ALEAren onena 2025

"Orain triatloi pila bat egiten dituzte aita direnek"

Jon Hidalgo 2025eko abuztuaren 14a

"Kontziliazioak soziala izan behar du, ez indibiduala." Argazkia: ALEA

Zaintza beharrak agertzen direnean emakumeak desagertu ohi dira parte hartze soziopolitikoko esparruetatik. Enplegua eta zaintza lanak uztartzeko ere, nahiko lan. Gizonen kasuan, baina, ez da hori gertatzen. Kezka horietatik abiatuta idatzi zuen Sagastizabalek ‘Hiruki gatazkatsua’ liburua.

Herri mugimenduetan izandako esperientzia hauetatik abiatuta, Marina Sagastizabalek (Gasteiz, 1989) doktorego tesian aztertu zuen nolako zailtasunak agertzen diren uztartzeko zaintza lanak, enplegua eta parte hartze soziopolitikoa. Oztopo hauei aurre egiteko estrategiak ere aletu zituen bertan. Tesia dibulgatu asmoz, 2020an liburua argitaratu zion Susak, Lisipe bilduman, eta iaz gazteleraz atera zuen Txalaparta argitaletxeak. Otsailaren 25ean aurkeztuko du liburua Gasteizen, Landatxo gizarte etxean.

Presentzia hirukoitza terminoa erabiltzen duzu. Zergatik?

Emakume italiar soziologo batzuek presentzia bikoitzaz hitz egiten zuten, enplegua eta zaintza lanak aztertzeko. 90. hamarkadatik aurrera kontziliazioa sustatzeko legeak sortu ziren, kontratuen malgutasuna sustatu zen, emakumeen presentzia handitzeko. Baina autore hauek diote kontziliazio politikak ez zirela jaio berdintasuna sustatzeko, horrekin lotu izan bada ere. Helburu nagusia lan merkatua aktibatzea izan zen. Gainera, emakumeak enplegu formalean geroz eta gehiago sartzen doaz, baina zaintza lanak alde batera utzi gabe, ez delako alderdi hori berrantolatzen. Ez da deuseztatu sexuen araberako lan banaketa, gizonak ez dira hor sartu. Emakumeek egunerokoan uztartu behar dituzten bi lan horiei parte hartze soziopolitikoaren ardatza gehitu nien, zein aukera dauden aztertzeko.

Zer topatu zenuen ikerketan?

Ikusi nuen zabaldu behar zela militantzia ulertzeko modua, eta balio politikoa eman hain politiko kontsideratu ez diren eremu ez hain maskulinizatuei. Ikerketek erakutsi dute emakumeen presentzia handiagoa izan dela eremu informalagoetan, egunerokotasunari lotutako gauza xumeetan, izan auzo elkarteak edo eskolarekin lotutako aldarrikapenetan eta. Guraso elkarte bat ez da ulertu izan militantzia esparru gisa, baina hori ere izan daiteke eragiteko esparrua, eta zaintza alorrekin uztartzeko errazagoa. Elkarrizketak egin nizkien hainbat mugimendutan ibilitako pertsonei, gizon, emakume zein bestelakoei, ikusteko zaintzarekin lotutako ardurek nola eragin dieten.

Zer arazo agertzen ziren?

Kasu bakoitza oso partikularra da, baina asko errepikatzen zen, adibidez, ama txarraren irudia. Militantzia eremuan mantendu diren emakumeek autoafirmazio eta ahalduntze potente bat egin behar izan dute, eta oso gaizki ikusi ditu inguruak, zalantzan jartzen zuten haien hautua. Aipatzen zuten ama izan zirenean oso sartuta zeudela militantzia esparruetan, baita frankismoaren aurka klandestinitatean antolatzen ere, eta asanbladetara agertzen zirela umea besapean zutela. Ez dago batere ondo ikusia zaintza lanak daudenean ez ematea lehentasuna horri, eta beste eremuren bati ematea. Ama horiek ariketa handia egin behar izan dute, eta oso errudun sentitu izan dira.

