Ateak zabalik ditu sexu indarkeriaren biktimak artatzeko Tximeletak Zentroak

Erredakzioa 2024ko mai. 9a, 16:09

Apiriletik martxan dago Tximeletak Zentroa, Gasteizen. Argazkia: AFA

Arreta jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa jarri izana. Harremanetarako telefonoa, 365 egunetako 24 ordutan, 650 80 10 80 da. 

Sexu indarkeriaren biktimei arreta espezifikoa eta integrala emateko Arabako lehen zentroa apirilaren 19tik dago martxan. Arabako Foru Aldundiak abian jarritako zerbitzua da zentroa, Gasteizen kokatuta dago, eta publikoa eta doakoa da. Sexu indarkeriaren biktima eta egoera horretatik bizirik atera diren emakumeei arreta espezializatua ematen die urteko 365 egunetako 24 ordutan. Eskaintzen dituen zerbitzuen artean dago larrialdien eta krisi egoeren aurrean arreta, laguntza eta telefono bidezko eta aurrez aurreko informazioa.

Baliabide berria sexu indarkeriaren biktima diren 18 urtetik gorako emakumeei eta adingabe emantzipatuei zuzenduta dago, berdin dela indarkeria hori iraganean edo duela gutxi gertatu den.  Ez da beharrezkoa salaketa jarri izana arreta jasotzeko. Zerbitzu hau arduratzen den sexu indarkeriak barnean hartuko ditu sexu erasoa, sexu jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitalean egindako sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin loturiko emakumeen hilketa.

Telefonoa: 650 80 10 80

Diziplinarteko zerbitzu espezializatua dago zentroan lanean; eta krisi egoeretan biktimak, senideak eta inguruko pertsonak artatzeaz gain, errekuperazio psikologikora bideratutako esku hartzeak ere lantzen ditu, epe luzera begira; eta laguntza soziala eta juridikoa eskaintzen die beren eskubideak erreklamatu eta izapidetzeko.

Harremanetarako telefonoa eguneko 24 orduetan 650 80 10 80 da. Egoeraren arabera, ohiko hitzordua, premiazko hitzordua ematen da edo, behar izanez gero, profesionala biktima dagoen tokira joan daiteke. Harremanetan jartzeko beste modu bat da posta elektroniko hau: tximeletak24h@araba.eus. Argibide gehiago nahi izanez gero, jo Arabako Foru Aldundiaren web orrira: tximeletak24h.araba.eus 

"Sinisten zaitugu"

Maika Diez Bermejo Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Esku Hartze Sozialeko zuzendariorde teknikoak dei egin die biktimei, zentroarekin harremanetan jartzeko orduan, zalantzarik izan ez dezaten: "Esan nahi dizugu sinisten zaitugula, entzuten dizugula eta laguntzen dizugula. Horixe da gure premisa".

Ildo horretan, azaldu duenez, krisi edo larrialdietan esku hartzeak "arreta jartzen du errespetuzko harrera eta laguntza psikosozialean eta emozionalean". Hartara, beharrezkoa bada, beste eremu batzuetatik eskatuko da esku hartzea, hala nola poliziaren, osasun zerbitzuen, auzitegiaren edo abokatuen arreta. Horren barruan sartuko da, adibidez, Osakidetzako larrialdi medikuetara biktima laguntzea, edo lehen mailako arretara, salaketa jartzera, eta bere gizarte sareko senideekin edo helduekin elkartzera, betiere biktimaren baimenarekin.

Apirilean ateak zabaldu zituenetik, Tximeletak izena duen zentrora bideratzen hasi dira sexu indarkeriaren biktima izan eta beste foru zerbitzu batzuetan artatzen ari ziren emakumeak. Orain arte, Hegoak Foru Zerbitzuak ematen zien arreta sexu indarkeriaren biktimei, indarkeria matxistaren gainerako kasuekin batera. Hala, iaz sexu askatasunaren aurkako delituen biktima izan ziren 109 emakume heldu artatu zituen, baita zuzeneko biktimak ziren 23 adingabe eta 45 senide ere. Pixkanaka, Hegoak erakundeak artatzen zituen sexu indarkeriaren biktima guztiak sartuko dira Tximeletak Zentroan.

Koordinazioa, ardatz

Modu koordinatuan arituko dira Tximeletak Zentrotik sexu indarkeriaren biktimaren arretan; ondorioz, harrera eta komunikazio protokoloak landu dira Ertzaintzarekin, Osakidetzarekin, Emakunderekin eta beste gizarte zerbitzu batzuekin, eta eremu judizialarekin ere lan egingo da.

Halaber, zentroak sexu indarkeriaren arloko prebentzio eta sentsibilizazio tresna gisa ere erabiliko da, eta prestakuntza espezializatuko eta sentsibilizazioko jarduerak egingo ditu, sexu indarkeriak desagerrarazteko gizarte eraldaketan eragiteko.

Erlaxatzeko giroa

Espazioari dagokionez, Tximeletak ia 400 metro koadroko zentroa da, erdigunean kokatuta dago eta ondo komunikatuta Gasteizen. Harrera gela, erlaxazio gela, haur gela, office jangela, bilera gela eta bulegoak ditu, biktimei arreta emateko. Argiztapen zenitala eta eguzki babesa duten patioak ditu, erlaxatzeko, atseden hartzeko eta baretzeko giroak sortzen dituztenak, eta une jakinetan erabilera anitzeko espazio moduan ere erabili ahal izango dira, hitzaldietarako edo prestakuntzarako.

Abian jartzeko inbertsio ekonomikoa 1,4 milioi euro ingurukoa izan da, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsek ordainduta, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Horri kudeaketa gastuak gehitu behar zaizkio, aldundiko Gizarte Politiken Sailak osorik bere gain hartzen dituenak, datozen bi urteetan milioi bat euro bideratuta.

92 salaketa 2023an

Gaur goizean aurkeztu du Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Tximeleta Zentroa. Gogoratu duenez, Istanbulgo hitzarmena indarrean jartzearen eta, ondoren, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoa onartzearen ondorio da zentro hori sortzea. Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gogorarazi du lege horrek adierazten duela sexu indarkeriak giza eskubideen urraketarik ohikoenetako eta ezkutuenetako bat direla, eta emakumeei berariaz eta neurriz kanpo eragiten dietela.

Tximeletak zentroaren beharra azpimarratu du Urtaranek, "emakumeen aurkako indarkeria kasuak oraindik ere errealitate direlako Araban". Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren datuen arabera, 92 emakumek sexu askatasunaren aurkako delituengatik salaketa aurkeztu zuten 2023an; eta aurtengo lehen hiruhilekoan sexu indarkeriagatiko 19 salaketa erregistratu dira, iazko aldi berean baino lau gehiago.

Arabako zentroa Tximeletak Zentroa deituko da, Las Mariposas izenez ezagutzen diren Mirabal ahizpa dominikarrei omenaldia egiteko. Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko izan ziren eta 1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen poliziak bortizki hil zituen. Urte horretatik aurrera, emakumeen talde eta mugimendu feministak data hori hartu zuen emakumeenganako indarkeria sexistaren aurkako egun bezala. Azkenean, 1999. urteko abenduaren 17an Nazio Batuen Erakundeak Emakumeen kontrako bortizkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago