Oraindik ondo ez dakien horrentzat, zer da Euskaraldia?
Euskaraldia ekimen masibo bat da, hizkuntza ohituretan eragiteko. Arrakala handia dago euskararen ezagueraren eta erabileraren artean, izan euskararen ahuldade egoeragatik, eta baita motibazio pertsonalen, emozionalen edo ohituren ondorioz. Ariketaren oinarrian identifikazioa dago, txapa batekin euskaldun bezala identifikatzea, ingurukoak gonbidatzeko nirekin euskaraz egitera. Bi figura ditugu, ahobizi eta belarriprest, baina rolek ez dute hizkuntza gaitasunarekin loturarik. Jasateko prest zauden estresarekin daude lotuta. Ahobizi denak aukeratzen du hamaika egunez estres linguistikoa jasatea. Lehen hitza euskaraz, bigarrena ere bai, euskarari eutsi, jendeari galdetu ea badakien, polikiago hitz egin beharrezkoa bada... Ahobizi rola aukeratzen dugunean pentsatu behar dugu ea hori egiteko ahalmena dugun. Aldiz, belarriprest figura izateak soilik esan nahi du "aizue, hitz egidazue euskaraz".
Zenbat herritarrek hartzen dute parte Gasteizen?
Gasteizen 10.000-13.000 kidek parte hartu izan dute Euskaraldiko aurreko edizioetan. Uste dut aurten ere parte hartze handia izango dela, ikusten da jendeak gogoa daukala. Aurrekoetan baino lehenago ari zaizkigu galdezka nola parte hartu, entitate bezala, zer egin dezaket nire eskolan, kirol taldean... Hainbat auzotako jendea ere mugitzen ari da, egitarau osatua daukagu jada.
"Aldatzeko errazagoak izan daitezke hain sakonak ez diren elkarrizketa horiek"
Herritar soilez aparte, garrantzitsua da elkarte, komertzio, enpresa eta bestelakoen parte hartzea?
Bai. Azken finean, enpresek, merkatariek, tabernariek eta halakoek habitat bat sortzen dute, euskaldunarentzat erakargarria izan daitekeena. Entitate batek erabakitzen badu Euskaraldian parte hartzea, bere kideei esan ahal die izen emateko, eta saiatzeko egun horietan pixka bat aldatzen beren baitako hizkuntza ohiturak. Zenbaitetan, gainera, entitate horiek kanpora begirako proiekzioa daukate, eta parte hartzen ari direla ikusten badute bezeroek, haiei ere gonbita egiten ari dira.
Eta zein da administrazioaren papera Euskaraldian?
Proiektu hau oinarritik daramate eskuz esku erakunde publikoek eta euskalgintzak. Beraz, erakundeek erantzukizun osoa daukate Euskaraldia aurrera eramateko, beren baitan garatzeko. Gasteizko Udalean, adibidez, haiek eskaintza egiten dute, kulturala, kirol arlokoa... Ba beraien erantzukizuna da hori guztia euskarara bideratzea Euskaraldia den garaian, eta gero inertzia horri eustea.
Lortzen da euskalduna ez den jendearengana heltzea Euskaraldiarekin?
Lortzen da, baina hori da Euskaraldiak daukan zailtasun handiena. Belarriprest izateak ulermen maila minimo bat adierazten du, eta zaila da hori ez duen jendearengana heltzea. Agian hori ez da Euskaraldiaren erantzukizuna, guk ohituretan eragin nahi dugu. Beste bide batzuetatik joan beharko dugu euskararenganako hurbilpena bilatzera, hizkuntza aniztasunetik egin daiteke agian. Euskal Herrian hainbat hizkuntza hitz egiten dira, eta uste dut hortik ere heldu gaitezkeela beste jende askorengana.
Zer pisu dute hizkuntza ohiturek egunerokoan? Zaila da aldatzea?
Konplexua da. Denok bizi dugu hau, egunero erabaki beharra nola hitz egin jendearekin. Espazio ireki batean sartzen banaiz eta esaten badut "Hola, buenos dÌas", nire euskaraz egiteko aukerak murrizten ari naiz. "Kaixo, egun on" esaten badut, agian dendariak ez dit erantzungo euskaraz, baina horren parte egingo dut, gonbidatua sentituko da. Batzuetan pauso bat da, lehenengo hitza, besterik ez. Beste batzuetan ahalegin handiagoa da horretan jardutea, noski, are gehiago erantzun onik jasotzen ez baduzu. Gogorra da. Bikotearekin edo kuadrillan ditugun hizkuntza ohiturak, horiek dira zailenak, segur aski. Aldatzeko errazagoak izan daitezke hain sakonak ez diren elkarrizketa horiek. Zenbaitetan ikusten da, espazio batean pertsona berriak sartzen direnean, euskarari eusten badiote, transformazio bat ematen dela, inertziak aldatzen direla. Batzuetan pertsona bakarrak eragin dezake aldaketa, besteak ere martxan jartzea.
Zer gehiago beharko litzateke?
Euskaraldiak bigarren helburu bat ere badu, euskararen aldeko mugimendua indartzea. Euskaraldiaren baitan mugitzen hasten diren batzordeek batzuetan gerora ere jarraitzen dute eguneroko lana egiten. Gasteizen hori oso garrantzitsua da guretzat, sekulako lana egiten ari dira auzoetako euskara taldeak. Tokian tokiko lana egiten dute, bertako errealitatea eta beharrak ezagututa, eta egunerokotasun horretan aldatzen dira ohiturak, hor sortzen da euskararen aldeko atxikimendua.

