Borja Lazkano eta Begoña Martin kazetariekin hitz egin du ALEAk. 2004tik daramate han lanean, hasieratik. Ordezkari sindikal gisa hasi ziren iaz, 2024 hasieran, eta egoera latza deskribatzen dute erredakzioan.
Zergatik zaudete protestan?
Borja Lazkano.: Aspalditik dator kontua. 2012an krisia izan zuen egunkariak, soldatak jaitsi zizkiguten eta lankide batzuk kaleratu. Ordutik soldatak izoztuta izan ditugu, eta ordaindu behar zizkiguten beste diru osagarri batzuk ez ditugu kobratu. Askok 2012an baino gutxiago kobratzen dugu orain. Gure kalkuluen arabera %30-35 inguru jaitsi da gure eros ahalmena. Urte asko egon gara Estatuko prentsa hitzarmenak agindutakoaren azpitik kobratzen, baina enpresak ez ditu igoera horiek aplikatu.
Begoña Martin.: Eta igoera horiek automatikoak izan behar lukete, ez dugu guk egon behar etengabe eskatzen hitzarmena bete dezatela. Legearen aurkakoa da bestela. Kexatu garenean hasi dira igoeraren bat ezartzen, baina gaizki eta berandu. Hitzarmen propioa negoziatu nahi dugu, baina enpresak uko egin dio. Minimoak eskatzen gabiltza, inor ez dago galdutako guztia berreskuratzea eskatzen. Baina dena blokeatuta dago.
Zer neurri hartu dituzue zuek?
"%30-35 inguru jaitsi da gure eros ahalmena 2012tik"
B.M.: Sinadura greba hasi genuen, eta astero protestak egiten ari gara. Ohiko greba egiteak ez du zentzurik, egunkaria berdin berdin aterako dutelako, nahiz eta guk lan ez egin. Errotatiba kanpoan dago, eta beteko lukete egunkaria taldeko beste hedabideen edukiekin, lau erredaktore jefeen lanarekin, edo teletipoak sartuta.
B.L.: Sinadura grebak bi zentzu dauzka. Webgunean albisteak ez sinatzean bisitak galtzen dituzu, bilatzaileek zigortu egiten dituztelako sinatu gabeko artikuluak. Bestetik, guk ez dugu gure izena lotu nahi Diario de Noticias de Alavarekin, nahiz eta profesionalki guri ere egiten digun kalte, lan ona egiten dugulako eta sinatu gabe. Zazpi langilek salaketak ere jarri ditugu, kobratu ez ditugun kopuruak eskatuz, bi urtean 4.000 euro ez ordaintzea, adibidez. Lan ikuskaritzan ere salatu ditugu irregulartasunak. Zatitu eta irabazi estrategia aplikatzen dute, langile batzuei soldata asko igo zieten, zatiketa sortzeko. Bekadunak hasiberriez ere baliatzen dira, beldurra dutelako. Beteranoak gara kito esan dugunak.
Abenduan sinadura greba abiatu zuten Noticiaseko kazetariek. Argazkia: B. MARTIN
Legebiltzarrean egon zarete zuen kasua azaltzen.
B.M.: Bai. Harrituta gelditu ziren talde politikoak, ezin zuten sinistu prekarietatea hainbesterakoa izan zitekeenik. Han laguntza eskatu genien Euskadirako prentsa hitzarmen propioa bultzatzeko, patronalarekin negoziaketetan jartzeko. Batzorde bat zen, han ez da ezer bozkatzen, baina talde guztiek konpromisoa hartu zuten ardura hartuko zutela.
"Irakurleak uste du kazetari baten lana dela, eta Chat GPTk egin du"
B.L.: Estatuko hitzarmena oso baxua da, eta hitzarmen propioa balego Estatukoa hobetuko luke, metalean gertatzen den bezala. Euskadiko bizi kalitate mailatik gertuago egongo den hitzarmena nahi dugu. Publizitatearekin baldintzak jartzea ere eskatu genuen. Laguntza publikoak jasotzen badituzte, zerga hobariak eta abar, ezin da onartu langileak esplotatzen egotea edo ez betetzea lan hitzarmena. Hori exijitu beharko lieke administrazioak.
Adimen artifizialaren erabilera ere salatu duzue, etika falta leporatu enpresari.
B.L.: Etika falta da AA erabiltzea langileek jakin gabe, eta batez ere, irakurleak jakin gabe. Irakurleak uste du kazetari batek egindako zerbait erosten ari dela, eta Chat GPTk egin du. Webgunean horrelako albiste asko daude, oraingoz digitalean bakarrik dagoela uste dugu.
B.M.: Klik gehiago lortuko dituzten albisteak interesatzen zaizkie, clickbaitak. AA erabilita kazetari batek zazpi-zortzi albiste egin ditzake egunean, bestela ez da posible hainbeste idaztea. Eta horiek dira webgunean funtzionatzen dutenak, horiek ematen dituzte bisitak. Denak berdinak dira, "Bazkaldu famatu hau egon zen jatetxean", edo "IKEAk saltzen dizuna berogailua ez erabiltzeko". Tranpa jarrita izenburuan, eta zortzigarren paragrafoa arte ez dizu esaten zer den, albistean sartu zaitezen.
Nola erabili beharko litzateke AA?
B.M.: Tresna bezala, ados, baina ez albistea idazteko, bestela non gelditzen gara gu. AAk lagundu diezazuke testu bat transkribatzen, agian grafikoak egiten edo bestelakoetan. Hor dago tresna, aztertu behar dugu nola erabili, baina ez gaitzala ordezkatu.
B.L.: Are gehiago, 337.000 euro jaso ditu Noticias de Alava hedabideak AA-ren kalteei aurre egiteko, baina gero kazetari batzuek hori bera erabiltzen dute hogei minutuan albiste bat egiteko, informazioa egiaztatu gabe, gainera. Hori ez da bidea.
Zergatik komeni zaio enpresari adimen artifiziala erabiltzea?
B.M.: Klik gehiago, diru gehiago publizitatean. AA-k egindako albiste hauek gureak baino askoz gehiago zabaltzen dira. Eta hainbeste egiten dituztenez, bizpahiru albistek arrakasta asko lortzen dute, klik asko lortzen dituzte, eta bisiten batez bestekoa igo. Guk egindakoek jarraipen normala dute, edo baxua. Digitala ez doakigu ondo, igo beharrean atzera egiten ari gara. Baina adimen artifizialeko albisteekin batez bestekoa eginda egunkariak esaten du "lider digitalak" izan garela, eta horrek ere balio die instituzioen aurrean ondo gelditzeko, eta dirua lortzeko.
B.L.: Datuak manipulatzen dituzte haien interesera. Lider digitala izan zara egun batean agian, baina batez besteko erreala nahiko baxua da, eta hori da kritika. Publizitatean diru publiko gehien jasotzen duen bigarren egunkaria gara, baina agian Gasteiz Hoyk guk baino bisita askoz gehiago dauzka.
Genero arrakala handia salatu duzue.
"Hogei urte dira jadanik, nahikoa da"
B.M.: Bai, harrigarria da. Kargu berdina gizon batek edo emakume batek hartu ezberdintasun itzela dago soldatan, batzuetan 5.000 euroko aldea urtean. Ez da posible. Gainera, jazarpen kasu zailak izan ditugu, eta isildu egin dira. Guri eskatu digute isilik mantentzeko, eta ezikusiarena egin diete haiei. Egunkari barruan salatu ditugu, eskatu zigutelako ez ateratzeko, kito esan dugun arte.
B.L.: Gertaera oso oso larriak egon dira, gure emakume lankide batzuek beldurra zioten lanera joateari. Gerentziari jakinarazi zitzaion gertatzen ari zena, eta ukatu egin zuten. Hala segi zuen batzuek esan arte ez zeudela prest lanera joateko, beldurra ziotelako pertsona horrekin lan egiteari. Ez zuten sinisten. Azkenerako egiaztatu zen, pertsona hori alderatu egin zuten, baina ez zuten kaleratu, lekuz aldatu zuten. Noski, kargu altuko pertsona bat zen, beraz, isiltasuna.
Laneko jazarpena ere izan duzue enpresan?
B.L.: Bai. Zor zitzaiona eskatzen hasi zen pertsona kargudun bat, adibidez, baztertu egin dute, mespretxatu, erabakiguneetatik aldendu. Edo zerbait eskatzera bazoaz, oihukatu egiten dizute erredakzio osoaren aurrean, kaleratzearekin mehatxatu… "Ez gaude gustura zurekin, espabilatzen zara edo bazoaz". Jendea negarrez atera izan da. Botere gehiegikeria lotsagarria. Eta kasu gehienetan egungo gerentea izan da, Roberto Ortiz de Urbina.
Beldurra duzue zuen kontra joango direla salaketa hauek egiteagatik?
B.M.: Honaino helduta, jada ez gaitu kezkatzen. Ausartu daitezela, eta egiten badute hartuko ditugu beharrezko neurriak. Hogei urte dira jadanik, nahikoa da.