Pozez hartu du izendapena Karmele Jaiok, eta gogoan izan ditu euskararen aldeko katean atzetik egondako guztiak. Ezin ahaztu Araban euskara bultzatzen egon diren pertsona anonimo guztiak. "Ohorea da kate horretako katebegi izatea". Orain, katea etorkizunera begira jartzea da eginkizuna, bere esanetan, aurrera jarraitzea.
Euskaldun eta arabar gisa ahalduntzeko beharra nabarmendu du Jaiok. Gabeziei begiratu bai, baina azken hamarkadetan egin diren aurrerapauso guztietatik indarra hartu, eta erabilera sustatzea. "Lehen hitza euskaraz egin behar dugu, espero ez ditugun inertzia batzuk pizten dira hor". Jaiok iaz, Kantu berri bat gara emanaldian irakurritako hitzak berreskuratu ditugu gaurkoan:
"Behin eta berriz errepikatzen delako irauten du kanta batek. Hala pentsatuko zuen Izaskun Arrue andereñoak, ume gasteiztarrei Paristik natorren artista bat naiz ni abesten erakutsi zienean. Berdin, garai hartan, Arte eta Lanbide eskolan gauez euskara ikasten hasi ziren hainbat gurasok, Gasteizen euskararentzat armiarma sare bat sortu zutenean: ikastolak, elkarteak, abesbatzak eta mendi taldeak, euskaraz ikusi ahal izateko mendizaleak, baso eta zelaiak.
Behin eta berriz errepikatzen delako irauten du kanta batek. Eta berdin hizkuntzak. Errepikapena baita hizkuntzaren salbazioa. Hegala galduta ere nola edo hala egin behar baitu kanta, nola edo hala xirula, xoxoak.
Nor nori nork Gasteizen
Amaia zentroa eta Errexala elkartea, Bagare eta Geu Gasteiz, Hertzainak eta Gorka Knörr, Eh Txo eta Araba oi Araba, Xabi Salaberri eta Pilarreko euskarazko mezak, mintzalagunak eta indarra dantza taldea, Gaztetxea eta Hala Bedi, Parral eta Bodegoia, AEK eta IKA, Araba Euskaraz eta Korrika, Kutxi eta Zabalgana, Txusta taberna eta Matxetea, Berria eta ALEA, Montehermoso eta Izaskun Arrue Kulturgunea. Gasteizek badu nor, nori, nork.
Eta hala ere, zenbatetan galdera: Eta zuk nola dakizu euskaraz, Gasteizkoa izanda? Noiz arte Araba euskaldun berri? Noiz arte euskaldun erdi? Noizko euskaldun herri? Euskara ez da inon Araban beste hazi. Eta harro gaudela esatera etorri gara gaur. Abestera, bagarela. Eta kantak behin eta berriz errepikatzera, hain zuzen.
Nor gara gu? Zer gara gu? Araba euskalduna gara gu. Nor gara du? Zer gara gu? Euskarak irabazi duen kantu eder bat gara gu. Nor gara gu? Zer gara gu? Paristik datozen artistak gara gu. Eta kantak amets bihurtzen jarraituko dugu. Otsoen kontra, eta sikatearen kontra. Hitzei distira atera arte. Amets, bizi amets, gazte amets, beti amets. Beldur gabe, gure ametsa".