FRAC

"Guk musika soziala egiten dugu, baina agobiatu gabe"

Jon Hidalgo 2025eko uztailaren 17a

Ostegunean Gasteizko Herre tabernan eskainiko dute kontzertua, eta ostiralean Kanpezuko Iturrienea Koronela tabernan. Argazkia: ANTONIO CANSINO

Izenean bertan onartzen dute ez direla ohiko raperoak FRAC taldeko kideak. 2007an sortu zen Fundación de Raperos Atípicos de Cádiz, eta autogestioaren bidetik saiatu izan dira bidea egiten musikagintzan.

Politika eta gizarte gaiez betetako abestiak dituzte, baina inoiz galdu gabe barrea eragiteko asmoa. Aste honetan Araban arituko dira kontzertuak ematen, ostegunean Gasteizen eta ostiralean Kanpezun. Pepa Ripoll eta Karim Al-Jende abeslariekin hitz egin dugu, taldeaz, prekarietateaz, Andaluziaz eta beste hainbat konturi buruz.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, nola definitzen duzue zuek FRAC?

Definitzeko modu asko daude. Izan daiteke erromantze elektronikoa, edo Jamaika eta Cadizen arteko nahasketa ere. Guk benetan egiten duguna musika soziala da. Baina beno, agobiatu gabe. Barre egiteko ere egiten dugu. Garrantzitsuena da atzean dagoena, taldearen funtzionamendua eta formatua. Rap formatua dugu, DJ bat eta ahotsak direlako, baina asko du Cadizeko inauterietatik ere.

Orduan raperotik gutxi daukazue? Nahasketa da gehiago?

Hortik doa kontua, bai. Rapa da gure influentzietako bat, baina ez bakarra, punkak ere eragiten digu, reggaeak, eta baita inauteriek ere. Azken hau gure bizitzen zati garrantzitsua da. Dubmancero Gaditancehall kontzeptua sortu genuen, garena azaltzen saiatzeko...

Taldearen filosofia ere nabarmendu izan duzue askotan, autogestioa, autoedizioa, zuek egitea...

Bai. Garrantzia dauka honek, baina lana ere ekartzen du, eta desabantailak ere baditu. Abantaila da nahi duguna egiten dugula, nahi dugunentzako jo, eta ez dugula oharrik atera behar esaten ez dugula genozidioa babesten, beste talde batzuek egin duten bezala. Hori du alde ona, ez dugula beste batzuen etekinerako lan egiten. Eta alde txarra, ba asko landu behar dugula, asko kostatzen zaigula muturra sartzea zenbait jaialditan, eta nekatuago heltzen zarela guztiaz arduratu behar zarenean. Azkenean guk egiten dugu dena. Askotan talde profesional bat bagina bezala mugitzen gara, baina beste lan bat bilatu behar dugu bizitzeko. Gure zirkuitoa oso atsegina da, eta asko gozatzen dugu, baina ezin da horretaz bizi, beste lan batzuk eduki behar ditugu, eta noski, horrek estresatuago bizitzea eragiten du.

"Pobreak uste du gertuago dagoela lurjabetik, marrubiak jasotzen dabilenetik baino"

Errazago litzateke industrian sartuta?

Ez, ez dut uste errazagoa denik. Kontua da ez dagoela erdibiderik. Guk autogestioaren alde egiten dugu, musika industria ez da gure bidea. Gureak motibazio soziopolitiko indartsua du, horregatik ez balitz aspaldi desagertua legoke hau. Gu edozein oholtzatan egon gaitezke, baina ikusten dugu nola jaialdiak heltzean, edo jai herrikoiak antolatzean, ez dituztela gurea bezalako taldeak deitzen. Herri eta auzoetako jaietan gurea bezalako taldeak deituko balituzte, ez gu, gu bezalako beste batzuk, hobeto joango litzateke kontua. Badaude talde asko jendea mugitzen dutenak, eta ez da behar hainbeste talde 30.000 euroko katxearekin. Horiek kontratatzen dituzte eta, noski, KKR-ren menpe daude, nola bestela.

