Joseba Sarrionandia

"Ondo idaztearekin konfunditzen da literatura egitea"

Jon Hidalgo 2025ko eka. 3a, 07:00

Joseba Sarrionandia, Ikasbidea ikastolan. Argazkia: JON HIDALGO

Markos Gimeno ermuarrak urteak eman zituen hizkuntzarekin jolasean. Palindromoak, kalanburrak, asmatutako hitzak eta beste hainbat 'hitzperimentu' eginez. Sarrionandiak, Euskal Herrira itzultzean, bere obra ezagutu, ikertu eta zati bat argitaratu zuen, 'Markos Gimenoren 101 Letrakartel' liburuan.

Ikasbidea ikastolan egon da Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) palindromo liburua aurkezten. Ikastolako Kultur Astearen baitan, areto nagusian, batxilergoko ikasleen aurrean aritu gara hizketan, Gimenoren lanaz, gazteen euskararekiko joerez eta literaturaz, besteak beste.

Nola ezagutu zenuen Markos Gimenoren lana? 

Izena entzuna nuen, baina ez nuen pertsonalki ezagutu. 42 urteren ostean Euskal Herrira itzuli nintzenean Markos desagertua zegoen, bere burua hil zuen ni heldu baino bi urte lehenago. Behin kasualitatez suertatu nintzen bere amaren etxean, ama eta arrebarekin, eta ikusi nituen Markosek utzitako testuak hormetan, kartel batzuetan idatzita, palindromoak, kalanburrak, berak egindako esaerak... Harritu nintzen zer sormen zegoen horretan. Markos ezezaguna zen Ermua eta Eibarretik kanpo, eta pentsatu nuen beharrezkoa zela ezagutzera ematea mutil honek utzitako obra. Markosen obra oso lotua egon da bere gaixotasunari; bipolarra zen, eta momentu batetik aurrera eskizofrenia diagnostikatu zioten. Sormen aldiak eta krisi aldiak, dikotomia horretan bizi zen, eta sormen aldietan egindakoa itzela da, oso interesgarria.

Lana ezagututa, beharra sentitu zenuen liburura eramateko?

Pentsatu nuen pixka bat injustua zela berak egindako gauzak ezagunak ez izatea, sozializatu gabe egotea. Berak 2.000 palindromo utzi zituen euskaraz, beste horrenbeste erdaraz, gero margoketak, hitz asmatuak... mila gauza. Nola jaso hori? Pentsatu nuen lan guztiak batu eta publikatzea liburu formatuan. Horretan hasi nintzen, egin nuen bilketa lana, baina obra guztien bildumak dira hildakoen hilkutxak bezala, sartzen duzu gorputza zerraldo batean, eta kanposantura doa, bibliotekara. Orduan pentsatu nuen Markosen obrak bibliotekan egotea baino zerbait gehiago merezi zuela, itzultzea espazio komunikatibora. Gutxik irakurriko zuten liburua egin beharrean, nola egin liburu bat dibertitzeko.

"Debekuak aliziente bat ematen du. Herri txikiak kontraesan horretan gaude beti"

Eta nola osatu duzu liburua azkenean? 

Kolaborazioak bilatzea pentsatu nuen, Markos gaztetatik izan baitzen pertsona kolaboratibo bat, elkarlanean aritzen zena kuadrillan, gaztetxean... Pentsatu nuen itzultzea bere lagunengana, eta palindromoentzako ilustrazioak eskatzea. 101 palindromo hartu genituen, eta bakoitza kartel bihurtzeko artista bat. Liburuan joko bat proposatzen da, kolektiboki egina. Markos dago, kartel bakoitzaren autorea dago, beste palindromista batzuk, eta beste hitz joko asko, Joanes Leizarragatik Hemingwayraino. Kritiko literario garrantzitsu batek esaten zuen palindromoak direla ezkerretik eskumara eta eskumatik ezkerrera berdin irakurtzen diren testuak, baina ez dutela zentzurik norabide batean ere. Liburu honetan kontrakoa frogatu da. Markosen palindromoak zentzuz kargatuta daude.

Nabarmenduko zenuke baten bat? 

