Testigantzak galdu ez daitezen

Juanma Gallego 2025ko api. 10a, 11:51

Asteazkenean egin dute aurkezpena, Gasteizen. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Arabartxibo.eus biltegi digitala sortu du Vital Fundazioak, Arabako herrietako ahozko memoria jaso eta mantentzeko helburuarekin. Labrit ondarea enpresak testigantzak bildu eta grabatu ditu.

Arabako ahozko memoria biltzen duen Arabartxibo izeneko biltegia sortu du Vital Fundazioak, Labrit Ondarea enpresaren laguntzarekin. Hala, azken ehun urteotako oroimenak biltegi digital batera eraman dituzte, eta edozeinen esku dago bertan arakatzea, arabartxibo.eus webgunearen bidez.

Gasteizen asteazkenean egin duten aurkezpenean, Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariarekin batera egon dira Ane Etxarri eta Beatriz Gallego antropologoak. Testigantzetan parte hartu duen Casto Jesus Martinez de Santos Kuartangoko auzokidea ere egon da bertan.

Momentuz, Mendialdeko, Gorbeialdeko eta Añanako testigantzak jasota daude webgunean. Mendialdean 2022an hasi ziren lehen bilketa lanak, eta zortzi elkarrizketa egin dituzte bertan. Gorbeialdean beste zazpi jaso dituzte, eta hamar, Añanan. Orotara, orain arte 60 ordu baino gehiago bildu dituzte bideoan. Momentuz hiru kuadrilla horiek daude ordezkatuta, baina Vital Fundazioak dio etorkizunean kuadrilla guztietara iritsi nahi dutela, Arabako leku guztietako ahozko memoria hobeto kontserbatzeko asmoz.

Elkarrizketa gehienak parte hartzaileen etxeetan grabatu dituzte. Kuartangoko Casto Jesus Martinez de Santos, irudian. Argazkia: LABRIT ONDAREA

Hainbat kuadrillatan ondare immaterialaren inguruan egiten ari diren beste proiektu batekin paraleloan egiten ari diren lana da, Labrit Ondareko kide Etxarrik azaldu duenez. "Elkarrizketak lotzeko kuadrillen presidenteen eta alkateen laguntza izan dugu", adierazi du. Aukeratutako pertsonen profilari dagokionez, adina izan da elementu garrantzitsu bat, logikoa denez. Baina, horrez gain, parte hartzeko gogoarekin batera, memoria ona mantentzen duten lagunak hautatu dituzte. Galdetegi batetik abiatuta, elkarrizketa sakonak egin dituzte —ordubete eta hiru ordu artekoak— herrietako lehengo bizitzaren pasarteak patxadaz landu ahal izateko. Gehienak auzokideen etxeetan egin dituzte, baina udaletxe eta bestelako tokitan ere egin dituzte beste batzuk. Behin elkarrizketak jasota, horien edukiak landu dituzte, eta gaien arabera zatitu dituzte, klipetan. Hala, une honetan gaiaren, kokapenaren eta pertsonaren arabera iragazki daitezkeen 1.825 pasarte jasota daude biltegi digitalean. "Minutu bat eta bost minutu arteko klipak izan ohi dira, eta horien inguruko azterketa bat egin dugu ere, klip eta testuekin artxibo moduko bat eratuz", esan du antropologoak.

Lagin zabala

Iraganeko bizitza berreskuratzeko lanean, noski, askotariko gaiak ateratzen dira, baina Labrit Ondareko antropologoak honetan guztian ordena pixka bat lortzen ahalegindu dira. Horretan datza, hain zuzen, galdetegi egoki bat izatearen garrantzia, baina ezinbestean inprobisaziorako tarte bat ere bada. "Elkarrizketetan, galdera zehatzak botatzea baino, guk gaiak planteatu dizkiegu elkarrizketatuei; baina, parte hartzaileek jarraitzen zuten ildoa segitzen saiatu gara", argitu du Etxarrik. "Antropologoak gara elkarrizketak egiten ditugunak, eta ahalegintzen gara giro intimo bat sortzen".


Mendialdea, Gorbeialdea eta Añana jasota daude, momentuz.

Gaien artean, besteak beste, antropologia sozialean ohikoak diren usadio eta praktikak jasota daude. "Adibidez, etxea eta egunerokotasuneko bizitza jorratzerakoan, galdetu diegu ea ura ote zuten, nola garbitzen zuten, etxeko lanak nola egiten zituzten, edota animaliak ote zeuzkaten". Etxetik aterata, beste arlo garrantzitsu bat bizitza kolektiboari dagokio. "Herria bera, eta herriko auzokideen arteko lan komunak, administrazioak nola funtzionatzen zuen". Ekonomia lokalak ere pisu garrantzitsua zuenez, argitu nahi izan dute landako lana edo bestelako lanbideak nola egiten ziren. Horiei dagokienez, Etxarrik nabarmendu du gehien ikusten zirenez gain, emakumeek egiten zituzten eta hain agerikoak ez ziren lanbideetan ere sakondu nahi izan dutela.

Politikaren alorrean, historialari garaikideek izan duten arazo berari aurre egin behar izan diote: Gerra Zibila jorratzerakoan, gerra bera lehen eskutik bizi izan duen lagunik ez da ia-ia geratzen, eta, gehienetan, ume zirenean gaiaren bueltan etxean entzundakoen, edo Frankismo garaiko errepresioaren gaineko testigantzak bildu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago