Dirutxo bat irabazteko asmoarekin egin zituen lehenengo antzerki saioak David Gutierrezek (Gasteiz, 1983), aste barruan telebistak konpontzen jarraitzen zuen bitartean. Eta, konturatu gabe, hogei urte bete ditu plazarik plaza, batez ere txikienen abenturetan murgilduta Ameztu konpainiarekin. Kay, robot du azkeneko abentura.
Leioako Umore Azokan aurkeztu zenuten 'Kay, Robot'. Nolako harrera izan du?
Espero genuena baino hobea. Aurretik hainbat proba egin genituen jendearekin, eta nahiko pozik geratu ginen, baina gero harrera oso ona izan da. Bi saio genituen, eta baten batek errepikatu zuen, beraz, hori pozgarria da.
Etorkizun beltz bat irudikatzen du obrak, ezta?
Kayk beldurra dio etorkizunari. Etorkizun hori nolakoa izango den irudikatzen saiatzen da, eta, era berean, beldur horrekin noiz hasi zen kontatzen du. Amaren opari batek bizitza aldatu zion. Eta hainbat erabaki hartu beharko ditu; nola hobetu etorkizuna, daukagun horri uko egin gabe. Azken batean, teknologia berriei buruz hitz egiten dugu, adimen artifizialari buruz. Geratzeko etorri dira gauza hauek, eta nola aurrera egin da gakoa...
Zuk zeuk, adibidez, lanean erabiltzen duzu adimen artifiziala?
Ikuskizun honetarako bai, probaren bat egiteko erabili dugu, eta ikusi dugu ez duela balio. Gauza batzuetarako beharbada bai, agian ideiaren bat hartzeko, baina "umorea duen eszena bat" egiteko eskatu genion, eta argi dago komedian ez dela aditua, kar-kar. Proba asko egin genituen, eta handik beharbada ideia txinparta bat atera genuen, baina txinparta besterik ez. Gure asmoa gehiago erabiltzea zen, egia esan, obran honi buruz ari garelako, baina ez du balio, edo guk erabili dugun moduan behintzat. Egongo da ziurrenik adimen artifiziala oso ondo ezagutzen duenik.
Nondik datoz zuen lanetan lehenengo txinparta horiek?
Amestutako ideiak izan daitezke. Kasu honetan, Panta Rhei taldeko Emilio Fernandez de Pinedoren ideia izan da; duela urte batzuk Organik ikuskizuna egin genuen elkarrekin, eta berriro egin dugu batera. Teknologia berrien gaiarekin hasiera batean errezeloak nituen, ez ditudalako menperatzen, eta horri buruz hitz egitea ez zitzaidan aproposa iruditzen... Baina solasaldi batzuk izan genituen, eta ideia politak atera ziren. Teknologiari buruzko ikuskizuna izan arren, oso gertuko lana da, etxekoa. Betiko antzerkia, kale antzerkia.
"Jolas moduan hasi zena, gero lan bihurtu zen. Eta orain ez nuke aldatuko"
Antzerkia oraindik babeslekua da pantaila eta teknologia berrietatik?
Nik uste dut baietz. Hemen, Kaldearten, argi eta garbi ikusten dugu urtero. Jendetza biltzen da antzerkiaren inguruan. Edo Leioako jaialdian bertan. Izugarria da. Beste batzutan gertatzen zaigu nonbaitera joan eta publiko oso gutxi ikusten dugula, eta ikuskizun bera Kaldearten ikusteko sekulako jendetza dagoela ordubete lehenago. Beharbada komunikazio lana ez delako behar bezala egin, baina zerbait gertatzen da hor. Edo Araiako jaialdian bertan jende ugari biltzen da, eta ikuskizun bera beste herri batera eraman eta oso jende gutxi...
Irakasleak kexatzen dira ezin dutela gazteen arreta bereganatu...
Gure kasuan umeak izaten dira publikoa, batik bat, eta oraindik esperantza dago, kar-kar. Eta egia da umeek ere geroz eta lehenago ikusten dituztela pantailak, hogei segundoko bideoak, eta "aspertuta nago" laster esaten dutela... Baina horretan antzerkigileon ardura ere badago; ezin ditugu eskaini orain dela hogei urte ematen genituen gauzak, gauzak aldatu egin direlako.
Hainbeste aldatu dira?
Bai, gutxienez kontatzeko era. Erritmo aldaketak egon behar dira, arinagoak beharbada, eta lehen beste era bateko patxadarekin egiten ziren. Oraindik ikusten ditut katxiporra moduko txotxongiloekin zenbait talde, garai bateko lanak egiten, eta beharbada umeak ez dira sartzen obran. Uste dut aldatu dela, azken finean gizartea aldatu delako, eta kultura jasotzeko era ere aldatu egin delako. Esaten dute, halere, ordubeteko saioa mantentzea zaila dela, baina gehiago da zer kontatzen duzun, nola egiten duzun, eta beraiei interesatzen zaien edo ez.
Duela hogei urte egin zenituzten obra horiek balioko lukete gaur egun?
Ez, kar-kar. Gure lanek ez, gutxienez. Duela hogei urte beste batzuek egindakoek bai, ziur. Gure kasuan, gazteak ginen, uste genuen mundua jango genuela, eta txapuza batzuk egin genituen. Denborarekin ikasten joan gara, formakuntza jaso dugu...
Clown ikasketak, besteak beste...
Bai, bere garaian asko ikasi nuen, ikastaro ugari artista desberdinekin. Gustatzen zait, clowna ondo egina badago, zoragarria da. Eta, ziurrenik, nahi gabe erabiliko dut nire ikuskizunetan. Baina beste antzezpen naturalista bat ere gustatzen zait kalean ikustea. Hemen, Araban, horren adibide zoragarria daukagu: Zanguango taldea.

Gustuko beste talderik?
Barsanti asko gustatzen zait, Euskal Herri mailan. Eta joan den Kaldearten, esate baterako, oso ikuskizun fina ikusi nuen, zirkua eta txotxongiloak batzen dituena: Claudette. Zirkozaurrek ere Ardatzak ikuskizun ederra egin du, edota Hika Teatroaren Atearen beste alde aldean... Estilo bat edo beste izan, ikusten badut lana egin dutela, oholtzan lana ikusten dela, ni irabazi naute.
'DJ Kaktus' lana ere plazarik plaza daramazu...
Egia esan, oso pozik nago. Sekulakoa izan da. Duela urte batzuk eskatu zidaten, eta aurretik prest genituen dantza batzuei musika batzuk jarri eta 15 minutuan prestatu genuen. Horrela hasi ginen. Eta erantzuna sekulakoa izan da. Umeek DJ Kaktus ezagutzen dute, eta zoramena izan da azken bost urteetan; EHZtik ere deitu zidaten, eta hortik beste hainbeste lan atera zitzaizkidan. Pozik, alde batetik, baina amorru pixkat bat ere bai, gehiago landu ditudan beste obra batzuek ez dutelako halako harrerarik izaten...
Programatzaileekin borroka asko izaten da lanak eskaintzeko?
Gure kasuan ez hainbeste, badakigulako non gauden eta bide bat eginda dugulako. Ez gara jaialdi handietako taldea, eta ez dute arazo handirik ulertzeko zeintzuk diren gure beharrak ikuskizunak aurrera ateratzeko. Beti egoten da norbait kobratzen duguna zalantzan jartzen duena, edo 400 eurogatik ea zer egin dezakegun galdetzen duena, tira... Baina normalean gure lana baloratzen dute, urte asko daramagulako, eta zer egiten dugun badakitelako.
Hasi berria den aktoreari zer gomendio emango zenioke?
Antzerki asko ikustea. Ikastea eta ikustea. Talde onak, batez ere, baina baita txarrak ere. Ikusten asko ikasten dut, eta horri buruz hitz egiten. Trakatamatrako Jonekin, adibidez, Gijoneko Feten azokara joaten naiz, eta lau egunetan 18 bat obra ikus ditzakegu, eta gainera horiei buruz hitz egin. Horrek asko laguntzen dit.
Zergatik da erakargarria zuretzat antzerkia?
Jolas moduan hasi zena, gero lan bihurtu zen. Eta orain ez nuke aldatuko. Publikoarekin harremana asko gustatzen zait, interakzioa. Noizbait egin dut zerbait serioagoa, antzerki klasikoa, publikoa alde batean eta gu bestean, eta horrek ez nau gehiegi asetzen. Kalean lan egiteak, interakzio horrek erakartzen nau. Lotsatia naiz, eta antzerkiak lagundu dit.