Polita iruditzen zait, adibidez, "Kaosaren erasoak". Beti pentsatzen dugu mundua oso ordenatua dela, eta ordenatua dela gure biologia, soziologia, ekonomia, politika... eta errealitatean bizitza kaotikoa da berez. Kaosaren erasoak etengabeak dira. Markosi gustatzen zitzaion bat hasieran dago, besoan tatuatuta zeukana: "Esanik erruz egi bat, ta bi gezurrekin ase". Saiatzen gara egia bat esaten edo beste, baina gezurrekin konformatzen gara. Horrelako zentzuz betetako palindromoz josita dago liburua.

Liburua egiteko prozesua nolakoa izan da?

Niretzat oso berezia izan da, Markosen bizitza osoan kanpoan egon naizelako, Euskal Herriarekin kontaktu oso gutxirekin. Markosen bizitza oso konplikatua izan da, eta bere biografia ikertzea niretzat izan da ariketa bat, galdu dudan Euskal Herriaren historia zatia berreskuratzeko, eraren batean. Gauza pila bat aurkitu dut ez nuena ezagutzen.

Familiak pozez hartuko zuen Markosi omenaldia egitea.

Bai. Gazte batek bere burua hiltzen duenean erru sentimendua zabaltzen da hurbilekoen artean. Familia eta lagunak nahiko traumatizatuta zeuden Markosen bukaerarekin, eta nire ustez liburu hau izan da pixka bat katartikoa. Alde batetik Markosen obraren parte txiki bat errekuperatzea pozgarria da familiarentzako. Galduarekiko erruaren kontu kitatze moduko bat, pentsatzea Markosen lana osatzen edo ari garela. Iazko urtean liburu irakurriena izan da Ermuko liburutegian.

Palindromo liburua aurkezteko, Ikasbidea ikastolan hitzaldia eskaini du Sarrionandiak. Argazkia: JON HIDALGO

Zergatik izan daiteke interesgarria jendearentzako?

Euskarak historia oso arraroa dauka, diglosia itzelarekin bizi izan gara gaztelania eta frantsesarekin, oso egoera prekarioan dago aspalditik. Euskaldunok oso berandu lortu dugu gramatikalizazioa, araua izatea. Euskara tradizionalki eskolatik kanpo egon da, akademiatik eta espazio publikotik kanpora. Azken hamarkadetan berreskuratu da ofizialtasuna, euskara eskoletan dago, hemen bezala, baina oso lotua dago gramatikari, korrekzioari. Ondo idaztearekin konfunditzen da literatura egitea. Behin araua lortuz gero, nire ustez hizkuntzak eskaini behar du libertadea sormenerako, eta hizkuntzaren sistema izan behar da arauarena baino askozaz zabalagoa. Eta nire ustez Markosek zabaltzen du sormen askerako eta dibertsiorako bidea.

"Markosek besoan 'esanik erruz egi bat, ta bi gezurrekin ase' zeukan tatuatua"

Euskararen instituzionalizazioarekin gertatzen ari omen da gazte askok euskara lotzen dutela autoritatearekin, irakasleekin, euskaraz egitera behartzen dituztenekin. Egun errebeldea izatea dela españolez egitea.

Nik zuen adina nuenean [ikasleei] euskara debekatua zegoen oraindik. Batxilergoan nengoela, Franco hil gabe oraindik, Durangon ezin zen euskaraz egin inon espazio publikoan. Ni behintzat hasi nintzen euskara berreskuratzen, gau eskola klandestinoetara joaten idazten ikasteko, euskara debekatua zegoelako. Hori zen nire motibazioa euskaraz egiteko. Ni kanpoan egon naiz urte askoan, eta bueltatzean ikusi dut esan duzuna, euskarak berreskuratu dituela espazio ofizialak. Ikusten dut euskara dakien jendea erdaraz egiten, eta pentsatzen dut, "logikoa da, zeren ez badizute debekatzen... zertarako?". Debekuak aliziente bat ematen du. Herri txikiak kontraesan horretan gaude beti. Debekatzen badigute txarra da, eta uzten badizute egiten, baina egoera minorizatu batean, orduan ere nekagarria egiten da hizkuntza prekarizatu batean egitea. Kontraesan horiekin bizi behar dugu. Ea Voxekoek hartzen duten gobernua, debekatzen duten, eta orduan denak hasten garen euskaraz egiten.

Asko aldatu omen dira euskara ikasteko arrazoiak, lan kontuengatik ikasten du askok. Euskararekiko lotura emozionala gutxiago da kasu horietan?

Pasatu denari buruz hobeto hitz egin dezaket, gaurko gizartea ez dut ondo konprenitzen. Ni umea nintzeneko gizartean bazegoen mundu bat euskaraz bizi zena, bazegoen kultura euskaldun bat orokorra. Banatuta zegoen, hiria bizi zen erdaraz, eta lehen sektore sozioekonomikoa euskaraz bizi zen, mendia eta itsasoa. Bazegoen kultura homogeneo bat hirian, eta beste kultura bat landa eremuan. Hori frankismoak apurtu zuen, behartu zituen baserritarren seme-alabak erdaraz ikasten. Niretzat oso harrigarria izan da, bueltatu naizenean, landa parte hori desagertu egin dela. Ez bakarrik hizkuntza edo kultura aldetik, ekonomikoki desagertu da. Baserriak orain txaletak dira. Mendiko hizkuntza zen euskara Durangon, baina mendia desagertu da. Bitarte horretan, eskerrak, euskara urbanizatu eta modernizatu egin da. Aldaketa itzela izan da. Euskara modernizatu da, baina munduaren abiada oso handia da. Jendeak ez ditu auzokoak ezagutzen, eta telefono mugikorraren mundua erdaraz bizi da, euskararen presentzia oso txikia da. Egoera soziolinguistiko oso arraroa.

Globalizazio maila honetan, zer leku gelditzen zaio euskal nazioari?

"Hizkuntzak eskaini behar du libertadea sormenerako; araua baino zabalagoa izan behar da"

Ez dakit. Gu gazteak ginenean pentsatzen genuen Francok zeukala erru guztia, eta Franco hilda mirarien herrialdean biziko ginela. Baina Franco hil zen, eta berdin jarraitu zuen denak ia. Borroka pila bat egin behar izan zen apurka-apurka gauzak aldatzen joateko. Gizarte oso ziurgabean gaudela ikusten dut, oso heterogeneoa eta ideia oso ezberdinekin. Hemen jaiotakoak, kanpotik datozenak... jende oso ezberdinak osatzen du gizartea, interes oso ezberdinek. Nire buru zaharrean, duela 60 urte, ikusten nuen irtenbide logiko bat euskaldunek gure subiranotasuna berreskuratzea, eta errepublika euskaldun bat sortzea. Uste nuen horrela gauzatuko zela demokrazia forma bizigarri bat. Orain, ba ez dakit. Nik iritzi hori daukat, baina agian Senegaletik etorri den mutil batek ez dauka ideia hori. Gizarte oso diferentean gaude, eta denon artean asmatu beharko dugu gizartearentzat nahi duguna.

Urte asko eman dituzu erbestean. Nola irudikatzen zenuen Euskal Herria Kubatik, eta zein alde egon de gero itzultzean ikusi duzunarekin? 

Egiten diren interpretazioak normalean ez datoz bat errealitatearekin. Bizi dugun gizartea kontatu daiteke modu oso diferentean. Diskurtso batzuk sinistu eta gero, errealitatea ikusten duzunean oso desberdina da, mila gauza dira oso diferenteak. Sorpresa itzela izan zen, 42 urtean euskal gizartea guztiz aldatu delako. Orain bizi naizen etxea landa bat zen ni joan nintzenean, eta orain hiri bat da. Zentzu guztietan aldatu da, politika, hizkuntza... Janzkera ere aldatu da. Gaztetan kalera irtenda banekien nor zen baserritarra, nor langilea, nor aberatsa. Orain denok dugu estilo amerikanoa.

Zer da zuretzako literatura?

Literatura jende askok pentsatzen du dela ondo idaztea. Nire ustez kontrakoa da. Badaukagu hizkuntzaren araua, estandar bat, eta literatura da estandar horretatik ateratzea. Adierazkortasuna sortzea, oinarria zabaltzeko. Ez da ondo idaztea. Estandarretik apartatzen zarenean esaten dizute ez dela ulertzen, gaizki dagoela. Inkorrekzio bilaketa bat egon behar da literaturan, hizkuntza aldetik. Eta eduki aldetik berdin. Badaude diskurtso ofizial batzuk, telebistan egunero sartzen dizkigutenak, albistegiak, editorialak... antzina elizako sermoiak ziren bezala. Literatura da beste zerbait irudikatzea, beti izan behar du konponente utopiko bat. Errealitatetzat saltzen digute disparate pila bat telebistan. Literaturak lagundu ahal digu, errealitate horren kontra, gauza errealago baten bila.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago