Arabako Foru Aldundiak Arabako gaitasun handiko errepideak kudeatzeko eta finantzatzeko sistema berriaren proposamena aurkeztu du gaur batzar nagusietan. Proposamena aurrera atera dadin, adostasun politiko eta instituzional zabala behar da. "Datozen hilabeteetan lan egingo dugu foru arauaren proiektua prestatzeko, oposizioarekin hitz eginda", esan du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak.
Hasierako proposamenaren arabera, 2027tik aurrera bidesariak ezarriko zaizkie kamioiei N-240 (Barazarrerako errepidea, zehazki, Gamarra eta Urbina arteko tarte bikoiztua) eta A-1 errepideetan. Era berean, AP-68 autobidearen egungo emakida amaitzen denean, hau da, 2026ko azaroaren 11n, aldundiak ibilgailu arinentzako eta astunentzako bidesariak mantentzea aurreikusten du, arinentzako gaur egungoak baino tarifa "nabarmen txikiagoak" ezarriz.
Proposamenak sistema misto bat definitzen du, free-flow teknologia eta kobrantzarako postuak nahasten dituena. Free-flow sistemarekin ibilgailuak portikoetatik edo sentsoreak dituzten beste elementu batzuetatik gelditu gabe igarotzen dira; AP-68aren kasuan, aldiz, hesia duten kobrantza puntuak mantenduko dira. Gainera, ohiko erabiltzaileentzako hobari programa bat planteatzen du. Sistemak aurreikusten du sortutako baliabide guztien helburua izango dela foru errepide sarea kontserbatzea eta modernizatzea.
Urtean 12 milioi euro
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak azaldu duenez, aldundiak, gaur egun, urtean batez beste 12 milioi euro bideratzen ditu errepideak kontserbatu eta mantentzera. Hortaz, proposamenaren helburua da "errepideen foru sarea mantentzeko eta modernizatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak bermatzea". Nogalesen arabera, zergak ezin dira izan errepideak kontserbatu eta modernizatzeko finantziazio iturri bakarra.
Aldundiaren proposamena prestatu duen INECO ingenieriaren ikerketaren arabera, urtean hamasei milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke ahalmen handiko 168 kilometroak bakarrik kontserbatzeko eta mantentzeko. "Errealitate hori jasanezina da", esan du Nogalesek. "Kudeaketa publikoko eredu batera igaroko gara, eta sortutako diru sarrerak finalista izango dira: Arabako errepideen kontserbazioa eta modernizazioa", azaldu du.