Musika jaialdi erraldoien aroan eta Arabako bizitza kulturalaren izarren distiren artean, nortasun propioa mantentzea eta, are, zabaltzea lortu duten jaialdi edo ziklo asko daude herrialdean, hiriburuan zein herri txikietan edota modu ibiltarian urte osoan garatzen direnak. Arte eszenikoekin, musikarekin edota literaturarekin lotuta horietako gehienak. Lurralde zabal batean gaude, udalerri oso txikiak ditugu biztanleriaren aldetik, geografikoki sakabanatuta daude, eta zaila da baliabideak eta publikoak batzea.
Alta, 88 jaialdi nabarmentzen dira nagusiki Araban. Horien artean daude Gasteizen garatzen diren 36 ekitaldi. Bestalde, hemezortzi programa ibiltari egiten dira, batik bat uda partean, herrialdeko udalerrietan zehar. Halaber, Arabako Errioxan eta Arabako Lautadan, hurrenez hurren, zortzi jaialdi antolatzen dituzte propio; sei jaialdi dituzte Gorbeialdean, bost Añanako Kuadrillan, lau Aiaraldeko Kuadrillan eta hiru Arabako Mendialdean.
Arabako enpresa pribatuek tradizio gutxi dute kultura programak babesteko
Arte eszenikoekin, musikarekin, dantzarekin, ikus-entzunezko ekoizpenekin, literaturarekin eta argiaren artearekin ere lotutakoak dira Arabako jaialdi nagusiak, eta proposamenak lurraldea bezain askotarikoak eta heterogeneoak dira. Musika eta antzerkia nagusitzen dira bestelako diziplinen artean, baina zerrendan diziplina askotariko jaialdiak ere aurki ditzakegu, Eltziegon uztailaren 18tik aurrera egingo den Ardoaren eta Musikaren 17. Astea modukoak. Eltziegoko Udalak antolatutako jaialdia da, eta urteroko ekitaldiak mahastizaintza eta ardogintza kultura eta musika uztartzen ditu, eta hainbat jarduera eskaintzen ditu, hala nola ardo-dastatzeak, kontzertuak, bisita antzeztuak eta bestelako kultura-esperientziak. Ekitaldi horrekin batera, gainera, Cifujazz jardunaldiak egiten dira, Juan Claudio Cifuentes kazetari eta musika dibulgatzaileari eskainiak. Eltziegoko bizilaguna izan zen Cifuentes, eta jazzaren enbaxadore handia Espainiako Estatuan. Jardunaldi horietan hainbat jarduera egiten dira, hala nola erakusketak eta kontzertuak.
Lau jaialdi ardatz
Herrialdeko jaialdi izarren artean, berriz, musika eta arte bisualak nabarmentzen dira. Halere, Arabako enpresa pribatuek tradizio gutxi dute kultura programak eta jarduerak babesteko. Ez dago laguntza ekonomikorik. Horrela, kulturaren finantzaketa ia erabat sektore publikoaren mende dago, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren esku gehienbat. Aurrekontuari, publikoari eta hiriari egiten dioten ekarpen ekonomikoari erreparatuta lau jaialdi nagusitzen dira: Umbra Light, Azkena Rock, Jazzaldia eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia.
Umbra Light jaialdia, gaur egun, Arabako sektore publikoak bere gain hartzen duen zuzeneko aurrekontu handienetakoa duen kultura ekitaldietako bat da, 500.000 euro inguruko ekarpenarekin. "ARGIA 3 elkarte kulturalak antolatutako jaialdiak babes publiko eta pribatua du, artista gazteak bultzatzen ditu, eta nazioarteko jaialdi eta adituekin aritzen da lankidetzan", irakur daiteke bere webgunean. Finantziazioa, batez ere, Gasteizko Udaletik dator, baina baita aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik, Eusko Legebiltzarretik eta Vital Fundaziotik ere. Inbertsore pribatuak ere omen ditu, baina ez dago argi bakoitzak zenbateko ekarpen ekonomikoa egiten duen. "Motore turistiko garrantzitsua" da, erakundeen esanetan, eta aurtengo laugarren edizioan 110.000tik gora parte hartzaile izan ditu. Jaialdiak arte bisual digitaleko adierazpen artistikoak, hiri espazioko esku hartzeak eta teknologia berriak uztartzen ditu.
Arabako udalerri gehienek ez dute publikoarentzako aukera nahikorik eskaintzen
Umbra Light-ekin batera, diru publiko gehien eskuratzen duen jaialdia da Azkena Rock. Aurtengo edizioan 2,5 eta 3 milioi euro mugituko dituela kalkulatzen da, sarreren dirua, babesleak, merchandising-a eta administrazioen diru laguntzak barne. Udalak 380.000 euroko laguntza emango dio, ARF Vitoria-Gasteiz SL antolatzailearekin egindako hitzarmenen bidez. Arabako Foru Aldundiak, berriz, azken urteetako ekarpen ekonomikoari eutsi dio, eta 130.000 euro inguru emango dio. Guztira, zuzeneko finantzaketa publikoa 510.000 eurokoa da. 2025erako, gutxi gorabehera 50.000 eta 55.000 pertsona artean espero da ostegun, ostiral eta larunbatean.
Gasteizko Jazzaldia Europako onenen artean kokatu zuen Iñaki Añuak, eta haren eskutik etorri dira nazioarteko musikari asko Gasteizera: Ella Fitzgerald, Eric Clapton, Wynton Marsalis, Paco de Lucia, Jaco Pastorius, Bebo eta Chucho Valdes, Jamie Cullum, Noa, Cecile McLorin… Hiriaren nazioarteko enbaxadore bilakatu da 1997az geroztik Jazzaldia, eta Gasteizko bizitza soziala, kulturala eta ekonomikoa modu esanguratsuan dinamizatu ditu. Kultura erreferentea da jaialdia, eta Mendizorrotzeko eszenatoki nagusiarekin batera, ziklo esklusibo bat du, eta horrek ere bereizten du: XXI. Mendeko Jazza. Aurten, Principal antzokia itxita dagoenez Europa jauregian izango dira ziklo horren emanaldiak. Horrekin batera, Gauerdiko Jazza, Jazz Kalean eta Jazz Up! bezalako programak ere garatu dira azken urteetan. Aurten, jazzarekin topaketa handia uztailaren 14tik 19ra izango da.

Jazza zainetan
Oso handia izan arren, Jazzaldiak ekarpen publiko txikiagoa du gainerakoekin alderatuz gero. Guztira, edizio bakoitzeko 600.000 euroko aurrekontua, sarreren salmenta, laguntza publikoak eta babes pribatuak kontuan hartuta. Gasteizko Udalak 198.000 euro jarriko ditu aurten. Aldundiak, berriz, urtero 55.000 euro inguruko diru laguntza ematen du, eta Eusko Jaurlaritzak 85.000 eurokoa.
Ukatu ezin den harreman berezia du herrialdeak jazz musikarekin, eta horren erakusgarri dira hiriburuan bertan Jazzaldiaz gainera antolatzen dituzten Jazz Vital, Dazz Jazz edo JazzZinema zikloak. Hiriburutik kanpo, herrietan ere propio sortu diren Eltziegoko CifuJazz edo Aguraingo JazzHerrian zuzeneko musika zikloa daude. Ibilbide luzea du, hain zuzen, Lautadako jaialdiak. Lehen edizioa 2013an egin zuten, eta 2017an (4. edizioa) berreskuratu zuten jazza aire zabalean eskaintzeko tradizioa. Aurten, hamabigarren edizioa egingo du jaialdiak, uztailaren 4tik aurrera, sei kontzertuko egiturari eutsiz. XabiGune Kultur Music elkartea da jaialdiaren motorra: hautaketa artistikoaz, ekoizpenaz eta koordinazioaz arduratzen da. Aguraingo Udalaren laguntza du, espazio publikoak laga eta baliabide logistikoak ematen baititu. Jazza, bluesa, funka, rapa eta swinga Aguraingo plaza eta espazio publikoetara eramango ditu JazzHerrian jaialdiak aurten ere, eta Arima soul, Arnau & The Honky Tonk Losers eta Steve Krase nabarmentzen dira kartelean.
Bi mila ekitaldi urtean Gasteizen
Musikarekin batera, antzerkia, eta harekin lotutako mota askotako arte eszenikoek okupatzen dute Arabako kultura programaren zatirik handiena. Gasteizko Udalaren kulturaren inguruko azken balantzearen arabera, kontzertuen (%29,5) eta antzerkien (%20) artean, mila ekitaldi inguru antolatzen dira urtean Gasteizen. Horiek osatzen dute, hain zuzen, hiriburuan egiten diren ekitaldi guztien ia erdia. Gainerako zazpi kuadrilletan ere musika eta antzerkia gailentzen dira, kontuan izanik gainera jai zikloaren bidez garatzen direla Arabako landa eremuko herrietan kultura ekitaldi gehienak, eta kontzertuak direla horien plater nagusia. 
Era berean, antzerki jaialdi ibiltariak hedatu dira. Aldundiaren sostenguari esker, hainbat talde hiriburuan eta herrietan ere haien antzezlanak zabaltzera animatu dira (Festikale-Panta Rhei, AntzokOH!-Pez Limbo, Antzerki Ibiltaria Araban zehar-Ortzai). Halaber, hainbat udalek ere antzerki programa propioak sortu dituzte azken urteetan (Dulantziko Antzerki Jaialdi amateurra, Amurrioko Antzerki Laburren Jaialdia, ZieKOKOKOmeria, Bastidako Kale Antzerkia). Eta herriko kultur eragileek ere ahalegin handiak eginez Atauri-Art bezalako perlak sortu dituzte, kasu horretan Arabako Mendialdeko jarduera kultural faltari erantzuteko eta landa guneetan antzerkia, zirkua eta kaleko arteak balioetsi nahian.
Alta, antzerki jaialdien artean, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia da herrialdean nagusia. 1975ean sortu zen, eta bost hamarkadaren ondoren, erreferente bilakatu da. Udazkenean egin ohi da, urritik abendura bitartean, eta, beraz, datozen asteetan izango dira lehen xehetasunak. Principal antzokiko eraberritze lanen ondorioz, iaz edukiera murriztu egin zen, eta 6.207 ikusle izan ziren emanaldietan. 358.000 euro inguruko aurrekontua izan zuen, eta Gasteizko Udalak jarri zuen zati nagusia: 310.000 euro.
Bestalde, arte eszenikoen festibalen artean, publikoak gehien estimatzen duena Kaldearte da, Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia. Itxi berri den XIX. edizioak 31 konpainia bildu ditu. 2006an sortu zen Kaldearte, eta hiriko arte eszenikoen jaialdi gisa finkatu da, antzerkia, dantza, zirkua, musika, akrobaziak, umorea eta ikus-entzunezko ikuskizunak uztartuz. 2024an Harria hiri espazioetako dantza garaikidearen lehiaketa koreografikoa erantsi zuten. Jaialdiak 157.000 euroko aurrekontua izan zuen 2024an, aurreko edizioan baino 20.000 euro gehiago. 
Zentralismoaren ajeak
Arabako jaialdien mapak argi erakusten du Gasteiz dela gaur egun Arabako kultura ekimen ia guztien erdigunea. Lurraldea oso zentralizatuta dago Gasteizen –Arabako biztanleriaren %75–, eta horrek kultura garapenari eragiten dio, batez ere sektore industrial eta sortzaileei. Hala jasotzen da aldundiak aurkeztu duen Arabako Kultura Planaren 2023-2028 txostenean. "Kultur jarduerak publiko masa jakin bat behar du bideragarria izan dadin, eta udalerri gehienek ez dute publikoarentzako aukera nahikorik eskaintzen, ez kultura sorkuntza bultzatzeko, ezta biran hartzeko ere". Horrek, hitz gutxitan, esan nahi du Gasteiz aberasten den bitartean gainerako lurraldea pobretu egiten dela kulturalki, "eta haren jarduera ondare historiko garrantzitsuei buruz, eta herri kulturan eta kultura tradizionalean kontzentratzen dela, jai zikloaren bidez".
Halere, artearen alorrean, hiriburutik kanpo garatu ahal izan diren jaialdien adibide gutxi batzuk nabarmentzen dira. Jaraialdia da adibiderik onena. Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdiaren jatorri xumeak eta bilakaera iraunkorrak kaleko antzerkiaren eta umorearen erreferente bihurtu dute Euskal Herrian, eta Arabako kultur ekitaldi errotuenetako bat da. Jaialdia 1994an sortu zen Javier Alkorta Txortas Araiako Porpol antzerki taldeko kidearen ekimenez. 2023an eta 2024an, 30 urteko historia gainditu zuen, edizio bakoitzeko 30 konpainia baino gehiagorekin, eta ehunka pertsona bertaratu ziren egunero. Doakoa izaten jarraitzen du, irekia, eta ziklo ibiltari batekin osatzen da.