"Ez dago batere ondo ikusia zaintza lanak daudenean ez ematea lehentasuna horri"

Militantziarako prestutasun osoa duten pertsonez ere aritzen zara.

Ama txarren aldean, beste puntan egongo lirateke txanpiñoi militante deitu ditudanak, 24 orduz militantziarako eskuragarri daudenak. Prestutasun hori soilik izan dezakete zaintza eremuan ardurarik ez dutelako, eta norbaitek asetzen dizkielako oinarrizko beharrak, jaten eman, arropa garbitu, babes emozionala... baina hor atzeko guztia ez dugu ikusten. Askotan militantzia ulertzen da exijentzia maila handiko zerbait bezala, eta horrek eragiten du militantzia bilakatzea soilik %100ean egon daitezkeenentzako esparrua. Besteak ez dira hain militante kontsideratuko. Problematikoa da zalantzan ez jartzea etengabeko prestutasun hori. Txanpiñoi militante hauek, nire ikerketan behintzat, gizonak izan dira gehienak. Gogoratzen dut alkate izandako gizon bat, horretara egon behar zuena guztiz, eta zazpi urtean ez zuena ezer egin etxean.

Zein estrategia erabili izan dituzte hiru esparru hauek uztartzeko?

Mota askotako estrategiak ikusi ditut. Ama bakarren kasuan adibidez beste guraso batzuekin elkartzea izan da irtenbidea. Haiek bakarrik zuten zaintzaren ardura gehiena, eta etxera dirua ekartzen zuten bakarrak ziren. Estrategia kolektiboak bilatu dituzte egunerokoan esparru horiek uztartu ahal izateko. Aste batean batek hartzen zituen umeak, bestea asanbladetara joan ahal izateko. Diru aldetik ere sortu dituzte babes sareak, eta orokorrean, zaintza lanak kolektibizatzea izan da estrategia. Askok aipatu dute eskertzen zituztela gizarte mugimenduetatik eskainitako haurtzaindegi zerbitzuak eta halakoak, ongi etorriak direla. Baina muga asko dituzte, ez daudelako modu iraunkorrean antolatuta, eta ezin duzu horrekin kontatu egunerokoa antolatzeko.

Orokorrean zein da gizonen pertzepzioa honen inguruan?

Oso kontraesankorra. Gazteen artean batez ere, badago diskurtso bat oso zabaldua, politikoki zuzena. Ez dute erreproduzitu nahi euren aitek eduki zuten aitatasun eredua, hau da, ez egotea. Oso presentzia puntuala zuten euren gurasoek, eta haien zaintzeko modua zen dirua ekartzea. Orain, gazteek bai esaten zuten beste aitatasun modu bat nahi zutela, zaintzan inplikatuago egon. Noski, gaizki ikusia dago esatea ez zarela haurrekin inplikatuko. Diskurtso mailan badago aldaketa, eta aurrerapena izan daiteke aurreko belaunaldien aldean, baina jauzi handia dago hortik praktikara.

Zertan ikusten da diskurtsoa eta praktikaren arteko aldea?

Bi gizonekin hitz egin nuen, adibidez, aita izatekoak zirenak handik gutxira. Oso esanguratsua zen haien etorkizunaz egiten zuten proiekzioa. Bati galdetuta ea nola antolatuko zuen egunerokotasuna, kontatzen zuen jardunaldi murrizketa eskatuko zuela, eta aitatasun baimena hartu. "Noski, denbora daukadanez, ekonomia ikasi nahi dut, etorkizunerako prestatzeko, eta militantzia txukun bat egiteko denbora emango dit... eta gero, noski, nire umearekin gehiago egon". Bere aurreikuspenean, berez lehentasuna zena zerrendaren azken puntua bilakatu zen. Eta gizon hauek politizatuak daude, diskurtso feministak erabiltzen dituzte, baina arrakala ikusten da. Ikerketa batzuek erakutsi dute, adibidez, nola eragiten duten gurasotasun baimenek irakasleen produkzio zientifikoan. Emakumeek baimena hartzerakoan euren produkzio zientifikoa pila bat jaisten zen, baina gizonek hartzean ekoizpenak gora egiten zuten argi eta garbi. Gurasotasun baimenetan hobekuntzak egon dira, baina horrek ez du zehazten denbora hori zertarako erabili. Orain triatloi pila bat egiten dituzte aita direnek, ez dakit horrenbeste aldatu diren lehentasunak.

Zer bilakaera izan du generoen araberako lan banaketak gizartean?

EAEn adibidez, Eustatek azken 30 urteetako datuak ditu, ikusteko zenbat denbora eskaintzen zaien etxeko eta zaintza lanei gizarte mailan, eta horren bilakaera. Bereizi egiten dituzte pertsonen zaintzara bideratutako lanak, eta bestetik etxearekin lotutakoak, harrikoa egitea, sukaldatzea eta halakoak. Etxeko lanetan berdintzera egin du genero arrakalak nabarmen, baina ez gizonek gehiago egin dutelako, baizik eta emakumeek utzi diotelako zenbait lan egiteari. Exijentzia maila jaitsi egin da gauza batzuetan, eta teknologiak ere lagundu du, garbigailu eta antzekoekin. Baina batez ere joera aldatu duena izan da lanak azpikontratatzea. Geroz eta gehiago, etxean bi soldata daudenean, beste pertsona bati ordaintzen zaio lan guzti horiek egiteko. Bikote heterosexualetan ohikoa omen da, eztabaidatzen aritu beharrean, norbait hartzea lanerako, gatazkak saihesteko. Externalizazioak genero arteko arrakala gutxitu du, baina klase arteko arrakala handitu, argi eta garbi. Eskala sozialean baxuen daudenek egiten dituzte inork egin nahi ez dituen lan horiek, askotan emakume etorkinek.

"Zaintza oso modu indibidualistan ulertzeko joera egon da"

Gizonen parte hartzea ez da nabarmen igo, beraz?

Eremu horretan ez. Ohikoagoak diren lanak, egunero janaria prestatzea, harrikoa egitea eta halakoak, nukleo gogorra dira, eta horiek dira gutxien banatzen direnak, gizonen inplikazio gutxien dutenak. Noizbehinka egiten direnetan bai igo dela gizonen parte hartzea, erosketetan edo etxeko konponketetan, adibidez. Baina zaintza kontuetan ez da hain argi jaitsi arrakala. Gizon-emakumeek eskainitako denbora aztertuta, ikusten da emakumeek denbora bikoitza ematen dutela zaintza kontuetan. Etxeko lanetan aldaketa handiagoa dago, esan bezala; 1993an emakumeek zazpi aldiz gehiago ematen zuten halako lanetan, eta orain bikoitza "bakarrik".

Eta ez du zerikusirik bakoitzak duen denbora librearekin, ezta?

Gizonen langabezia aztertu genuen, krisi garaian, ikusteko ea horrek zekarren gehiago inplikatzea etxeko lanetan eta zaintzan. Kasu askotan langabeziak ekartzen zuen etengabe egotea lana bilatzen, ikastaroak egiten, hizkuntzak ikasten, ia lehen baino lanpetuago, eta zaintzan inplikatzea ez zen aukera bat ere. Beste kasu batzuetan bai ikusten zen inplikazio nabarmena, baina ez zegoelako aukerarik beste inor kontratatzeko emakumearen soldatarekin bakarrik. Gizon asko orduan konturatzen ziren zer nolako lana den hau. Kexatzen ziren, ezin duzu deskonektatu, etengabe haurrari kasu egiten egon beharra, asteburua heltzean ere deskonektatu ezinda. "Orain konturatzen naiz lan kargaz", esaten zuten, baina egoera ideala zen berriro lana topatzea, eta norbait kontratatzea etxean laguntzeko.

