Txosnak ondare immaterial izendatzeko eskatu dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 2a

Bilboko Miribillan elkartu ziren larunbatean dozenaka eragiletako kideak. Argazkia: Txosnak Gureak

Euskal Herri osoko 700 txosnak egin dute bat aldarriarekin. Txosnen aldeko sinadura bilketa abiatu dute.

Euskal Herriko 700 txosna eta 200 jai batzorde baino gehiago bildu dira larunbat honetan Bilbon, Txosnak, Gureak, Denonak dinamika aurkezteko. Txosnen garrantzia nabarmendu dute eta Euskal Herriko ondare immaterial izendatu ditzaten eskatu. Maiatza hasieran ohartarazi zuen Gasteizko Txosna Batzordeak, Bilboko konpartsekin eta Donostiako Piratekin batera, arriskuan zeudela txosnak eta jai herrikoiak, eta bigarren pausoa heldu da asteburuan, Miribillan egindako ekitaldi jendetsuan.

Sinadura bilketa abiatu dute, eta udan zehar herriz herri egongo da aukera jai herrikoien aldeko manifestua sinatzeko. Internet bidez ere, txosnak.eus webgunean aukera dago babesa adierazteko. Larunbatetik hona 13.000 sinadura inguru bildu dira jadanik. Bilketa amaituta, Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote sinadurak.

Adierazi dute txosnak ez direla "edariak zerbitzatzeko barra hutsak"; askoz gehiago direla. "Jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua; gure izateko moduaren parte dira". Txosnak babesteko beharra azpimarratu dute, "tresna politiko, sozial eta kultural" gisa.

Txosnen atzean dagoen "jende askoren borondatezko lana" nabarmendu dute, orain arte bezala, gogorarazteko ez direla enpresak, eta administrazioarekin tratu berezitua izan behar luketela eskatzeko. Administraziotik geroz eta eskakizun gehiago egiten dizkietela eta, "ez gara heltzen" adierazi dute. Ondare immaterial izendatuta txosnak babestea dute asmo, jai eredua bermatzea, hain zuzen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago