ALEAk joan den astean aurreratu zuenez, Araban kartoiaren eta paperaren bilketa egiten duen enpresa aldatu eta beste bati kontratua "datozen asteetan" lagatuko diola iragarri du gaur aldundiak. Aurreratu dutenez, azken hilabeteetan aukera hori "aztertzen" ibili da Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saila. Zerbitzuan izandako hutsuneak aintzat hartuta, Daorje enpresa adjudikaziodunaren eta Garbialdi enpresa adjudikaziodunaren arteko aurreakordioa erdietsi dute, kontratuaren lagapena gauzatu aldera.
Konponbide hori "egingarria" delakoan dago aldundia, lagapen prozedura hori ireki ahal izateko beharrezkoak ziren bi urteak bete baitira. Papera eta kartoia "behar bezala jasotzeaz gain", enpresak baliabide material berriak jarri beharko ditu eskura: edukiontziak eta kamioiak.
Saray Zarate Ekonomia diputatuak udal eta kuadrillek pilatutako materialak kudeatzeko emandako "laguntza" eskertu du, eta esan du laguntza hori "funtsezkoa" izan dela "gutxieneko zerbitzuei eusteko". Batzar Nagusietan gaia aztertu baino minutu batzuk lehenago egin du aldundiak horren iragarpena.
Besteak beste, ibilgailu berriak geolokalizatuko dituzte, eta edukiontziak berrituko dituzte, garabiarekin horiek altxatu eta alde bideetatik materialak jaso ahal izateko.