Asko hitz egiten duzue musikako prekarietateaz, langabeziaz...

Bai. Beno, hemen gaude, bi autonomo, beste gauzetan aritu behar dugunak lanean. Beti bizi izan gara modu prekarioan. Pepak mundu osotik bidaiatu behar izan du, artisau lanetan, eta lortu du nagusirik gabe bizitzea, autonomoagoa izatea, baina prekarioa halere, oso ondo daki zein zaila den lana eta musika uztartzea. Cadizen jende pila bat daukagu inguruan, sekulako talentua duena, baina ez diote kasu putarik egiten.

Zuek oso auzokoak zarete, baina FRAC famatu bilakatu da urte hauetan. Ez zaizue fama burura igo?

Agian igoko litzaidake etxe propio bat izango banu, baina hilabete eta erdi zor dut alokairuan... Orduan ezin burura igo. Aber, eszenatoki batera igotzeko beti eduki behar da ego pixka bat. Hori ezin dizu inork ukatu, eduki behar duzulako lehen bultzada hori, esateko: "Entzun nazazue". Baina hortik aurrera, gu langileak gara. Eta guk ditugun baldintzak antza handiagoa dute edozein lan normaletako baldintzekin, artisten baldintzekin baino. Beste liga batean gaude gu, langileen ligan, eta horrekin egin behar aurrera. Baina pozik gaude zirkuito honetan egoteaz. Gustatuko litzaigukeena da pixka bat duinagoa izatea, eta jasangarriagoa gure poltsikoarentzat.

Andaluziaz ere galdetu nahi nizuen. Zuek andaluzak zarete? Andaluzak eta espainolak?

Espainol? Ez dakit zer den hori. Bartzelonako futbol talde bat ez da? Guk Espainiaz eta espainiartasunaz ihes egiten dugu, argi. Andaluziakoak gara, Cadizko badiakoak. Andaluzia izan zen gaztelarrek eta barbaroek inbaditutako lehenengoetakoa XI. mendean, eta hortik aurrera... Lurralde latifundista bat da, mentalitate latifundista duena. Hemen inoiz ez gara gure lurren jabeak izan, jornalariak beti lan egin izan du beste norbaiten lurretan, beste norbaitek irabazi zezan. Mentalitate hori du jendeak hemen aspalditik, eta oso zaila da aldatzen. Lurjabeen kontu horrek, denaren jabe diren horienak, berdin jarraitzen du.

2007an sortu zen Fundación de Raperos Atípicos de Cádiz taldea. Argazkia: Andoni Pititako

Profila aldatuz joango da agian?

Bai. Orain nekazaritzan gehien sufritzen dutenak migratzaileak dira. Haiek dira hona datozenak marrubien lana egitera, esaterako, Almeriako negutegietan sartuta 50 gradutan. Horiek dira sufritzen ari diren andaluzak. Migratzaileen Andaluzia hori ez dago inon islatua, ez instituzioen partetik jasotzen duten tratu txarra. Bizilagun askoren aldetik ere jasaten dute indarkeria, fatxapobreak diren bizilagunak, ia besteak bezain pobreak direnak, baina auto bat daukate, edo ez dakit zer, eta gainetik daudela uste dute. Eta errua migratzaileei botatzen diete. Hori da Andaluziako mentalitate latifundista, pobreak uste du gertuago dagoela lurjabetik, marrubiak jasotzen dabilenetik baino.

Andaluzismo berri bat garatzen ari da orain?

Bai. Alde batetik pozten naiz sentimendu andaluzista dagoelako, baina andaluzismoa, klase ikuspegirik gabe egiten denean ez du ezertarako balio. Andaluziako herriaren aldarrikapen nagusia lurra izan da. Orduan, lurra gurea ez bada, egiten dugun guztiak ez du balioko, Lola Floresen kamisetak jarrita ere; chauvinismo hutsa da. Oportunismo politiko handia egon da Andaluzian. Andaluzismoa ondo hasi zen 70ko hamarkada amaieran, baina Partido Andalucista desbideratu egin zen PP eta PSOEren besoetara. Eta ez zegoen andaluzismoaren arrastorik Adelante Andalucia agertu den arte. Horko zati bat badira andaluzista soberanistak, Nacion Andaluza eta antzekoak, baina gutxiengoa dira. Adelante Andaluciaren diskurtsoa ezkerreko andaluzismoan zegoen hutsunea betetzera etorri da, alde batetik txalotzekoa, baina neoandaluzismo chauvinista hori sustatzen ere ari dira, klase edukiz hustuta.

"Andaluzismoak, klase ikuspegirik gabe egiten denean, ez du ezertarako balio"

Andaluziako hizkera ere aldarrikatu izan duzue asko, batez ere kulturan. Jendea lotsatu egiten da ala?

Geroz eta gutxiago. Guk andaluzieraz egiten dugu, cadiztarrez. Hemen hala egiten da eta kito. Inauteriak ere herriko jendeak egiten zituen, langileek, eta abestiak konposatzen zituztenak askotan erdi analfabetoak ziren. Eta halere musika eta letra izugarriak ateratzen zituzten, egun asko baloratzen ditugunak. Guk horrela hitz egiten dugu, baina noski, guri Lengua Castellana irakatsi digute. Lehen letrak idazten jarritakoan metrika gazteleraz idazten nuen, baina gero andaluzieraz kantatzean herren gelditzen ziren, noski. Orduan andaluzieraz idazten hasi ginen, eta konturatu ginen ez soilik errazagoa zela, baizik eta baliabide gehiago ere bagenituela horrela. Denominación de Origen abestia atera genuen 2013an gai honi buruz, eta egoera aldatzen joan da ordutik, idazle eta artista asko ari dira andaluzieraz egiten.

Cadizi buruz ere galdetu nahi nizuen. Bero dago kontua?

Bai. Gauza oso potoloak ari dira gertatzen metalaren borroketan. Patronala akordio batera heldu zen UGT eta Comisionesekin, baina beste bi sindikatuek ez zuten onartu, CGT eta CTMk. Ez zeuden negoziazio mahaian ere, baina haiek ari dira orain borrokan, batez ere haiek direlako azpikontraten gaiari heldu dioten bakarrak. Zer gertatu da? Ba Poliziak sorgin ehiza abiatu duela, dozenaka lagun atxilotu dituzte. Aurrekoan atxilotu zuten kide bat Barajasen, eztei bidaia hastera zihoala. Beldurtu egin nahi dute jendea. Hemen metaleko langileak mugitzen diren bakoitzean badia dardarka hasten da, errepideak mozten dituztelako, molestatzen dutelako... Molestatu egin behar da, bestela ez direlako gauzak aldatzen, hori zuek ere badakizue. Hau ari bada orain gertatzen, ez dut pentsatu nahi zer gertatuko den Feijoo eta Abascal sartzean. CGT eta CTM sindikatuek erresistentzia kutxa bat ireki dute atxilotuentzako, gonbidatu nahi dugu jendea dohaintzak egitera, eta guk FRAC bezala ere emango diegu ahal duguna.

Askotan etorri zarete Euskal Herrira. Zer harreman duzue?

Oker ez banago, 2011tik edo etorri izan gara, gure Juan Jose Calderon soinu agroingeniari maiteak ekarrita. Ez dakit jada zenbat aldiz egon garen, gehien bisitatu dugun lekuetako bat da, askotan jo izan dugu Santurtziko jaietan, Gasteizko gaztetxe historikoan,  Errekaleorren ere bai. Oraindik ez gaituzte deitu Andre Maria Zuriaren jaietan jotzeko... baina oholtza horretan KKR-koek bakarrik jotzen dute... Orain egingo dugu Euskal Herrira bira motza, gutxieneko zerbitzuak izango dira, hiru egun bakarrik, baina ikuskizuna hobetu egin da pixka bat, orain nahikoa entseatzen dugulako. Beno, orain entseatzen dugulako, lehen ez. Ea Euskal Herrian zer dioen jendeak, oso gogotsu gaude zuek FRAC berria entzuteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago