HIGA

Korrontearen aurka igeri

Jon Hidalgo 2025eko uztailaren 27a

Oihaneder Euskararen Etxea zena izan da HIGAren topaleku nagusia. Argazkia: J. HIDALGO /ALEA

Nola berpiztu daiteke galbidean dagoen hizkuntza bat? Ez da gauza erraza. Munduko hizkuntza gehienak desagertu egingo dira 2100. urterako, edo hilzorian egoteraino ahulduta geldituko dira, Unescoren arabera. Komunitate asko daude galera gelditu nahian, eta horietako batzuk elkartu dira Gasteizen HIGAn.

Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketak 68 hizkuntzetako ordezkariak bildu ditu aurten, inoizko gehien, eta haietako batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu. Askotariko egoerak ikus daitezke, baina denek sentitzen dute mundua beste noranzko batean doala, eta etorkizunak toki gutxi uzten diela hegemonikoak eta prestigiotsuak ez diren hizkuntzei.

"Nahiko nuke gure komunitateko gazteak harro sentitzea beren hizkuntzaz, sentitu dezatela guaya dela hizkuntza jakitea". Hala dio, Eberechukklu Divine Bernardek, Nigeriako Etche herriko ordezkariak. 5.000 pertsonak hitz egiten dute etche hizkuntza, baina ez da eskoletan irakasten, eta jendeak hitz egiteari uzten dio. "Gurasoek nahiago dute haien haurrek hizkuntza nagusiak ikastea". Hizkuntzaren harrotasuna eta lotura emozionala berreskuratu beharrari garrantzia asko ematen dio Bernardek.

Sardiniako Gallura eskualdean ere antzeko gertatzen da, Catalina Vittoria Rosellik dioenez, gallurera hitz egiteko estigma handia dagoela. "Baditugu hiztun natiboak, baina arazoa da egoera espezifiko batzuetan soilik hitz egiten dela, etxean gehienbat. Testuinguru formaletan ez dago sozialki onartua, eta italiera bertako hizkuntzak baztertzen ari da". Irlan hitz egiten diren bost hizkuntza gutxituetako bat da gallurera, korsikera eta sardinieraren arteko nahasketa. Egun 70.000 bat lagunek hitz egiten dute, baina hiztunak galtzen ari dira. Orain gutxi estandarizatu da gallurera, baina ezin da eskolan ikasi, salbuespen gutxi batzuk kenduta, eta italierak jarraitzen du izaten "sozialki mailaz igotzen" lagunduko dizun hizkuntza.

"Parabolika instalatu zen momentua izan zen gure galbidea"

Salma Halifa Elidnissi

Nola berreskuratu daiteke hizkuntza batekiko lotura emozionala eta hizkuntza hori ikasteko beharra? Beste hizkuntzak balio gehiago duela dirudienean, zergatik erabili hizkuntza gutxitua? Galestik dator Felix Parker-Price, eta HIGAn elkartutako beste hizkuntza askoren egoera ikusita, konturatzen da bere hizkuntza, galesa edo kymruera, ez dagoela hain gaizki, edo gutxienez, beste batzuk baino hobeto dagoela. Estatus ofiziala dauka, administrazio publikoa elebiduna da "printzipioz", galesezko telebista dago eta ikasketak galesez egiteko aukera dago, jaiotzatik unibertsitatera arte. "Baina hala ere, galesa hiltzeko arrazoiak ez dira benetan desagertu", dio Parker-Pricek. "Gales geroz eta pobreagoa da, gazte jendea badoa hizkuntza hitz egiten den zonaldeetatik, lanik ez dagoelako, eta bertako etxe asko bigarren etxebizitza bilakatzen ari dira atzerriko biztanleentzat, ingelesentzat batez ere".

Askotan botere guneak galtzen ditu lehenik hizkuntza gutxituak, garapen ekonomikoarekin lotutako guneek beste hizkuntza batean funtzionatzen dute, hizkuntza balioa galtzen doa, eta denborarekin komunitateko harremanetan duen pisua ere galtzen du. Galesen, estatus legala berreskuratu duenerako lotura komunitarioak nahiko galduta daude jadanik. "Ondo dago estatusa, telebista izatea galestarrez, baina lotura komunitarioak galtzen badira, hizkuntzak galtzen du naturalki erreproduzitzeko gaitasuna".

Antzeko zerbait gertatu da Hondurasko Garifuna herriarekin. Floren Santosek kontatzen du Hondurasko bederatzi etnietako bat direla garifunak, Afrikako beltzen eta indio arawaken arteko nahasketa. Garifuna hitz egitea debekatua egon zen urte askoan, bere amonari jo egiten zioten garifunaz hitz egiten bazuen, bazterketa handia jasan zuten, eta galtzen joan zen hizkuntza. Berari amonak erakutsi zion, baina jada ez omen dago ia gazterik garifuna hitz egiten dakienik, jendea asko harritzen da berak badakiela ikusita. "Globalizazioa heltzen da, eta oraindik garifuna hitz egiten duten gutxiak akulturatzen doa, beste bizi estilo batzuei begiratzen diete, eta galtzen doa tradizionalki kosmobisio gisa ulertu dutena".

Aurrerapena edo tradizioa

Guatemalan 22 hizkuntza maia daude aitortuta. Horietako bat da uspantekoa, Jessica Chipel Ajcoten hizkuntza. Gainbeheran dago uspantekoa, eta hainbat arrazoi aipatzen ditu Chipelek horretarako. Espainiarren kolonizazioak, noski, hizkuntza nagusi gisa kokatu zuen gaztelera, eta azken mendean egondako gatazka armatuek ere kalte egin diete hizkuntza gutxituei. "Lehen, uspantekoa hitz egiten bazenuen hil egiten zintuzten, errebeldea zinen eta zigorra merezi zenuen". Ondorioz, aitona-amonek beren ondorengoei hitz egiteari utzi ziotela dio, seme-alabak hilko zizkieten beldurrez.

Ari da berpizten uspantekoaren aldeko mugimendua, harrotasuna berreskuratzen, hezkuntza sisteman sartzen pixkanaka, baina ezin lasai gelditu, Chipelen esanetan. Gainera, ez da soilik gaztelera beren hizkuntzari lekua kentzen diona, kitxe hizkuntzak ere eragina omen du. Maia hizkuntzetan erabiliena da kitxea, bi milioi hiztun ditu, eta uspantekoaren zonaldean zabaltzen ari da, merkataritzarako aukerek kitxe hiztunak hurbildu dituztelako lurralde horietara, uspantekoaren kaltetan.

Melillakoa da Salma Halifa Elidnissi, eta Afrika iparraldean barreiatuta dagoen Amazig herriaren ordezkari gisa etorri da Gasteiza. Afrika iparraldeko herrialdeak deskolonizatu zirenean sentimendu arabiarraren areagotze handia eman zela dio, nazio estatu independente berriek asko sustatu zutelako. Hala ere eskualde askotan oraindik, "batez ere periferian eta zonalde menditsuetan, amazigek beren kultura bizirik mantendu dute". Hala ere, Elidnissik aipatzen du nola amazigaren aldeko aktibisten artean brometan esaten duten antena parabolikoa instalatu zen momentua izan zela haien hondamendia. "Parabolikari esker diskurtso asko heldu dira, Arabiakoak batez ere, eta Amazig herriaren identitatea lausotzea" ekarri omen dute.

"Galesa ez da errentagarria, ingelesa bai, zoritxarrez"

Felix Parker-Price

Badirudi aurrerapenak irabazitako espazioak galdu ohi dituela tokiko hizkuntzak. Parker-Pricek dio kapitalismoak eta globalizazioak ekarri dutela hizkuntzaren gainbehera, komunitateen suntsiketaren ondorioz, komunitateak ez direlako jasangarriak jada. "Bizi garen gizarteak etekina bakarrik baloratzen du, eta galesa ez da errentagarria. Ingelesa bai".

Garapenari uko egin behar al zaio hizkuntza gutxituak mantentzeko? Munduaren erritmoak aurrera doaz, eta arrazoi ugari izan ditzakete komunitateek aurrerapen horren emaitzez gozatu nahi izateko. Adibide interesgarria atera du Santosek, garifuna hiztun gehien dituen Kusuna komunitateari buruzkoa. Inoiz ez dute argindarrik izan Kusunan, eta uste du horregatik bertako haur eta nerabeek beren hizkuntzan hitz egiten dutela, isolamenduaren eraginez, hein handi batean. Xiomara Castro presidenteak elektrizitatea eramango du orain komunitate horretara lehen aldiz, muturreko pobreziaren aurkako neurri sorta baten barruan.

Hizkuntzak berpizteko estrategiak partekatzeko aukera dago HIGAn. Argazkia: J. HIDALGO/ ALEA

"Zer gertatuko da orain Kusunak argia daukanean? Komunikazioa helduko da, eta oso gauza ezberdinak ikusiko dituzte, orain arte ikusi izan dutenaren aldean". Hala ere, jende askori lagunduko dio pobreziatik ateratzen, Santosek aitortzen duenez, eta ez du guztiz txartzat jotzen aurrerapenaren eragina. Isolatua egonda bakarrik mantendu al daiteke hizkuntza? Nola egon konektatua, baina homogeneizatu gabe?

Globalizazioak gauza onak ere ekarri dituela nabarmendu dute batzuek. Salma Halifa Elidnissik dio amazigak haien artean konektatzeko aukera eman diela internetak, eta amazigen batasun sentimendu berri bat sortu dela. Eztabaida berriak ere ekarri ditu, nola estandarizatu hizkuntza, zein aldagai erabili, zein alfabeto, baina eztabaida hauek izatea bera bada aurrerapausoa, bere hitzetan.

Lotura emozionala edo pragmatikoa

Denek aipatzen dute hizkuntzarekiko lotura emozionala beharrezkoa dela, harro egotea nor bere hizkuntzaz, tradizioez eta kulturaz, eta hortik sortzea hitz egiteko nahia. Nahia bai, baina beharra ere sortu beharra dagoela diote, Euskal Herrian egiten den bezala, lanpostuetarako eskatu, administrazioan txertatu, eta funtzio instrumental bat ere behar duela bizirauteko.

Hala ere, hizkuntza hegemonikoak beti izango dira funtzionalagoak, eta komunikaziorako baliogarriagoak esparru zabalago batean. Beraz, lotura sentimentalaren garrantzia nabarmendu du Etche komunitateko ordezkariak. "Jendeak interesa izan dezan hizkuntza berrikasteko, belaunaldi berriei erakusteko, harrotasuna behar da, lotura emozionala, nahiz eta beharra ere sortu behar den, lanpostuetarako-eta. Harrotasunik ez badago, gure hizkuntza garrantzitsua dela sentiaraziko diguna, alferrik da".

Askok miresten dute euskararen biziberritze prozesua, sinatuko lukete haientzat ere, baina euskara arriskuan dagoela diogu oraindik ere. Noiz dago hizkuntza bat salbu? Batzuk begirada jarria dute jada komunitateko kideak direnen eskubideetan, errespetu eske, aukera izan dezaten beren hizkuntza ikasi eta erabiltzeko. Beste batzuek hegemonia eskatzen dute, lurraldeko biztanle guztiek jakin behar luketela, berdintasunean bizi ahal izateko.

Biziberritze prozesuan aurrera egin ahala, arazo berriak ikusten dira. Lurralde batean hegemoniarik ez izatea, beti bigarren mailako hizkuntza izatea eta funtzio sozial garrantzitsu asko ez betetzea pisuzko arrazoiak dira hizkuntza baten biziraupenerako aukerak neurtzeko. Noiz utzi ahalko diogu kezkatzeari?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago