ANA DEL VAL

"Kexaan giza arrastoak eta agiri garrantzitsuak aurkitu ditugu"

Juanma Gallego 2025eko uztailaren 24a

"Ilusioa pizten duen" departamendu bat gidatzen du Del Valek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Iruña-Veleian lurperatuta egon daitezkeen zirku erromatarra eta bestelako egiturak azaleratzeko lehen lanei ekingo diete udan, eta "berri onak" egon daitezkeela dio diputatuak. Mantible zubiaz, Kexaaz, Gebaratarren jauregiaz edo euskarazko eskaintzaz mintzatu gara harekin.

Sei urte daramatza Kultura eta Kirol foru diputatu gisa Ana del Valek (Gasteiz, 1960), eta gai andana ditu mahai gainean: Iruña-Veleia, Kexaako Monumentu Multzoa eta kulturaren eta gazteriaren alorrean parte hartzea sustatzea dira batzuk. Departamendu "politena" kudeatzea egokitu zaiola aldarrikatzen du, eta gogoz babestu ditu bertan egindako "talde lanaren" emaitzak.

Iruña-Veleian bisitari zentroa berritu behar duzue. Gaur egun, zertan dago aztarnategia?

Orain arakatze fasean gaude, erromatar garaiko zirkua dirudiena aurkitu dugulako, hainbat eraikinekin batera. Horiek guztiak ikusi behar ditugu, eta baloratu ia nola dauden. Arreta guneari dagokionez, agerikoa da egun dagoen azpiegitura ez dela oso txukuna. Aztarnategiak duen maila ondo erakutsi nahi baldin badugu, Iruña-Veleiarako behar bezalako bisitari zentroa eraiki behar dugu. Teknologia berriekin; iristen denean, jendeak leku atsegin batean bideo bat edo infografia bat ikusi ahal izateko. Ideia lehiaketa egin dugu, eta gustatu zaigun proiektu bat aukeratu dugu jada. Sei urtean azken hamabost urteetan baino gehiago inbertitu dugu bertan. Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta Next Generation funtsekin, lan egin ahal izan dugu askoz anbiziotsuagoa den proiektu batean. Eta, norabide horretan, zalantzarik ez dago pixkanaka mugarriak betetzen joan garela.

Harrigarria bada ere, pertsona batzuek diote bertan profesionalek ez dutela arduraz lan egiten, eta hondeamakinak aipatzen dituzte argudio gisa. Zer duzu esateko?

Horrekin aski dela esateko garaia da. Arkeologia enpresa ugarik soberako gaitasun profesionala erakutsi dute. Nik ardura hau hartu nuenean, aztarnategi batek izan ahal zuen gauzarik txarrena zeukan Iruña-Veleiak: arazo juridiko itzela, eta faltsutzeengatik irudi ezin txarragoa. Eta horri buelta eman diogu.

Aurpegian antzematen zaizu zu ere sutan jartzen zaituen gaia dela hau...

Hala da, bai. Arren eta faborez, beste garai batean gaude, eta etorkizunera begiratzeko garaia da. Aski da gurpilari makilak jartzeaz. Arkeologiaren profesionalak babestu nahi ditut, eta ez naiz gehiago sartuko horretan, asko haserretzen nauen gaia delako. Goazen ba etorkizunera begiratzera. Uda honetan sei laginketa egingo dira. Zer espero daiteke horietatik. Nik beti esaten dut Iruña-Veleiak albiste onak emango dizkigula. Zirkua dirudien egitura horren atzean zer dagoen arakatuko dugu, behin aurtengo uzta jasota egingo dugu, jabetza pribatuko eremu batean dagoelako. Hori jabeekin adostu dugu. Baina baimen guztiak ditugu dagoeneko, ea zirku hori aurkitzen dugun. Momentuz, profesionalen garaia da, eta emaitza guztiak ditugunean publiko egingo ditugu.

"Euskaraz ehun jarduera baino gehiago ditugu, baina adinekoen artean eskaria oso urria da"

Kexaako Monumentu Multzoan, zendutako Hipolito bertako apaizaren geletan, Biblia ospetsuaren zati gehiago aurkitu direla jakin dugu. Noiz emango dira horiek ezagutzera?

Tira, ez da Biblia bat! Biblia baten parte izan zitezkeen paperak daude, baina Biblia baino baliotsuagoak diren agiriak daude ere. Dakizunez, Photoaraba atariari buelta bat eman diogu, eta dagoeneko 200.000 argazki baino gehiago daude edonoren esku. Bada, une honetan lanean ari gara atarian Kexaako agiriei buruzko atal bat sortzeko. Beraz, esango dizut Erdi Aroko agiriak aurkitu ditugula Kexaan, eta oso oso garrantzitsuak direla.

Parte hartzea sustatu duela babestu du diputatuak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zeri buruzko dokumentuak dira?

Monumentu multzo hori nola sortu zen kontatzen duten agiriak dira. Erdi Aroko historia guztia: Pedro Lopez Aiarakoa hara nola iritsi zen, utzi zuen oinordetza... esan bezala, esan digutenagatik, balio oso handia duten agiriak dira.

Zer nolako esku hartzea egin duzue bertan?

2023tik ari gara esku hartzen: arkuak, teilatuak, irisgarritasuna. Hilobiak ere zaharberritu dira, eta bertan giza hezurrak aurkitu dira. Orain adituak ikertzen ari dira norenak izan daitezkeen. Ea, ateak zabaltzen diren egunean izugarria izango da hilobiak ikustea. Bestetik, orain Esclavas del Señor izeneko serie garrantzitsua prestatzen ari da, eta sei hilabetez hor egongo dira. Uneotan, aurre produkzioarekin ari dira, eta irailean filmatzeari ekingo diote.

Aldundiak ideia lehiaketa bat martxan jarri du, bertan ostalaritza eta bestelakoak jartzeko. Horrek eraginen bat egingo al dio ondareari?

Ez, ondarearen alorra Kulturatik kudeatzen jarraituko dugulako, eta Ogasunaren esku egongo da beste guztia. Kultura departamentutik lan asko egin da bertan dagoen ondare guztia katalogatzeko, azken koilaratxoraino.

"Lanean ari gara Photoaraba atarian Kexaako agiriei buruzko atal berezi bat sortzeko"

Grabaketak aipatu dituzu. Elizen erabilera kulturalaz, lortu al da ja bakea Gotzaindegiarekin?

Bai, logikoa denez, adostasun batera heldu behar ginen. Guk ez ditugu gauzak egiten inor kaltetzearren. Are, Kulturan edo zinematografian ematen diren pizgarriak abiapuntu honetatik datoz: egiten diren inbertsio horiek ezinbestean ehuneko hogeita hamarrean geratu behar dira Araban, baliabideak erosiz edo pertsonak kontratatzen. Hori gure lurraldearen ekonomiarako onuragarria da. Adibidez, Kexaan grabatzen ari den ekoiztetxeak eskatu dizkigu hotelak, ostalaritza, ile apaintzaileak, makilatzaileak... Eta guk enpresa txikien zerrenda bidali diegu. Onura fiskal horiei begira, Kultura departamentutik hamasei ekoizpen kalifikatu ditugu. Uneotan Erresuma Batuko bi ekoiztetxe garrantzitsu lurraldea aztertzen ari dira, grabatzeko. Ekonomiaren, ondarearen eta kulturaren ikuspegitik guztiz onuragarria da hau.

Zer asmo daude Gebaratarren jauregirako?

Milioi bat eta ehun mila euroko finantzaketa lortu dugu. Kultura eta turismo espazio garrantzitsu bat izango da, Done Jakue bideari lotuta. Barrundiako Udalaren eta batzar administratiboaren kolaborazioarekin egin dugu, Next Generation funtsen aukera honetaz baliatuz. Bestela ezinezkoa izango litzateke inbertsio hori.

Mantible zubian esku hartze bat egingo duzue, baina Logroñoko Udalak bere zatian gastatutakoa baino askoz diru gutxiagorekin. Zergatik?

Pandemia aurretik bilera bat izan genuen Logroñoko Udalekoekin. Haiek arazo bat zeukaten, zubia erori zitzaielako. Arabaren aldetik etxeko lanak eginak genituen, eta hormigoizko egitura landuta zegoen: bagenekien gure aldea ez zela eroriko. Bestetik, Errioxa aldean biltegi eta lantegi zahar andana zeuden, nahiko narriatutako eremu batean. Txirrindularientzako bidegorri bat eta bestelakoak egin dituzte bertan, milioi bat eta seiehun mila euro inguruko lanekin. Zubiaren konponketa esku hartze osoaren zati bat baino ez da izan. Gure kasuan, lizitazioa prest daukagu jada, eta Guardiako Udalak bere lurrak utzi dizkigu, bertan laginketa arkeologikoa egiteko eta ingurua txukuntzeko. Berrehun mila euro inguruko inbertsioa egingo dugu, bertan paseatzeko moduko inguru aproposa lortzeko.

Ignacio Aldekoa kultur etxeak Gasteiztik kanpo antolatutako euskarazko eskaintza urriaz galdetu du EH Bilduk. Zer duzu esateko?

Hemen gauzak oso argi esan behar dira: +55 Elkartegietarako jardueren dosier bat egiten dugu, eta hau pasatzen zaie kultura teknikari guztiei, udaletakoei eta kuadrilletakoei. Haiek dira erabakitzen dutenak zer nolako jarduerak egingo diren. Euskaraz programatzeko ehun jarduera baino gehiago ditugu eskura, baina euskarazko eskaria oso urria da adinekoen artean. Sentitzen dut, baina hala da: demografiarekin ez da negoziatzen. Kontrara, Gasteizen Ignacio Aldekoan familientzat dugun txokoan, eskaintzaren %90 euskaraz da, umeek euskaraz egiten dutelako. Magialdia Araban, adibidez, Laudion euskaraz egiten duen mago bat aurkitu dugu, eta beste bat Artziniegan. Haurrentzako jarduera guztiak euskaraz egingo dira. Hau ez da, inondik inora, diputatu honek euskaraz programatu nahi ez duela. Ahalegintzen gara, baina eskaria dagoena da, eta ezin diogu programatzeari utzi euskarazko eskari nahikoa ez egoteagatik.

Madrilen PSOEn gertatutakoaz "suminduta" dago Del Val. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kultura eta gazteria foroak martxan jarri dituzue. Nola doaz?

Kultura irisgarria eta parte hartzailea izatea da gure helburu nagusienetako bat. Hona iritsi nintzenean, gazteria batzorde bat zegoen, eta... tira, gazteriaz, agian izena besterik ez zuen. Orain kuadrilla guztietan eskatu ditugu parte hartu nahi duten gazteak, gehienez 25 urtekoak. Lurrikara izeneko izeneko programa bat martxan jarri dugu ere, gazteriari galdetzeko dituen beharren inguruan. Modu berean, mahai sektorialak sortu ditugu kulturaren alorrean, diziplinaka; eta horiek gero kultura batzordera eramaten dituzte proposamenak, modu demokratiko eta parte hartzaile batean.

Eskola kiroleko arbitroek errespetua eskatzen duten petoak daramatzate, eta bi isun handi jarri zaizkie kirolean indarkeria jarrerak erakutsi dituztenei. Halakoek egoera hobetuko dutela uste duzu, ala oraindik goiz da ondorioak ateratzeko?

Begira: administrazioaren ikuspuntutik zigor prozedura bat gureganatzea oso konplexua izan da, horretarako eskumenik ez daukagulako. Baina eskola kirolaren antolakuntza gure esku dagoenez, zerbait egin behar genuen. Hainbat familiek erakusten zuten ahozko komunikazio erasokorraren inguruko kexa ugari zeuden. Eskola kirola hezitzailea da, ez da lehiakorra; osasuna sustatzeaz gain, balioa eman behar zaie kirolak dituen onura guztiei. Hainbat kirol kazetarirekin eta federazio guztiekin bildu gara, irtenbide bila; eta jende guztiak esaten zigun poltsikoa ukitu arte hau ez zela konponduko. Beraz, hau ez da izan diputatuaren burutazio bat. Oraindik ez ditut datuak hori babesteko, baina esango nuke baietz, jaitsi dela indarkeria. Bestetik, eskerrak eman nahi dizkiet harmailetan laguntzen duten senideei. Indarkeria jarrerak kudeatzen ahalegintzen diren boluntarioak dira. Bururatu zitzaigunean, pentsatzen genuen agian jende gutxi aurkeztuko zela, eta 300dik gora dira jada! Izugarrizko erantzuna egon da. Gero eta kontzientzia handiago dago honen inguruan: eskola kirolean indarkeriarik ezin daiteke onartu.

Historikoki kexa asko egon dira Zientzien Museoaren edukieraren inguruan. Kordoi Etxeak erantzun nahikoa emango al die behar historiko horiei?

Bai, noski. Bestela ez ginen honetan sartuko. Urteak daramatzagu —hogei bat gutxienez—, museoaren inguruan ezbaian, baina orain arte inork ez dio irtenbiderik eman. Beti esan izan da espaziorik ez dagoela. Kordoi Etxea aproposa dela iruditzen zait. Besteak beste, daukan kokapenagatik kordoi baten funtzioa egingo duelako beste hainbat museorekin. Kokapen horrek gauza asko ahalbidetuko dizkigu. Orain dugun espazioa hirukoiztuko dugu. Funtsak Otxanda dorrean geratuko dira, hor daudelako kontserbaziorako baldintza egokienak, eta katalogazio eta ikerketa gune izango da. Eta erakusketak Kordoi Etxean egingo dira. Esku artean dugu jada museografia proiektua, baina ezin dut ezer aurreratu, oraindik bukatzeke dagoelako. Baina aurreratu ahal dizut teknologia berriak erabil ahalko direla, eta erakargarria eta berritzailea izango dela. Ohiko zientzia museo batetik dagoen ideiatik oso aldenduta. Nik argi daukat museoak ezin direla estatikoak izan, eta istorio bat kontatu behar dutela; bada, Kordoi Etxeak horretarako aukera emango digu.

PSE-EEko kide bezala, nola bizitzen ari zara Madrilen gertatzen ari dena?

Gaizki. Suminduta nago. Emakumea naiz, eta matxismo handiko leinu batetik nator. Ezin dut onartu kontu berdina bizitzea. Ezin da inolaz ere onartu. 2025ean gaude! Ustelkeria eta matxismo hori borrokatzeko neurri guztiak babestu behar ditugu. Pena handia da, batez ere maila lokalean ari garenontzat. Araba bezalako lurralde maitagarri batean lanean ari garenok txarrerako zikintzen gaitu. Gure lan egiteko moduari kalte egiten dio. Baina espero dezagun hemendik altxatzea, eta hartzen diren neurri guztiek bere ondorioak izatea.

Sei urte daramatzazu. Nola darama Ana del Valek diputatua izatearen ardura?

Poztasun eta aldarte onarekin eraman dut. Batetik, lantalde itzela daukadalako. Punta-puntakoa da Kultura, Gazteria eta Kirolean jarduten duen lantaldea. Lortu dugu taldean lan egitea, eta erabakiak ere modu horretan hartzea. Hori asko nabaritzen da, eta gizartean isla du. Dena dela, gauza pertsonal batzuk oso gaizki bizi izan ditut. Politikaren alde txarrena da zure familiaren kontra jotzen dutenean; hori bizitzea oso gogorra izan da. Baina lan egiten jarraitu beharra dago. Departamentua ilusioa pizten duten horietako bat da, gauza asko egin daitezkeelako; eta departamentu politena da, zalantza gabe. Egiten dugun guztiak interes handia du. Legegintzaldi honetan egindakoa birpasatzen ibili naiz, eta hemezortzi folio daramatzat.

Memoriak idazteko garaian zaude, ala?

Ez ba! Oraindik egiteko daukadana birpasatzen ari naiz. Baina gai askori buelta eman diegu, eta, lan gogorra izanda ere, harro gaude egindako lanaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago