Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) asteazken honetan argitaratu duen ebazpenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizaziorako zuzendariak erabaki du Laminoriako parke eolikoari aurretiazko administrazio baimena ez ematea. Aixendar sozietatearen proiektua da, eta Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan zortzi aerosorgailu jarri asmo zituen, 40 megawatteko potentzia osoarekin.
Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) du Aixendar konpainiaren %40, eta Iberdrolak gainontzeko %60.
Iragan martxoan, Eusko Jaurlaritzak parke eoliko horren kontrako ingurumen inpaktu txostena ere eman zuen. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak argudiatu zuenez "onargarria ez den inpaktu kritikoa" izango zuen parkeak "arriskupean dauden abifauna eta kiroptero katalogatuen" gainean; halaber, "Natura 2000 Sareko espazioen arteko konektibitate ekologikoa" ere arriskuan jarriko zuela esaten zuen, baita "lehentasunezko intereseko landaretza eta habitat katalogatuak" ere.
Ebazpenaren kontra jotzeko helegitea jar dezake enpresak.