Euskararen aldeko ariketa soziala abian da

Juanma Gallego 2025eko maiatzaren 15a

'Belarriprest' eta 'ahobizi' rolez gain, haur eta gaztetxoei ekimenean parte hartzea erraztu diete, 'xaxatzaile' gisa. Argazkia: ALEA

Elkar mugituz egingo dugu! leloak gidatuko du aurtengo Euskaraldia. Oraingoan ekimena 11 egunez burutuko da, hilaren 25era arte, eta, ohiko rolez gain, haur eta gaztetxoentzako xaxatzaile rola prestatu dute, ikastetxeetan eta familietan eragiteko. Hizkuntza ohituretan "jauzi bat" emateko asmoa agertu dute antolatzaileek.

Udaberriarekin batera etorri da laugarren Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era hizkuntza ohituretan "jauzi bat" emateko asmoz. Azaroan beharrean, antolatzaileek egokiago ikusi dute euskararen aldeko ariketa soziala eguraldi epelagoa egin ohi duen urtaroan egitea, bizitza sozial gehiago baitago, eta, gainera, errazagoa baita txapa erdi ezkutatuta ez geratzea arropa pila baten azpian.

Hortaz, ikusgarritasun gehiago izateko baldintza egokiak ziurtatu nahi izan dituzte. Urtez urte finkatzen eta mamitzen doan ekimenak beste behin Euskal Herriko kaleak bustiko ditu: orain arte 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak, antolatzaileek iaz egindako aurkezpenean gogora ekarri zutenez.

Herriz herri egin dituzte hamaikakoen aurkezpenak, baita askotariko eragileen babesa jasotzeko argazkiak ere. Irudian, Gasteizkoa. Argazkia: ALEA

Elkar mugituz egingo dugu! leloa duen edizioak hainbat berritasun eta ekimen nabarmen dakartza. Batetik, luzerari dagokiona: hamabost egun izan beharrean, 11 egunera igaroko da edizio hau. Antolatzaileek diote modu horretan ariketa "eraginkorragoa eta sakonagoa" izan daitekeela. Bestetik, eta Euskaraldiaren muina bere horretan errotuta mantentzen bada ere —16 urtetik gorako pertsonek hartu ahal dituzten ahobizi edo belarriprest rol ezagunak dira Euskaraldiaren abiapuntua eta funtsa—, edizio honekin batera xaxatzailearen figura proposatu dute ere, 16 urtetik beherakoentzat.

Xaxatzaile rolaren bitartez, haur eta gaztetxoak ere "euskararen eragile aktibo" bihurtu nahi dituztela diote antolatzaileek, batez ere familiari eta, oro har, helduei begira. Sustatzaileek nabarmendu dutenez, familia askok euskararekin duten lotura bakarra haur eta gaztetxoen bidezkoa da, eta, beraz, lotune horretan eragitea hizkuntzarentzako abagune izango den esperantza dute. Txikienen parte hartzea errazteko, Ikastolen Elkartearekin batera unitate didaktiko bereziak prestatu dituzte. Horien bitartez, klasean ez ezik, euskararen erabilera ikastetxetik kanpo jorratu ahal izateko tresna eta baliabideak eskaini nahi dituzte.

Unitate didaktikoak

Horietara sarbidea errazteko, unitateak ikastetxeetan zein euskaraldia.eus webgunean eskuragarri daude. Hizkuntzaren erabileraz hausnarketa egiten laguntzeaz gain, 11 unitateak "bizipenak" partekatzeko modukoak izatea nahi dute. Adin tarteak aintzat hartuta, prestatu dituzten materialak hiru multzo eta izendapenetan antolatu dituzte: Altxa! (3-9 urte), Dantza! (9-12 urte) eta Jalgi! (12-16 urte).

Ohi bezala, aurtengoan ere entitateek protagonismo handia izango dute ekimenaren sustapenean, euskararentzako ariguneak ahalbidetuz. Antolakuntzaren aldetik, horiei ere euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eta baliabideak eskura jarri dizkiete. Bestalde, aurreko asteetan kultur ekitaldi sorta zabala egon da Gasteizen zein herri askotan, eta Euskaraldiaren Gune Ibiltaria ere herriz herri ibili da. Arabaren kasuan, furgonetak Legutio, Asparrena eta Guardia bisitatu ditu, baina ekimenaren oihartzunak askotariko bideak hartu ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago