Jaietan ezinbesteko osagaia dira txarangak. Eta txarangak non, han izango da Aintzane Txasko (Zalduondo, 1943), bonbardinoa soinean, Kirrinkako kideekin batera. San Prudentzio jaietan ere hitzordua dute, hilaren 26an, Arabako fanfarre egunarekin. Probintzia plazan elkartu, eta kalejira ere egingo dute erdiguneko kaleetan.
Gogoan duzu fanfarrearekin izan zenuten lehenengo kalejira?
Ui! Gogoratuko ez dut ba! Gasteizko jaietan izan zen. Hiru kanta genituen, eskas samar jotakoak, La Maricarmen horietako bat, eta haiekin etengabe alde batetik bestera, kar-kar. Gure orduko zuzendariak, Txema Bikarregik, lotsa guztiak kentzen zizkigun.
Harekin hasi zineten?
Gasteizko jaietan hasi ginen pentsatzen. Josetxu senarra jubilatzear zegoen, eta handik aurrera zer egin behar zuen galdetzen zuen. Agian trikitixarekin hasi behar zela esan zuen kuadrillan, eta beste batek ere instrumentu bat jo nahi zuela, eta agian animatuko zela beste norbait ere... Zergatik ez dugu ba fanfarre bat egingo?, bota nuen. Hainbat fanfarre zuzentzen zituen Bikarregirekin elkartu ginen orduan, eta ideia bikaina iruditu zitzaion. Abuztuan esan, eta irailean izan genuen lehenengo bilera. Ordutik 32 urte.
Bazenekien bonbardino bat zer zen orduan?
Ideiarik ere ez. Bikarregik berak esan zigun bakoitzak zer instrumentu erosi behar genuen, esperientzia handia zuelako horretan, eta aurrera. Gero ikusi nuen nik ez nuela gainontzekoek jotzen zutena jotzen, kontrakantua baizik, eta pentsatu nuen ezingo nuela egin, ez nintzela gai izango. Baina, tira, hasi nintzen hiru pistoiekin eskalak gora eta eskalak behera... Polita da bonbardinoa, egia esan.
Musika ikasi zenuten?
Ez, eta uste dut hori dela gure hutsunea. Batik bat, teknika falta. Asko pentsatu gabe hasi ginen, eta konturatu gabe bizioak hartzen dituzu... Kontserbatorioan ere galdetu nuen orduan, zerbait ikasteko behintzat, eta ez zegoen bondardinoa jotzen irakatsiko zuenik. Beraz, beste fanfarre bateko gazteekin ikasi nuen: hau modu batera edo bestera, masaila horrela jarri...
Zeuen kontura ikasi zenuten, beraz?
Bai, bai. Zuzendariak partitura bakoitzean notak idatzita zehazten zizkigun, eta guk hori jarraitzen genuen. Baina, noski, ez genuen aurrera egiten, gero horiek gabe partitura bat irakurtzeko gai ez ginelako. Bakoitzak dagokion zatia hartu, eta etengabe errepikatzen ikasi ditugu kantak.
Zenbatero elkartzen zarete orain?
Astean bi entsegu izaten ditugu, bi ordu ingurukoak. Luis Elejalde ikastetxean elkartzen gara, sekulako paraninfoa uzten digute han. Eta gero etxean bakoitzak, noski. Horretarako audio batzuk bidaltzen dizkigu zuzendariak, Eider Garcia de la Torrek, bakoitzaren zatiarekin eta instrumentu guztiekin, eta oso ondo datorkigu tonua hartzeko, ikasteko.
Auzokideak kexatu al zaizkizu?
Albeizeko etxeko ganbaran sartzen naiz, eta han dena da niretzat, ez daukat auzokideak molestatu beharrik, kar-kar. Gogoan dut pandemia garaian ez genuela elkartzeko aukerarik izan txarangako kideok, eta entsegurik ez. San Prudentzioko erretreta berezia izan zen Gasteizko etxeko balkoian; auzokide musikaria eta biok elkarrekin aritu ginen.
Nolako harremana izan duzue musikarekin etxean?
Ez da musikaririk izan etxean. Anaia ere gurekin sartu zen fanfarrean musika gustatzen zaiolako, baina berandu, eta aurretik ez da musikaririk izan. Lagun artean oso kantuzaleak izan gara, hori bai. Afariak beti kantuan amaitzen genituen, eta baita fanfarrearekin ere.
"Batez ere lagun taldea izan da gurea, musikariena baino lehenago, eta horrek eutsi dio taldeari"
Ondorengoak ez al dira animatzen instrumentuekin?
Bilobak aititeren saxofoia eraman zuen, baina ez du jarraitu... Beste istorio batzuk dituzte buruan. Gu oso parrandazaleak ginen, eta horrek eraman gintuen fanfarrera. Taldean sartu aurretik gogoan dut gaupasak egiten genituela blusa eta txarangen atzetik Gasteizko jaietan; sukaldean lan egiten nuen, kuadrillan gaupasa egin, pare bat ordu lo egin, eta berriz lanera.
Batu dira gazteak fanfarrera?
Ez. Gazteek gutxi irauten dute. Joan eta etorri ibiltzen dira, batzuk sartu eta beste batzuk atera, beste gauza bat bilatzen dutelako. Zaharrenak gara benetan hasieratik fanfarreari eusten diogunak. Nire itxaropena izan da gazteak sartu eta lekukoa hartzea, baina momentuz ez dut ikusten...
Zer entzungo da larunbatean Gasteizko kaleetan?
Errepertorio zabala daukagu. Gero horiek nola aterako diren batek daki, kar-kar. Ohiko kanta tradizionalak ez dira faltako, Arabako martxa tartean, Cartagenera edo El sueño moduko zaharragoak eta rock kantu berriagoak ere, horrek ez gaitu beldurtzen... Niri, dena den, Marina gustatzen zait.
San Prudentzio jaiekin batera, beste hainbat herritan ere ibiliko zarete, ezta?
Bai, urtean zehar hainbat hitzordu ditugu. Vital Fundazioaren eskutik zenbait herri bisitatzen ditugu, eta aurten, besteak beste, Frankun izango gara. Gasteizko jaiak eta Zalduondoko Zeledon eguna ere urteroko zita izaten dira, beste hainbaten artean.
32 urtez fanfarrean, oroitzapen ugari izango dira?
Nik oso ondo pasatu dut fanfarrean, egia esan, eta oraindik ere jarraitzen dut, batek daki noiz arte. Gogoan ditut kantatzen amaitzen genuen bazkariak, jatetxe guztia betetzen genuen gure kantuekin. Vianako sagardotegi batean sekulakoak gogoratzen ditut. "Erretiroa hartzen duzunean hauen antzera egin behar duzu", esan zion emakume batek senarrari.
Asko aldatu al da fanfarrea urte hauetan?
Lagun talde batek sortu genuen, eta hori izan da fanfarre honen helburu nagusia, ondo pasatzea, eta, musikaren gainetik, lagun artean egotea eta festa egitea. Orain, berriz, beste norabide bat hartu du; musika dute lehentasuna batzuek, musikan onenak izan nahi dute, eta lagun artea ez da lehentasuna eurentzat.Beharbada profesionaltasuna irabazi du, baina adiskidetasuna galdu du. Faltan botatzen ditut, adibidez, entseguen osteko trago eta berriketaldiak, nahiz eta oraindik ondo pasatzen jarraitzen dudan.