Mel Arranz

"Asko gustatzen zait ametsak, sentsazioak sortu ahal izatea"

Jon Hidalgo 2025ko uzt. 6a, 07:00

Mel Arranz, ZAS aretoan. Argazkia: J.HIDALGO / ALEA

Proiektu asko ditu esku artean Mel Arranz (Gasteiz, 1998) artistak. Arte Ederretan graduatua, Mexikon egin zuen unibertsitate trukea, eta Euskal Herrian dabil lanean buru belarri. Bideoa, animazioa, soinua, marrazkia, oihalak... egindakoetatik ikasita diziplina berriekin esplorazioan dabil.

ZAS espazioan eta Haz laborategian proiektuak ditu martxan, eta erakusketa berri baterako obrak prestatzen dabil. ALEArekin hitz egiteko tartea hartu du, bere ibilbideaz, proiektuez eta artea ulertzeko moduaz.

'Hemen zaude' proiektua duzu esku artean. Zer da?

Gazte Plaza jaialdi bat egon zen maiatzean, deialdia egin zuten artistak eta ekintzak biltzeko eta aukera ikusi nuen proiektu bat aurkezteko. Esku artean nituen gauza batzuk hartu nituen, paseoa eta soinuari buruzko liburu bat neukan, eta aspaldidanik izan dut interesa soinuan. Pentsatu nuen hiriari eman ahal geniola bisita gidatu batzuen irudia, baina birplanteatuta, eta auzotik gertuago sortuta, gorputzen arteko harreman sakonagoarekin. Grabaketa batzuk prestatzea erabaki nuen, eta horretarako artistak gonbidatu nituen. Nire lana bitartekaritza izan da oraingo honetan.

Eta zein izan da emaitza?

Webgune bat egin dugu, hemenzaude.hotglue.me helbidean. Hor islatuta daude sei artistek egindako ibilbideak, audioz osatua. Adur Etake, Angela Lozano, Ariana RAC, Ines E., Irati Antia eta Matixa Gabirondo Zubiriak hartu dute parte, eta bakoitzaren ardura zen Alde Zaharrean ibilbide bat diseinatzea, paseo bat, eta audio baten bidez laguntzea ibilbidea. Batzuek fantasiara jo dute, beste batzuek gogoeta abstraktuagoetara, badaude memoria eta iraganeko kontakizunak ere, edo gida turistikora gehiago hurbildu daitekeenen bat, eta ipuinak. Alde Zaharra kontakizun hauetatik ikusteak aldatu egiten du auzoaz daukazun irudia.

Zertan dira ezberdinak ibilbideak?

Oso ezberdinak dira. Nire muga bakarra zen ibilbide bat egotea, eta audio bat egotea, eta denetarik dago. Euskarazkoak eta gaztelaniazkoak daude, bat ele bietan; eta bakoitzaren erritmoan doa, bakoitzak bere ikuspuntua eman dio. Polita da ikustea zer atera zaion bakoitzari, bakoitzak sortzean hartzen dituen erabakiak, gertu dituen pentsaerak... Angela adibidez graffiti munduan murgilduta dago, eta hori agertzen da bere ibilbidean; Adurrek kontakizunarekin lotura estua dauka, eta kontakizun fantastiko bat sortu du...

Lan honek lekua izan dezake turismoa sustatzeko plan baten barruan?

Ez. Aldatu beharko litzateke bere itxura turismoan zentzu bat izateko, turismoaren egiteko modua ez da hemen islatzen. Ez dizu erakusten leku honetan berezia den zerbait, kontsumitu daitekeena. Erakusten dizu kalean egoten. Berdin du hemen entzun edo beste hiri batean entzun, gutxi gorabehera. Egunerokotasunean gerta daitezkeen ideiak dira, baina garatuta. Ate bat da fantasiara, eta uste dut hori ezin dela turistifikatu.

"Polita da ikustea sortzean hartzen diren erabakiak, gertu dituzten pentsaerak"

Denbora askoan egon zara zentratua bideoan, soinuan eta animazioan. Zer daukate euskarri hauek zure interesekoa?

Azkenaldian pixka bat baztertuta utzi ditut teknika hauek, baina ikus-entzunezkoak oinarrizkoak dira gure gizartean. Inguratuta gaude beti, eta hori bada aurrean daukadana, hori egin nahi dut. Digitalizazio handia dago munduan, interesatzen zaidana, eta webgunearen sorkuntza ere hortik doa. Animazioa, bereziki, oso gertu ikusten dut. Ez dut kamera bat behar hori egiteko, marrazkiak egin ditzaket, eskaneatu, eta animatu. Marrazkiak analogikoki egiteko aukerak, digitaletik harago eraiki ahal izateak, bakea ematen dit. Asko gustatzen zaizkit ametsak, sentsazioak, sortu ahal izatea munduaren beste irudi bat, eta uste dut animaziotik lortu daitekeela hori.

Orain oihalekin esperimentatzen ari zara.

Bai, oihalekin esploratzen, eta zer harreman daukaten gorputzekin. Oihala zuzenean gorputzera doan material bat da, janzten duguna. Oheak, arropa... oso gorputzekoak dira. Gorputza oso presente egon da, eta badago, nire lanean, eta oihalek aukera ematen didate fantasia berrietarako. ZAS kultur espazioan txoko bat utzi didate lan bat aurkezteko, Maria Saezekin batera, eta nik aitonarengana jo dut. Duela bi urte aitona hil zenean ni Mexikon nengoen bizitzen, eta etxean sugandila bat aurkitu nuen hilda. Nire modua izan zen ulertzeko aitonaren heriotza, baina baneukan beldurra handik bueltatu eta gero ez nintzela ohartuko nire aitona hil zela. Noski, han egonda aitona ez zegoen gertu, ez familiako inor, eta oso abstraktua zen bera hil zela pentsatzea. Distantzia horretan egonda, saiatu nintzen gorputzak gerturatzen, hilda zegoela ohartzeko, eta sugandila marrazten hasi nintzen, aitonaren heriotzaren inguruan idazten... eta doluarekin harremanean jartzen, sartzen.

Aitonaren omenez eginiko artelana, ZAS espazioan. Argakia: J. HIDALGO /ALEA

Erakusketa ondu duzu hortik abiatuta.

Aitona nigandik 9.000 kilometrora zegoen, eta distantzia hori hartu eta gorantz jarri nuen, zerurantz. Atmosferako azken geruza dago gugandik distantzia horretara, exosfera, eta horrek pentsarazi zidan nola mugatzen ditugun gauzak. Berez airea da, ez dago mugarik, baina gauzak ulertzeko definitzen ditugu, eta mugak jarri. ZASen bost metro karratuko espazio txiki bat genuen lan egiteko. Hasieratik zuloak egin nahi izan nituen paretetan, espazioaren mugekin jolasteko. Sabaia ere kendu nion, izara asko josi nituen eta espaziotik gorantz eraman, airera, zerura. Teilatura joateko aukera izan genuen, eta zerua ikusi nuen, leiho gabeko espazio itxi batean, bat-batean konturatzea zerua zegoela goian... bake asko eman zidan, eta aitonarekin lotura ikusi nuen oso argi. Uztaila osoan zehar egongo da ikusgai ZAS espazioan.

Zertarako egiten duzu artea? Badu helbururik?

Non dauden gauzak, non kokatzen ditugun, zer dagoen gauzen inguruan... Hori ulertzeko, eta aukera berriak posible diren ikusteko. Nik neuk ulertzeko gauzak modu batekoak direla, baina izan daitezkeela beste modu batekoak.

"Nire ibilbidea lorez lore aritzea bezalakoa da. Deialdiz deialdi, dirulaguntza eske"

'Azaletik azalera' film laburra ere egin duzu.

Bai. Animazio bat da, eskuen arteko harremana eta jolasa erakusten duena. Gorputzen arteko mugekin jolasten du. Bi esku daude, eta esku bakoitzak bilatzen ditu bestearen mugak, nora arte ukitu daitekeen, zeharkatu daitekeen...

Zure artista ibilbideak norabidea dauka?

Askotan ez. Sentitzen dut lorez lore aritzea bezala. Deialdiz deialdi, dirulaguntzen eske... Askotan norabidea izan daiteke geroz eta hizkuntza aberatsagoa izatea, sakondu ahal izatea aipatutako gaietan, gorputzak zer leku daukan, gorputzaren falta, gorputzaren zatiketa...

Eta nora gustatuko litzaizuke joatea?

Kolektiboki lan egitera, lagunen artean gauzak egin ahal izatea.

Identitatearen inguruko proiektu bat ere baduzu orain.

Bai, Haz espazioan. Programazio itxurako bat osatu dugu, zinema ziklo bat, material batzuen inguruan jolasteko tailerrak... Lau pertsona gabiltza honetan, eta ikerketa prozesu bat ireki dugu identitatea desglosatzeko, identitateak dakarren abstrakzioa gorpuzteko. Nola erakusten garen mundura, hori landu nahi dugu. Lau gai nagusitan zatitu dugu programazioa: gastronomia, buztina, marra eta fokua. Identitatearen abstrakzio horiek gertu ditugun gauzetara ekartzeko, elementu horien inguruan identitateari buruzko elkarrizketak izango ditugu, lau material edo teknika horiek erabiliz.

Zure lanek zenbat daukate pertsonaletik?

Dena. Arteak askotan niri, eta uste dut edonori, laguntzen dit beste esparruetan erabakiak hartzen, ezagutzen... Pixka bat terapia bezala, irekitzen laguntzen du arteak. Bizitzan hartzen ditudan erabakiak eta artea sortzean hartzen ditudanak antzekoak izango dira.

Nola definituko zenuke Mel Arranz artista?

Uste dut definitzeko dagoela. Artista figura ere kolokan jartzen dut askotan, eta ez dut asko pentsatu nigan artista figura bat bezala. Gauza batekin deskonforme egotetik harago, aukera berri bat lortzen laguntzen dit artista fazetak. Kritika badago presente, baina kritika horretatik harago zer gehiago dagoen egiteko, beste proposamen bat posible den ikusarazteko egiten dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago