Samaniegon lau urtez udan seme-alabekin eta senideekin hartutako irudietan oinarritu du Elena Beltran de Gebara (Gasteiz, 1971) argazkilariak 17:30 argazki liburua (Jardin Remoto Books). Zuri-beltzean ateratako argazkiek haurtzaroan bizi izandako uneetara bidaltzen dutela dio argazkilariak.
Argazki liburua atera berri duzu. Zer sentsazio ematen dizu?
Oso pozik nago emaitzarekin. Ederra da zure argazkiak formatu horretako liburu batean ikustea. Gaur egun, normalean milaka argazki egiten ditugu, eta liburu batean horiek ikusteak nolabait zentzu bat ematen dio zure lanari.
Idatzizko liburu bat egiteko prozesua imajinatu dezaket. Baina nolakoa da prozesua argazki liburu baten kasuan?
Prozesua uste baino konplexuagoa da. Argazki sorta batetik abiatzen zara. Fotogasteiz eskolan hasi nintzen ni, orain Jardin Remoto deitzen dena, Sandra Remon eta Gustavo Bravo irakasleekin. Gure taldean, Marta Momu izan da bildumako lehen liburua atera duena. Eta orain ni izan naiz bigarrena, agian erabakia hartu zen unean nire proiektua aurreratuen zegoelako. Udan ateratako argazkiak dira, lau urtez abuztuko hamabost egunetan ateratakoak. Samaniegon egindakoak dira. Behin argazkiak izanda, Gustavo nirekin bildu zen, eta mahai gainean jarri genituen argazkiak, modu horretan eginez hoberen ikusten direlako. Horrela lehen aukeraketa egin genuen; une horretan pixka bat eztabaidatu behar duzu, babestu behar dituzulako zuk proiektuan sartu nahi dituzun argazkiak.
Kasu horretan, irakasleak irizpide artistikoa edo estetikoa izan dezakeela suposatzen dut, baina berez ez du jakingo zer istorio dagoen irudi bakoitzaren atzean…
Bai, baina argudio horrek ez du balio. Hor Gustavok editore baten lana egiten du, eta prozesu polita da. Kontrako argudioak eman ahal dizkiozu, eta, batzuetan lortzen duzu bera limurtzea, baina beste batzuetan ezinezkoa da. Dena dela, jakin badakit nire lehen argazki liburua dela, eta nik ez ditudala profesional batek izan ditzakeen ezagutzak. Gainera, sentimenduen araberako erabakiak hartzen dituzu, agian une jakin batean argazki bat pertsona batekin egin zenuelako. Behin hori egin dugula, Pascual Arnalen laguntza izan du Gustavok. Nazio mailan prestigio handia duen argazkilaria da Arnal. Haiek egin zuten aukeraketa. Ni ahalegindu nintzen beste bi argazki sartzen, baina ez zen modurik egon hori egiteko. Baina aitortu behar dut eman zidaten azalpena balekoa zela. Behin hori genuela, Valentziako Tapas Duras argitaletxeko neskengana joan da liburua. Eurak dira maketatu dutenak, eta inprentara eraman dutenak. Ni hor ez naiz sartzen, baina argazki liburu bat nola irakurtzen den ikasi dut pixkanaka, tutoretzen eta bestelako bideen bidez. Uretako argazkiak handi jarri dituzte, eta kanpo espaziokoak, berriz, formatu txikiagoan.
Zergatik zuri-beltzean?
Zuri-beltza atenporala da. Argazki horiek duela 50, 30 edo 20 urtekoak izan daitezke, edo gaur egungoak. Zuri-beltzarekin kontraste handia lortzen duzu, eta, gainera, argiarekin edo formekin lan egiteko aukera ematen dizu. Horretarako, koloreak asko despistatzen du. Horrez gain, ni zuri-beltzaren mundutik nator, hogei urterekin hasi nintzelako argazkilaritzan, eta, garai horretan, errebelatu egiten zen.
"Zuri-beltzarekin kontraste handia lortzen duzu; argi edo formekin lan egin dezakezu"
Nola hasi zinen ba?
Gaztea nintzela argazkilaritzarekin hasi nintzen, baina gero utzi egin nuen, eta parentesi handia izan nuen. Nire seme-alabei argazkiak egiteko baino ez nuen kamera erabiltzen. Baina pandemia baino urte bat lehenago zaletasuna berreskuratu nuen. Institutua bukatu ondoren, irudi eta soinu ikasketak egin nahi nituen, eta Madrilen ikasi nuen. Azkenean, hona bueltatu nintzenean, ez nuen alor horretako lanbiderik aurkitu, eta administrazioa ikasi nuen. Independentzia ekonomikoa lortuta, argazkiak egiten jarraitu nuen, baina beste edozeinen moduan, nire kabuz. Hiru hamarkada inguruz kontua utzi nuen, pandemia aurreko urtean alabak argazkilaritza ikasi nahi zuela esan zidan arte. Horrek asko poztu ninduen, eta garaiko Fotogasteiztik pasa nintzen [egungo Jardin Remoto]. Bertan, Sandra Remonek esan zidan helduentzako ikastaroak zirela, eta ez hamabost urteko gazte batentzat; neska aspertuko zela. Bulegotik joan aurretik, buelta eman eta galdetu nion ea helduentzat zer zeukaten. Berehala Gustavo Bravorekin klaseak hasi nituen, baina gero, pandemian, online ikastaroak egin behar izan genituen. Astelehenetan Gustavok argazkilari prestigiotsuren bat elkarrizketatzen du, eta ostegunetan teoria ematen du. Aste bakoitzean erronka bat proposatzen digu, eta hurrengo astean saritxo bat ematen digu. Une batean, harengana jo nuen, aholku eske, eta Gustavok 100 bat argazki eskatu zizkidan; ikusi ondoren, esan zidan horietatik proiektu bat atera ahal zela.
Zergatik aukeratu zenuen Samaniego zure proiektua oinarritzeko?
1978an gurasoek bertan etxe bat egin zuten. Downen sindromea duen ahizpa dugu, eta agian horregatik, leku lasai eta natural batean egoteko aukera nahi zuten —lehen gaitza gehiago ezkutatzen zen, gainera—. Bi txalet biltzen dituen lursaila da, igerilekua eta tenis pista dituena. Hor eman dut haurtzaroa eta gaztaroaren zati handi bat. Alboko txaletekoek lau seme-alaba dituzte, eta guk, hiru. Oso ondo pasatzen genuen. Baina udan bada egunaren une bat, bazkaldu ostean, igerilekura sartu ezin zen ordu horietan, aspertzen zinela. Gero, 17:30ean, une magikoa izaten zen, eztanda baten modukoa. Hortik dator nire proiektuaren izena, 17:30: kulunka, igerilekua, patineteak… Seme-alabekin lau udatan argazkiak egin ostean, konturatu nintzen hori zela nik euren adinekoa nintzenean egiten nuen berdina. Iragana ez da ahazten, eta edozein txinpartak aise gogorarazi ahal dizu. 40 urte eta gero, errepikatzen den zerbait da.
Zer nolako irudiak aurkituko dituzte liburura hurbiltzen direnek?
Funtsean, nahiko nuke haiek haurtzarora eramatea, irudiek ni garai horretara eraman nauten modu berdinean. Ezerk axola ez duen une horietara, dena zoriontasuna den kezkarik gabeko uda horietara. Dena dibertsioa eta pentsamendu negatiborik ez duten une horietako batera, hain justu.
"Gustavo Bravok eta Pascual Arnalek egin dute liburuko argazkien aukeraketa"
Irudi horietan, zein elementu agertzen dira?
Umeak asko agertzen dira. Zenbaitetan, oso modu agerian. Besteetan, gorputzaren zatietan baino ez dira azaltzen. Urazpiko irudiak ere jaso nituen uda horietako batean. Argazkilaritza mota horretan kontrol askorik ez dago, eta ezusteak hartzen dituzu irudiak ordenagailura pasatzen dituzunean. Arazoa da ez dela kamera oso ona, eta kalitatea ez dela handiegia. Amets-iruditan zaudela ematen du, zerbait onirikoa bezala.
Zer ekipo erabili duzu?
Urpeko irudietarako Nikon Coolpix bat erabili dut, baina nire ohiko kamera ispilurik gabeko Panasonic bat da. Objektibo angeluhandi batekin egindako argazkiak dira, normalean lente berdinarekin egiten diren lanak direlako. Horrez gain, ikus-entzunezko bat egin dut. Zer beste proiektu landu dituzu? Sueño Senoi proiektua da horietako bat. Gehiegizko esposizioa duten irudiez osatuta dago. Adibidez, txori baten kasuan, begia baino ez zaio ikusten, edo lumadiaren zati bat. Edo urtegian egoten diren umeen kasuan, lurra ez da ikusten, eta flotatzen ari direla dirudi.
Nola bururatzen zaizu hori?
Akats batetik abiatu zen. Unean uneko irudia azkar hartzeagatik, ez duzu argia neurtzen, eta gaizki ateratzen dira argazkiak. Horrez gain, abiadura motela erabiltzen dut, efektu bat lortzeko. Horrekin ere pozik nago, tartean iazko Arte Vital lehiaketan argazki horietako bat aukeratu zutelako. Almas izan zen nire beste proiektuetako bat: Youtubera igo nuen. Zuri-beltzeko Gasteizko irudiak dira, eta asko jokatu nuen argi eta itzalekin. Ea, asko gustatzen zitzaidan laborategian sartzea errebelatzera; baina, funtsean, orain antzeko zerbait egiten da ordenagailuan. Gustavok Adobe Premiere softwarea irakatsi zigunean, erronka bat jarri zigun: ikus-entzunezko bat egin behar genuen, eta orduan ikus-entzunezkoei ere lotu nintzaien.
"Ezerk axola ez duen uneetara joan naiz argazkiekin, kezkarik gabeko uda horietara"
Arte eta Lanbide Eskolan ere bazabiltza…
Bai, Fotolenta izeneko ikastaro batean nago bertan. Izenak berak dioenez, aurrekora bueltatzea da. Pentsatzea, asko zaintzea zer egin behar duzun. Nolabait, analogikora bueltatzea. Orain erretratuak eta autoerretratuak egiten ari gara, baina duela gutxi argazkilaritza estenopeikoa egin dugu. Denborak oso luzeak dira: ordubete egon zaitezke lore poto bati argazkia egiten, ondo jakin gabe horretatik zer aterako den.