen dugu Kurdistanen, eliza kristau siriakoak ere bai. Garrantzia historiko handia dute hauek, eta lehen lerroa izan ziren Estatu Islamikoaren aurka.
Munduko beste hainbat lekutan ere ibili izan zara.
Bai. Gustatu izan zait bidaiatzea, eta argazkilaritza erabili izan dut aitzakia bezala pixka bat. Asko gustatzen zait argazki eta irudiaren mundua, eta sarbidea izan da jendea ezagutzeko, haien etxeetara joateko, barrura arte, sukaldera, haiekin bazkaldu eta lo egitera. Kulturak eta jendea ezagutzeko tresna oso ona da, haiekin orduak emateko. Hala joan nintzen, besteak beste, Palestinara, Turkiako Kurdistanera, Perura, Guatemalara, Chiapasera... Karanbola askogatik aukera izan dut proiektu interesgarri askotan parte hartzeko, zorte asko izan dut; eta aurpegia.
"Lehen idazkiak, eskolak, harrigarria da historia sortu zen lekua ezagutzea"
Aurpegia ere beharko da argazkiak egiten aritzeko, ez? Nolakoa da prozesu hori?
Jendearengana hurbilduz errespetu handiz. 50. hamarkadako dokumentalismo eredua interesgarria da, teleobjektibo handi batekin joan beharrean, safari batera bezala, objektibo txiki-txiki batekin joan, finkoa, eta horrek behartzen zaitu, argazkia atera nahi baduzu, metro batera egotera. Eta noski, metro batera egoteko zuk lortu behar duzu jendearen konfiantza. Ez da gerturatu eta argazkia ateratzea, da jendearekin hitz egitea, sartu, partekatu nondik zatozen... Kamera txikia eta ni bakarrik, edo jende gutxirekin, lekuetatik galtzea, menditik edo dena delakoa; ikustera joan. Hori izan da nire hobbya, jendearekin egotea haien egunerokotasunean.
Nola erabakitzen duzu zeri atera argazkia?
Niri gustatu izan zait jendearengan erreparatzea, ez naiz izan oso paisaia zalea. Edo ez izatea baino, ez daukat begia paisaia bat ondo ateratzeko. Gustatu izan zait argiarekin jolastea, askotan nire argazkiek iluntasun antzeko bat daukate, eta gehienbat jendea da bere egunerokotasunean. Batzuetan ere tristura, nahiko melankolikoak izaten dira batzuk, ilunarekin jolasten. Jendearen egunerokotasuna azkenean ez da Disney, eta asko gustatu izan zait erakustea melankolia antzeko bat, mundu osoan zehar. Askotan, joan izan naizen lekuetan gehienek pasa izan dituzte guda latzak, jende asko ezagutu dut, tristeki, errefuxiatuak direnak, eta noski, haiekin egonda bizipen triste asko ezagutu izan ditut. Fase ezberdinak izan ditut, herrialde eta momentu bakoitzean aurkitu dudanaren arabera ere aldatu da argazkilaritza mota.
Munduaren irudi txarra atera duzu orokorrean bidaia hauetatik?
Ez. Munduaren alde ona. Nahiz eta hainbeste sufritu, nik daramadana da zein ona den jendea, zein abegikorra. Ez dakit zenbat gudatan egonda, familiak torturatuak, suntsituak, bortxatuak... baina, funtsean, eraman dudana da, pertsonalki, nola dena ematen dizuten.
Esaten dute mundua ezagutzera zoazenean zure burua ezagutzen duzula...
Esaldi famatua da, baina nire kasuan ez dakit hala den. Niri interesgarria egiten zait jendea ezagutzeko eta ikusteko beste bizimodu oso ezberdinak daudela hortik zehar, pentsatzeko moduak ere, eta jaio zaren lekuaren arabera, txikitatik jaso duzunaren arabera, ikuspegiak ezberdinak direla, eta ezin ditugula guk hemendik gauzak hain erraz klasifikatu. Baita etorkinekin ere, ez dakizu zer testuingurutik datozen, eta interesgarria da ezagutzea, ez epaitzeko hain azkar. Mundu osotik dator jendea, eta denak zaku berean sartzen ditugu askotan.