Nondik etorri daiteke onerako aldaketa?

Kolektibizatzearen beharra agertzen zen, lan hauei balio politikoa ematea. Kontziliazioa indibiduala da, nik nola egiten dudan nire egoera konpontzeko, baina soziala izan behar du kontziliazioak, lan hauek guztionak direlako. Ekonomia feministak planteatzen duen bidetik, denok bagara interdependenteak, eta guztiok behar badugu zaintza gure bizitzan zehar, orduan guztion ardura da. Kontzientziazioa, alde batetik, instituzioei aldarrikapenak egitea indartu ditzaten gizarte zerbitzuak, osasun publikoa, hezkun tza publikoa eta abar. Eta, bestetik, maila kolektiboan ere, mugimendu sozialetan espazio komunitarioak sortu horretarako. Baina noski, komunitaterik ez daukanak ez dauka alternatibarik.

Gatazka sortu daiteke militanteen zaintzak duen garrantziaren eta kolektiboak dituen helburu politikoen artean?

Bi plano ikusten ditut horretan. Batetik, uste dut bakoitzak nahi duen bezala ulertzen duela zaintza, eta horrek arazoak ekarri ditu mugimenduetan. Zaintza oso modu indibidualistan ulertzeko joera egon da, zaintza dela nire burua zaintzea, eta ondo egotea, ia osasun mentalari soilik lotuta. Dimentsio hori ere badu, baina Mugimendu Feministatik zaintza lanetan fokoa jarri denean ez da adiera indibidualista horretatik egin. Gehiago kolektiboari lotuta, sexuen araberako lan banaketari lotuta, ikuspegi egiturazko eta materialistago batetik. Kolektiboetan zaintza sartzea aipatzean, hitz egin nahi dugu zaintza behar handiak daudenean nola kolektibizatu. Ez horrenbeste autozaintza, eta "ni ez nator gaur nahi dudalako nire burua zaindu, nahiago dudalako beste zerbait egin". Mugak lausoak dira, eta problematikoa da.

Nola bilatu daiteke oreka?

Uste dut kolektiboek ere zaindu behar dituztela kideak, baina oreka baten barruan. Joxemi Zumalabe fundaziokoek zaintza hiru eremutan ulertzen dute: pertsonena, taldearena eta proiektu politikoarena. Eta hirurek orekatuta egon behar dute. Dena baldin badago proiektu politikoan, eta pertsonak desagertzen badira, desorekatua dago. Berdin du nola gauden, dena eman behar dugu horretarako. Baina kontrakoa ere desoreka bat izan daiteke, etengabe egotea pertsonei begira, ea nola gauden, eta proiektu politikoa alboratzea. Nik uste Mugimendu Feministatik gehiago pentsatzen ari garela auzoko haurtzaindegi kolektiboetan, nagusien zaintza nola kolektibizatu, zaintza sare iraunkorrak nola osatu eta halakoak. Egin behar ditugu gauzak elkar ezagutzeko eta ondo sentitzeko, baina ez dago erdigunean, nire ustez.

Matxismoaren berrindartze olatu bat ari da sumatzen.

Bai, kezka handiz bizi dut hori. Badaramagu denbora ikusten zelako erresistentziak dauden feminismoaren aldarrikapenen aurrean, zer erreakzio dagoen sektore zabaletara iristean feminismoaren diskurtso batzuk. Azken aldian gainera oso modu gordinean, inolako lotsarik gabe, eta oso jende gaztearen artean. Uste dut beti egon dela arrasto hori hor, baina ez hain modu agerikoan. Agian politikoki zuzenaren presioak eragiten zuen ez ateratzea hain modu argian, baina apurtzen ari da hori, buelta ematen ari zaio, eta ematen du iraultzailea dela politikoki zuzenaren aurka egitea, gazteen errebeldia puntu horretatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago