Carlos Cid, Mendialdea Music Festival

"Pozik gaude daukagunarekin, eta ez dugu gehiago hazi nahi"

Juanma Gallego 2025eko ekainaren 21a

MMF jaialdiko antolakuntzako kide da Carlos Cid. Argazkia: CARLOS CID

2017tik Maeztun egiten duten festibalak nortasun propioa hartu du, eta herri mailan antolatutako jaialdi baten erakusgarri da. Cidek boluntarioen lana goraipatu du, horiei esker egiten baitute urteroko hitzordua.

Hamar bat pertsonaren artean antolatzen dute Mendialdea Music Festival jaialdia. Herri edo eskualdearen neurrira egindako jaialdi hau ezinbesteko hitzordua bilakatu da eskualdeko bizilagunentzat, baita bisitarientzat ere. Aurrekontu txikiarekin antolatutako jaialdia boluntarioen laguntzarekin egiten dutela azaldu du antolakuntza taldeko kide Carlos Cidek (Gasteiz, 1972). Musika taldeak aukeratzeko irizpideek ondo laburbiltzen dute ekimenaren atzean dagoen oinarrizko filosofia: euskara, emakumeak eta inguruko taldeak.

Noiz eta zergatik jaio zen jaialdia?

2017an egin genuen lehenengoa. Gutako baten ideia izan zen. Oso musikazalea zen lagun bat genuen. Tamalez, minbizi baten ondorioz, hil zen. Baina, hil aurretik, artean osasuntsu zegoenean, esaten zigun jaialdi bat antolatu behar genuela. Bada, hil zenean, afari batean, Oscar kideak proposatu zuen jaialdi hori antolatzea, eta hor geundenok baietz esan genuen. Eta horrela hasi eta aurrera egin genuen, orain artera, zazpigarren jaialdia egin dugun honetara iritsita. Pandemia garaian izan ezik, urtean behin egin dugu.

Nola lortzen duzue horrelako jaialdi bat egiteko beharrezkoa den finantzazioa?

Lehenengo urteetan ia-ia dirurik gabe egin genuen, baina, urteen poderioz, gure inguruko instituzioek eta jendeak ikusi dute hori ez zela ideia zoro bat, eta, ondorioz, jaialdia beti ondo atera da. Dirua lortzeko, herriko frontoian 320 bat lagunentzako bazkaria prestatzen dugu, eta barra luze bat jartzen dugu kanpoan. Horrela, janariarekin eta barrarekin hurrengo urterako dirua biltzen dugu. Hemengo komertzio eta profesionalei ere deia egiten diegu, eta hauek ere diru pixka bat jartzen dute. Orain, asko ez bada ere, diru pixka bat gehiago daukagu. Aurten, gainera, udalak diru apur bat eman digu, eta aurretik batzar administratiboaren laguntza izan dugu ere. Vital Fundazioak iaz eta aurten ere dirua eman digu. Ikusten duzunez, alde bakoitzetik pixkatxo bat lortzen dugu, eta, horrelako, pixkatxo askorekin, finantzazioa lortzen dugu.

Jaialdi jasangarria zaretela esan daiteke, beraz...

Bai. Pozik gaude daukagunarekin, eta ez dugu gehiago hazi nahi. Gainera ezingo genuke gehiago egin, boluntarioen lanean oinarritzen garelako. Hori dela eta, guk badakigu inoiz ez garela jaialdi handi bat izango. Herria txikia da, eta ez daukagu lo egiteko leku askorik. Izan ere, gero eta talde gehiagok lo egiteko lekua eskatzen dute. Baina, esan bezala, Maeztu herri txikia da, eta, beraz, guk muga bat daukagu. Eskualdea ere txikia da eta ez dago aukera askorik. Jakin badakigu non gauden eta gure ideia, orain arte, izan da rock-and-roll jaialdi bat prestatzea, gero eta talde hobeagoekin. Baina ez dira mainstream taldeak, eta printzipioz, ez dira inoiz izango. Hori hala izanik ere, esan beharra dago talde oso onak ekarri nahi ditugula, normalean hemendik talde hauek ezin ditugulako ikusi, eta jendeak ondo erantzuten du.

Taldeen aukeraketa guztien artean egiten dute, zenbait irizpideren arabera. Argazkia: MENDIALDEA MUSIC FEST

Gastuak justifikatzeaz eta paperez gain, instituzioen aldetik diru apur hori jaso izanak nolabaiteko muga ekarri ahal dizue.

Egia esanda, ez asko. Ez bada, zuk diozun moduan, justifikazioak eta horrelakoak gorde eta aurkeztu behar direla.

Nola azaltzen diezue taldeei nolakoa den festibala; bereziki, zertan desberdintzen den gainontzekoetatik?

Boluntarioek egindako lana dela esaten diegu, eta oso giro familiarra izaten dela. Jende asko etortzen da urtero. Giroa oso ona da, eta, gainera, ez dago inolako kalterik. Bestetik, gure taldean ere bada musikariren bat, eta hasieratik oso-oso ondo zaintzen ditugu taldeak, edo behintzat hala egiten ahalegintzen gara. Eta, orain arte bederen heldu zaigun informazioagatik, taldeek ere ikusten dute zainduta sentitzen direla jaialdian, eta jendeak txukun jarduten duela. Alde horretatik, oso ondo dago. Proposamena bidaltzen diegunean, guk beti kontatzen diegu, noski, hau herri proiektua dela, ez daukagula diru askorik. Gauza hauek guztiak boluntarioekin egiten ditugula. Eta, egia esan, nabaritzen da; zeren askotan hitz egiten baitugu talde batzuekin, eta esaten digute zein den beren prezioa, baina normalean talde gehienek katxe hori jaisten digute. Guk ez ditugu itotzen, noski, baina kontatzen diegu zein den gure errealitatea.

"Dirua lortzeko, herriko frontoian 320 lagunentzako bazkaria prestatzen dugu"

Nola izaten da musika talde horien guztien aukeraketa egiteko prozesua?

Hau kostatzen zaigun kontua da, asko garelako. Nik adibidez talde hauei buruz ez dut asko kontrolatzen, baina taldean badira beste batzuk ezagutza handiagoa dutenak. Gure irizpideak honakoak dira: euskara, eskualdeko taldeak eta emakumeak. Eta talde onak, noski. Jendeak, bestetik, asko eskertzen du gorputza mugitzeko moduko taldeak izatea. Jendea dantzaraziko duen rock-and-roll ona izatea, hain zuzen ere. Baldintza horietatik abiatuta, guztion artean osatzen dugu kartela.

Tira, halako jaialdi batean gauza andana egongo dira egiteko, ezta? Zenbat lagun aritzen zarete antolaketa lanetan, eta nola egiten duzue gauzak aurrera ateratzeko?

Gutxi gorabehera hamar bat lagun gaude antolakuntzan, eta boluntarioen zerrendan 120 bat lagun daude apuntatuta. Gure etxeetatik ibiltzen gara, eta beti egiten dugu meriendatxo bat, hitz egiteko. Egutegi baten arabera antolatzen gara. Bakoitza arlo baten arduraduna da. Horrela funtzionatuz, orain arte dena ondo atera zaigu. Bestetik, orain arte ez ginen asko sartzen sare sozialetan, baina aurten sartu den beste kide batek dezente kontrolatzen du horren inguruan. Beraz, esango nuke aurten asko nabaritu dela aldaketa arlo horretan.

"Lehen urteetan askoz gehiago lan egiten genuen; orain, esperientzia nabaritzen da"

Sare sozial horiez gain, zertan aldatu da festibala urte hauetan? Esperientziarekin orain gauzak errazago egingo dituzuela suposatzen dut...

Bai esperientzia asko nabaritu da. Lehenengo urteetan, eta, egia esanda, gutxi gorabehera duela bi urtera arte, asko lan egin behar genuen. Oso nekaturik bukatzen ginen. Aurten, adibidez, dena berehala eta ondo jaso dugu, eta iganderako garbi geneukan. Gainera, lan batzuk kendu ditugu. Adibidez, beti jartzen dugu Kanpezun daukaten agertokia, eta gu hara joaten ginen gure furgonetekin, gauzak hartu, ekarri eta Maeztun muntatzeko. Baina orain udala konturatu da ez garela lau zoro, eta haiek etortzen dira, eta agertokia jartzen digute. Aldatu diren gauza horiek asko nabaritu ditugu. Bestela, jaialdi bat egitea lan eskerga da.

Herri bazkariaz gain bestelako jarduerak egiten dituzue familiei begira, ezta?

Hala da, bai. Goizetan beti saiatzen gara umeentzako eta familientzako zerbait egon dadila. Gure kide batek, Cindyk, umeekin urban dance egiten du, eta arrakasta itzela du, eta goizetan beti saiatzen gara egon dadila dantzatzeko modukoa den talde bat. Horrez gain, umeentzako tailerren bat dago beti. Artisauak ere urtero etortzen dira, eta, horiekin, herriko plazak kolore polita hartzen du. Bestetik, lehen guk afariak eta abar prestatzen genituen, baina duela bi urtetik bi food truck etortzen dira, eta horrek ere lan asko kentzen digu. Aintzat hartu behar da berez herrian bi jatetxe daudela, eta, horrela, janaria lortzeko aukera dago beti. Ez soilik merienda edo afarietarako. Izan ere, jaialdiarekin batera antolatzen dugun herri bazkarirako sarrerak oso azkar bukatzen dira, eta bertan parte hartu ezin dutenek aukera horiek ere badituzte jateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago