Gasteiz koroatzeko bidean

Anakoz Amenabar 2025eko uztailaren 25a

Gasteizko hainbat kide daude Euskal Herriko Casteller taldean. Argazkia: A. ERAÑA

Urtebete egin du Euskal Herriko Casteller Taldeak, eta erakustaldia egingo dute larunbatean, hilaren 26an, Gasteizen; Kataluniatik iritsi berri, Vilafrancako Xicots taldea batuko da Plaza Berriko ekitaldira.

Herrialde Katalanetako plazak betetzen dituzten castell ezagunek aspaldi gainditu zituzten mugak, eta gero eta txoko gehiagotan ikus daitezke gizakiek osatutako dorreak. Talde edo colla propioa dute Paris, Londres, Madril, Kopenhage edota Edinburgon, eta duela urtebete eman zituen lehenengo pausoak etxean ere. Hilabeteotan egindako lan horren erakustaldia egingo du Euskal Herriko Casteller Taldeak larunbat honetan, hilaren 26an, Gasteizen.

2010ean Unescok ondare inmaterialeko ondasun kultural izendatu zuen tradizio hau, eta geroztik are loraldi handiagoa bizi du. Zer dute giza gazteluek, ordea, hainbeste lagun erakartzeko? Milaka partaide eta beste hainbeste ikusle batzeko? Euskal Herriko taldeko kide Asier Erañaren arabera, "talde izaerak" egiten du jarduera indartsu, beste hainbat faktoreren artean. "Talde moduan zerbait eraikitzen da, eta hori gustatzen zait, benetan eraikitzen dela; askotariko jendea batzen duen ariketa da, eta pertsona guztiak beharrezko dituena". Tentsioa, arriskua, beldurra, poza. Gaztelu barruan, pieza guztiak kokatu eta egitura osatu arte, sentsazio ugari bizi direla kontatu du taldekide donostiarrak, partaide bakoitzak bereak, eta ikusleak ere berehala harrapatu ohi ditu ikuskizun horrek.

"Askotariko jendea batzen da, eta denak dira beharrezko"

Asier Eraña

Beheko aldean piña osatzen dute, enborra edo tronca ostean, eta pom de dalt maila garaienean. Maila bakoitzean dagoen jendearen arabera bereizten dira gazteluak, eta mailaz igotzea dute erronka, lehia garrantzitsua ez bada ere, Erañaren esanetan. "Teknika garrantzitsua da, baina posizioa da kontuan hartu beharrekoa indarra edo bestelako ezaugarriak erabakitzeko garaian". Adina eta gorpuzkeraren arabera, posizio bat edo beste hartuko dute, baina denek dute lekua hemen. "Gehienak 25-30 urte ingurukoak gara, baina adin tarte oso zabala dago, eta fisikoki ere oso desberdinak". Umeak igoko dira goiko mailetara, eta nagusiagoek eutsiko dute behetik.

Guztiek kontzentrazioa beharrezkoa dute, eta horretarako musika izango da gidari nagusia. Mailak eraiki ahala, Toc de Castell-ek erritmo aldaketak egingo ditu partaideek eraikuntza nola doan jakin dezaten. "Bi aukera daude: gazteluak eraiki edo ikusi egiten dira. Arriskutsua da gora begiratzea, eta musikaren bidez jakingo du bakoitzak hurrengo pausoa zein den".

Etxeko taldea

Giza dorreen munduan gutxinaka-gutxinaka barneratzen joan da Eraña donostiarra, lagun katalanen eskutik, beste dozenaka lagunekin batera. Euskal Herrian bizi diren katalanek sustatu dute taldea, Katalunian bizi izandako hainbat euskaldun ere batu dira dagoeneko, baina bestelako lagunak ere erakarri dituzte gazteluek. 80 bat partaide daude egun, batik bat, Donostia, Bilbo eta Oñatikoak, baina Gasteizen ere badaude zenbait. "Aste barruan entsegu lokalak egiten ditugu, taldetxoetan, eta astebururo leku desberdin batean biltzen gara talde osoa", azaldu du Erañak. Talde irekia dela nabarmendu du, eta batu nahi dutenek sare sozialetan aurkituko dituzte argibide guztiak –Instagramen ehcastellertaldea–.

Euskal Herriko Casteller Taldearen erakustaldia Bilbon. Argazkia: A. ERAÑA

Kuartangon ere ohitura dute giza dorrea egiteko, beste jatorri eta teknika batekin, eta urteroko Trinitate erromerian egin ohi dute erakustaldia. Berehala jarri ziren harremanetan Euskal Herriko taldearekin, eta tailer bat antolatu zuten elkarrekin ikasteko. "Talde sendoa osatzea garrantzitsua da, eta horregatik gazteluaren ariketarekin batera alde soziala ere zaintzen dugu bazkari eta bestelako jarduerekin. Lagun talde bat da azken batean". Aurrera begira, euskaldunek soilik osatutako talde bat antolatzea ere buruan dute, Erañak gogoratu moduan. 

Kataluniako taldea 

Gasteizen egingo duten erakustaldian, uztailaren 26an, Vilafranca del Penedesetik etorriko den 120 casteller inguruko taldea izango dute alboan Euskal Herriko taldekoek. Munduko colla garrantzitsuenen artean dago, eta Tarragonan bi urtean behin antolatzen den gaztelu lehiaketaren kategoria gorenean parte hartzen du. "Esperientzia handia dute. Gaztelu altuagoak eta konplexuagoak egingo dituzte, eta, era berean, guri laguntzen izango dira". Larunbateko ekitaldia kalejira batekin hasiko da, 11:15ean; Foru Plazatik abiatuko dira bi taldeak, Plaza Berriraino, eta hantxe izango da ekitaldi nagusia. Plazan sartzean hasiko da Diada.

Egin ohi den lehen egitura sarrerako zutabea izaten da, normalean lau maila izaten dituena; bildutako guztiek aldi berean egitea da ohikoena, eta  ondoren, colla bakoitzaren txanda izango da. Guztien dantzaldiarekin amaituko dute ekitaldia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago