Euskaltzaleak, "harro" egoteko moduan

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 26a

Euskaraldiko koordinazio mahaiak Bilbon egin du lehen balorazioa. Argazkia: EUSKARALDIA

Atzo bukatu zen ariketa sozialaren gaineko lehen balorazioa egin du Euskaraldiko koordinazio mahaiak. 135.000 lagunek eman dute izena aurtengoan. "Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua", laburbildu dute.

2025eko Euskaraldiaren inguruan sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela esan du Euskaraldiko koordinazio mahaiak, atzo bukatutako ariketa sozialaren gaineko lehen balorazioa egitean. Antolatzaileen esanetan, euskaltzaleak "harro" egoteko moduan daude, aurtengo edizioaren bilakaera ikusita.

Iragarri dutenez, gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen emateak jaso dituzte, nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena. Modu berean, azaldu dute jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan. Onartu dute "txapa gutxiago" ikusi dituztela kalean, eta hori "aztertu beharrekoa" dela. "Askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko", azaldu dute.

Bestetik, inoizko herri gehien antolaketa lanetan ibili dira aurten, Euskal Herri osoan 450 herri izan direlarik. "Herri batzordeekin izan ditugun harremanetatik jaso dugu batzorde asko eta asko aurreko edizioetan bezain osasuntsu edo indartsuago aritu direla aurtengoan", ziurtatu dute. Entitateei dagokienez, 7.500dik gora izan direla esan dute. 

"Hamaika egun hauek posible izan dira aurretik beste dozenaka hilabete prestaketa lanetan igaro dituztelako batzorde, entitate eta lantalde askotan", adierazi dute antolatzaileek, ohar batean. Hori dela eta, horiei guztiei eskerrak eman dizkiete, eta beste horrenbeste egin dute "txapa paparrean jantzi eta Euskaraldian parte hartu duzuen belarriprest eta ahobizi" guztiekin.

Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek Bilbon egin dute lehen balorazioa. Bertan izan dira  Irati Iciar Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria, Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea, David Aire Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna eta Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago