Euskara da bide bakarra

Jon Hidalgo 2025eko uztailaren 19a

Euskal Herriko zazpi herrialdeak ezagutuko dituzte hilabete osoan zehar. Argazkia: EUSKARABENTURA

Erdarak nagusi diren Euskal Herrian, gazteen arteko harremanak euskaraz sortu eta garatzeko aukera ematen du Euskarabenturak. Hilabetez Euskal Herria zeharkatzen dute, euskalki eta ohituren nahastean.

Argantzonen sartu berritan harrapatu ditugu Euskarabenturako gazteak, ibilaldia egin ostean furgonetatik motxilak atera eta bazkarirako prestatzen. Haiekin eseri eta entzun ahal izan dugu zergatik sartu ziren halako abenturan, zer ekarri dien eta nola eragin duen euskararekin duten harremanean.

Aurten ere dozenaka gazte ari dira Euskal Herria oinez zeharkatzen, euskara ardatz hartuta, Euskarabenturaren aitzakian. Zazpi probintzietatik etorritako 15-17 urte bitarteko 126 lagunek osatzen dute Izioquitarren taldea, hamahiru arabar tartean, eta uztail osoa emango dute bueltaka, Zuberoako larre berdeetatik Arabako gari zelaietara, Iruñeko San Ferminetatik itsasora.

Ez dira ohiko udalekuak hauek, eta ez da erraza hautatua izatea, froga bat ere egin behar izaten dute. Aurten, hiru gai proposatu zizkieten gazteei: beldurra, klima aldaketa eta gizartea ea indibidualista edo kolektibista den. Horietan oinarrituta, hautagaiek proiektu bat aurkeztu behar izaten dute, izan istorio bat, lan musikal bat, artistikoa, historikoa, poema bat, maketa bat... ez da izena eman, ordaindu eta joatea, gazteen partetik konpromisoa eta borondatea dagoela ere erakusten du proiektuok aurkezteak.

Egunero talde batek zerbitzatzen du bazkaria, eta komunak garbitu. ALEA

360 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak aurten, inoiz baino gehiagok, baina 126rentzako lekua besterik ez dago. Hautaketa egiteko gazteen lanak kontuan hartzen dira, baina baita beste irizpide batzuk ere. Nongoak diren edo nolako hizkuntza ohiturak dauzkaten ere aztertzen dute antolatzaileek, talde anitza osatu nahian, esperientzia ahalik eta aberasgarriena izan dadin, eta Euskal Herriko aniztasuna islatu dezan. Euskaraz jakin behar dute, hori da baldintza, baina gaitasun maila ezberdineko gazteak elkartzen dira Euskarabenturan. Familia bakoitzaren egoera ekonomikoak ere ez du parte hartzea mugatzen. Gazteek ez dute ezer ordaindu behar, diru laguntza publikoen bidez eta zenbait enpresa pribaturen publizitateari esker finantzatzen dute egonaldi guztia.

Aitzakia ezin hobea nork bere hizkuntza ohiturei begiratu eta iraultzeko

Behin gazteak hautatu eta taldea osatuta, uztailaren 1ean hasi ohi dute ibilbidea. Atharratzetik atera eta eguneroko ibilaldiarekin aurrera egiten doaz, Zuberoan barrena lehenik, Nafarroa Beherean ondoren, Nafarroa Garaia bisitatzen dute eta Iruñera heldu dira, San Fermin betean. Handik Arabara egin dute jauzi, Añanan hasita, eta Argantzon, Gasteiz, Izarra, Elosu eta Araia ezagutu dituzte, Gipuzkoara sartu aurretik. Uztailaren 31rako zazpi lurraldeak zeharkatuak izango dituzte, eta herrialde bakoitzeko ohiturak ezagutu.

Egun bat Euskarabenturan

07:00etan hasi ohi dute eguna. Motxilak furgonetan sartzeko prestatu, eta gosaldu egiten dute. Ondoren, etapa abiatzen dute oinez. Hiru taldetan joaten dira, hamabost minutuko tartearekin bata eta bestearen artean, bakoitzaren abiaduraren arabera banatuta, denak batera heltzeko. Behin helmugara iritsita, motxilak hartzen dituzte furgonetetatik, eta egun hartan ostatu izango duten frontoi edo eskolara sartzen dira. Bazkaltzeko txanda, metalezko kanpin plateretan jan, eta norberak garbitu behar ditu otordu bakoitzaren ostean.

Egunero talde batek zerbitzatzen du janaria, eta dutxak eta komunak ere egunero garbitzen dituzte irten aurretik. Atseden ordu bat izaten dute bazkalostean, atseden hartu edo arropa garbitzeko, adibidez, eta gero ekintzak izaten dituzte, herri kirolak, bisitaren bat... gero afaldu, eta gaubela. Jolasak izaten dira gaubelan, noizbait hitzaldi bat ematera etortzen dira. Aurten, adibidez, Xiberoots taldeko bi kideren bisita jaso dute Zuberoan. Eta noski, dena euskaraz.

Gaztelerak eta frantsesak ez dute balio, euskarak batzen ditu gazteak

Hori ere izaten baita erronka askorentzat. Euskalki ezberdinen nahasketa, gaitasun maila ezberdinen batura, aitzakia ezin hobea nork bere hizkuntza ohiturei begiratu eta iraultzeko. Iparraldekoei ulertzen izan dute arazo gehien Enara Izagirre Barea, Peio Altube Arregi eta Aiala Amurrio Fernandez gazte arabarrek, baina moldatu direla diote. Dulantzi, Laudio eta Gasteiztik datoz, hurrenez hurren, eta polita iruditu zaie beste herrialdeetako gazteekin hartu emana, ikasten ari dira hirurak.

Hizkuntza ohiturak iraultzen

Denek euskaraz dakiten arren, batzuek herdoildu xamar dute hizkuntza, erabiltzeko ohitura faltagatik. Altubek euskaraz egiten du lagunartean ere, baina Izagirre eta Amurriok gazteleraz egiten dute lagunekin. Hala sortu dute ohitura, eta zaila egiten omen zaie euskarara aldatzea. Baina Euskarabenturan ezinbestekoa da euskaraz egitea, hori delako udalekuen izateko arrazoi nagusietako bat, baina baita ere, askorentzat lehenengoz, euskarak balio dielako beste gazte batzuekin komunikatzeko, eta gaztelerak ez. Iparralde eta hegoaldeko gazteen nahasketak eskema asko apurtzen ditu hizkuntza hegemonikoen komunikatzeko balioari buruz.

Hamahiru arabarrek hartu dute parte aurten Euskarabenturan. Argazkia: ALEA

Hala ere, Euskarabenturan ere ez omen da erraza euskarari uneoro eustea, Haizea Solagurenbeaskoa komunikazio arduradunaren esanetan; "ez da burbuila bat", eta gizarteko aje berdinek eragiten dute hemen. Nabaritzen dira bakoitzaren joerak, zailtasunak, konfiantza gehiago edo gutxiago dutenak, baina hala ere arnasgune bat irekitzen die gazteei, eta laguntzen omen die konturatzen zein garrantzitsua den euskara erabiltzea, eta euskarari eustea. Euskaraz egiteko ohitura falta, konfiantza edo segurtasun falta, ohikoa da hainbat gazterengan, eta ariketa ugari egiten dituzte espedizioaren hastapenetan, horri heltzeko.

Nork bere euskara gaitasuna hobetzeaz gain, euskararen egoera soziolinguistikoaz kontzienteago izaten ere laguntzen die gazteei Euskarabenturak. Altubek aipatzen du ikusi dutela nola Araban eskubide gehiago dituzten euskaraz egiteko Nafarroan eta Iparraldean baino, baina hala ere erabilera, kalean entzuten dena, gutxiago dela batzuetan. Amurriok goraipatu egin ditu Araban euskara sustatzeko egiten diren ekintzak, eta bide onean doala uste du. Izagirrek penaz aipatzen du nola ez duen euskara asko entzuten inguruan, ume txikiekin baietz, baina bestela gutxi. Hobetu daitekeela, eta hobetu beharra dagoela? Denak ados.

Euskaraz sortutako harremanak egin dituzte hirurek asteotan, eta harreman hauetako askok denboran luze irauten dute, antolatzaileen esanetan. Aurreko urteetako Izioquitarrak ikusi dituzte aurten, sanferminetan, denak batera, euskaraz. Euskal Herri osoko gazteen artean sarea sortzeko ere aukera paregabea baita Euskarabentura. Hilabete bat besterik ez da, baina etxera buelta ezberdin egingo dutela diote gazte arabar hauek. Hizkuntza hautuak duen garrantzia indarberrituta, ahal dutenean euskaraz egiten saiatuko omen dira aurrerantzean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago