Arabako sexu indarkeriaren biktimentzako Tximeletak zentroak 211 emakume artatu ditu jardueraren lehen urtean; astean lau, batez beste. Haietatik 41ek alta hartu dute dagoeneko, eta, beraz, 170 emakume daude gaur egun zentroaren babespean. Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gaur emandako datuak dira, iazko apirilean Gasteizen ireki zen mota horretako lehen baliabidearen jarduera baloratzeko egindako agerraldian.
Azken urte honetan artatu dituzten 211 emakumeetatik 116 berriki gertatutako erasoen biktima ziren, eta 95 iraganean jasandako erasoen biktima. Adin guztietako emakumeak artatu dituzte Tximeleta zentroko profesionalek: 84 emakumek 19 eta 30 urte bitartean dituzte; 16 adingabeak dira, 16 urtetik gorakoak; eta gainerakoak (100 baino gehiago) 31 urtetik gorako emakume helduak.
Hiru kasutatik bitan (%68), sexu erasotzailea biktimaren inguruko pertsona bat izan da, gehienak senideak, baina baita lan ingurunekoak, bizilagunak edo lagunak ere. Guztira, 60 emakume joan ziren beren ekimenez zentrora, eta gainerakoak beste erakunde batzuetatik bideratu zituzten; 20 kontsulta, berriz, biktimaren inguruko pertsonek egin zituzten.
Urtaranek azaldu duenez, ohiko esku hartzeez gain, 62 krisi egoera artatu ditu Tximeletak; 38 kasutan telefonoz eman zaie arreta biktimei, eta beste 24 alditan profesionalak zuzenean joan behar izan dira, emakumeei segurtasuna eta babes emozionala emateko. Halaber, 70 aldiz lagundu diete emakumeei zentro medikora, epaitegira, poliziara edo beste baliabide batera joaten.
Intentsitate handiko baliabidea denez, psikologoen saio kopurua bereziki handia izan da (1.422 esku hartze), eta abokatuek, berriz, 575 esku hartze egin dituzte.
Egunean 24 orduz
Zentro integrala da Tximeleta, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez funtzionatzen duena. Arreta ematen die Araba osoko 16 urtetik gorako emakume biktimei, haien inguruko pertsonei edo horrelako egoera bati aurre egiteko zalantzak dituen edonori. Profesionalen kontsultak ere jasotzen ditu. Emakumeak zentroan ohiko hitzorduen bidez artatzen ditu, baina profesionalak joan daitezke krisi dei edo larrialdiren bat dagoen tokira ere.
"Lehenengo urte honetan, Tximeleta leku seguru eta babesleku bihurtu da. Biktimei entzun eta sinesten zaie eta haien beharrak errespetatzen dira", esan du foru diputatuak.
Sexu indarkeria gehiago ikusaraztea da Tximeletak zentroaren beste eragin positiboetako bat. Izan ere, zentro horiek egoteak laguntzen du "emakumeek jasaten duten beldurrak eta lotsak sortzen duen isiltasuna murrizten, eta gizarteak arazo hori emakumeen eskubideen eta giza eskubideen urraketa larritzat har dezan".
Tximeletak Zentroaren harremanetarako telefonoa 650 80 10 80 da. Argibide gehiago web orri honetan: tximeletak24h.araba.eus/es/